Víctor Català (Caterina Albert i Paradís)
1869-1966, L'Escala (Paisos Catalans)
Caterina Albert i Paradís, luma-izenez Víctor Català (L'Escala, 1869 - 1966), idazlea, margolaria eta eskultorea izan zen. Gazte-gaztetik hasi zen idazten, Solitud (1905) eleberriak eman zion behin betiko aitortza, eta modernismoaren ikurtzat hartzen da egun. Halere, gehiago izan ziren argitaratu zituen pieza laburrak, XX. mendearen lehen urteetatik gerraondorainoko 50 urteetan. Orotara zazpi ipuin-liburu argitaratu zituen, bai eta bi nobela, bi poema liburu, antzezlanak eta kutsu biografikoa zuten testu batzuk ere. Errealismoaren eta sinbolismoaren arteko estiloa zerabilen, idazkera zainduaz betiere, eta oso presente daude haren lanetan genero ikuspegia eta izadia. Bere luma-izen osoa Víctor Català i Montseny izan zen, baina bere bilduma pribaturako gorde zituen olio pintura, eskultura eta akuarelak Caterina Albert izenez sinatu zituen.