Hitzetik ortzira
"""Ibilbide oparoa egin du euskal letretan Ana Urkizak (Ondarroa, 1969). Narrazioa, saiakera, elkarrizketa, poesia, haur eta gazte literatura, biografia eta aforismoa jorratu ditu orain arte, trebe eta fin. Oraingo honetan aforismo liburu batekin datorkigu, ""Hitzetik ortzira"". Poetikotasunari uko egin gabe, Urkizak hitz-jokoa, gogoeta, jolasa eta kezka uztartzen ditu liburu honetan, sakon eta zorrotz. Hainbat gai darabiltza batera eta bestera : emetasuna, jakintza, egia, ametsak, bizitza, zalantzak, denbora, arnasa, arriskuak, isiltasuna, galerak, itxaropena, aldaketak, eskarmentua, konfiantza…
Urkizak berak dioen bezala, “pentsatzea ez da hain erraza. Lehenbizi, ideiak desordenatu behar dira”. Desordenatze eta arakatze horren atzetik desikastea dago, jakintzara heltzeko modurik zuzenena. Aforismoak barreiatze ariketa bat dira, pentsamenduaren eta irudimenaren eztanda txiki eta lokalizatu bat. Azken finean, “Zalantzan jartze hutsak gauzak asko argitzen ditu”. Egiaren bila abiatzen dira batzuk, egia harago geratzen dela ohartzeke. Egileak berak gogorarazten digu zenbaitetan, egia izan daitekeela gezurrik errukarriena. “Gal dezakeguna baino ez gara”, dio aforismoetako batek. Galera ariketa horren kronika zehatza eskaintzen digu Urkizak ikuspegi eta erpin askotatik, aurreiritziak astinduz, begietan jarrita ditugun bendak eroraraziz, baina, era berean, zalantza berriak ernatuz, gure kabuz harago joaten saia gaitezen. Estropezuak ere aurrerapausoak baitira.""
Comentarios 0 Comentario(s)