Posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera Jakintzak, trebetasunak eta sentipenak kolektiboki eraikitzen
Ainhoa Ezeiza eta Javier Encina dira koordinatzaileak, eta Ilusionista Sozialen Mintegia (UPV/EHU), UNILCO-espacio nómada eta Ilusionista Sozialen Kolektiboa dira argitaratzaileak, VOLAPÜK argitaletxearen laguntzaz.
Bertan jaso ditugu 22 urtetan zehar Andaluzian, Euskal Herrian, Mexikon... izan ditugun eztabaidak eta esperientziak. Liburua kultura herrikoietatik abiatzen da, bai inspirazio gisa, bai kolektiboki lan egiteko gune gisa; metodologien mugak gaindituz, ilusionismo soziala deitu diogun lan egiteko modua argitzen da, jendearekin eta jendearengandik lan eginez eguneroko espazio eta denboretan.
Horretarako, gure proposamena da botereari aurre egiteko ez dela beste botere modu bat eraiki behar, baizik eta bizitzako zenbait une edo lekutan daukagun boterea erabiltzeari uko egin, beherantz utzi eta beste pertsona, erakunde, enpresa... batzuek har dezaten eragoztea. Hartara, Botereak eta botereek euts gaitzaten oztopatzen dugu eta askatu egiten gara, eraikitze kolektiboaren, elkarren arteko laguntzaren, konfiantzaren eta zaintzen bitartez. Alegia, posible denaren segurtasunetik ezinezkoaren itxaropenera jotzen dugu, simulakroen eta ilusionismo sozialaren keinuen laguntzaz.
Uste dugu interesgarria eta berria dela eduki hau euskaraz izatea, kolektiboki eraikitzeko modu bat erakusteaz gain, gauza berriak elkarrekin egiteko aukerak zabaltzen dituelako. Liburua, halaber, gure pentsatzeak/sentitzeak/egiteak euskaraz esaten trebatzeko tresna bat izan da, mingaina askatzeko.
Comentarios 0 Comentario(s)