Andoni Olariaga: "Aurreko belaunaldiek utzitako ondarea lepoan hartu eta berridaztea tokatzen zaigu"
Andoni Olariagaren Euskal matxinada saiakerak gure herrian gertatu diren egiturazko aldaketa politiko, filosofiko eta kulturalak interpretatzen ditu, baita azken hamarkadan sortu diren erronkak, mugimendu eraldatzaileak eta subjektibazio modu berriak ere. Eta, hasi eta buka, irakurleak galderak jasoko ditu; tartean, hau: Asmatuko ote dugu, historiako une ezegonkor honetan, XXI. mendeko euskal matxinada berria abiarazten? Hurrengo lerrootan, liburuaren aitzinsolasa irakur dezakezu.
Argazkia: Foku.
Euskal Matxinada | Aitzinsolasa
Itziar Aizpuruak euskal udaberria deitu zion 68ko belaunaldiak bizi izan zuen garaiari. Belaunaldi horrentzat eztabaida guztiak egiteko zeuden. «Guk euskal kulturaren agoniaren sentimendua genuen» (Joxe Azurmendi). Herri baten bizitza eta heriotzaren agonia zen sentipen hori, biziraupen borroka hutsa. Izan ere, herria, hizkuntzaren modernizazioa, herri egitura propioak... egiteko zeuden proiektuak ziren. Eta eztabaidak, beste horrenbeste: herria eta hizkuntza, iraultza ala erreforma, intsurrekzio armatua ala borroka instituzionala... Zapaltzailearekin kateak puskatu eta aldi berean herri oso bat eraiki behar zen, zapaltzailearen kateekin maiz.
Garai hartan sortuko zen euskal matxinadak ezkerreko abertzaletasun moderno bat sortu zuela esan daiteke. Horrek astindu politiko, ideologiko eta kulturala eragin zuen, baita abertzaletasuna eta ezkerra batu eta hasierako agoniari aurre egitea lortu ere. Eraldaketarako subjektu plural eta zabal bat eratu zen, ez gatazkarik gabea, jakina, baina zerumuga argi batekin: injustizien kontra eta Euskal Herriaren burujabetza politiko eta kulturalaren alde egitea. 80ko hamarkadatik XXI. mende hasierara, ordea, egiturazko aldaketa politiko, ekonomiko eta kulturalak gertatu ziren mundu mailan. Gure herri txikia, gure jendartea, aldatzen joan zen, eta hasierako euskal matxinadaren ekosistema politiko eta izpiritual hura berregokitzen joan behar izan zen. XXI. mendea iristerako, galdera berriak planteatzen zituen garai batean, erantzun zaharrak pilatuz joan ziren, eta zaharrak berriekin katramilatuta geratu ziren, ezin bereizi.
Euskal matxinadaren sorreratik hamarkadak pasa dira, eta aurreko belaunaldiek utzitako ondarea lepoan hartu eta berridaztea tokatzen zaigu gaur. Horretarako, aurrekoek eraikitako Euskal Herri honetatik abiatzea dagokigu. Hauxe da daukaguna; ez gustatuko litzaigukeena, ez amesten genuena, baizik eta esku artean duguna. Hortik abiatu behar dugu. Eta ez da gutxi: bere garaian ezinezkoa zena posible bilakatu baita gaur. Auzia, lehen bezala orain, bidean asmatzea da. Horretarako, nondik gatozen, non gauden, eta dauden egitura, kultura, indar korrelazio eta anbizioekin nora eta nola aurrera egin eztabaidatu eta asmatzea da gakoa. Gauza batzuk, jakina, ez dira batere aldatu. Gure borroka identitarioa dela, mundu globalizatu batean bizi garela, eta, beraz, ez duela merezi esaten zaigu oraindik. Koblakariak esaten zuenez, zein nekeza den euskaldun izatea... Nekeza eta ederra, dudarik gabe.
Ezin dut aipatu gabe utzi esku artean duzun liburua Iratzarreko kideekin eta beste hainbat lagunekin eztabaidatu, ekarpenak jaso eta liseritu ondoren idatzia dela. Ekarpen asko, laguntza handia, ordainezina. Nire esker ona lagun horiei guztiei.
Bukatzeko, ohar bat. Liburu hau ez da historia liburu bat, baina istorio batzuk kontatzen saiatzen da, matxinadaren taupadak diren hariekin josten; liburua ez da analisi politiko soila, nahiz eta hausnarketa politikoak hizpidera ekarri; eta ez da dibagazio filosofiko hutsa, zertzelada filosofikoak ematen dituen arren. Batzuek faltan izango dute gertaera, gogoeta edo ñabarduraren bat, eta ez zaie arrazoirik faltako; beste batzuei egokiak irudituko zaizkie aukeratutakoak eta bazterrean utzitakoak. Ezin denak kontent utzi. Asmoa ez da, ordea, euskal matxinadaren irakurketa borobil bat halako liburu trinko batean biltzea, ezinezkoa baita. Asmoa bestelakoa izan da: euskal matxinadaren intuizio, ezaugarri, gertaera eta gogoeta nagusiak harilkatzea, eta gaurko eztabaidak eta erronkak modu irekian aurkeztea, irakurleari hausnarketarako atea zabalik utziz.
Irakurleak, batez ere, taupada filosofikoa, galdegilea, topatuko du liburuan. Ofizioa eta afizioa. Beraz, gaizki esandakoak barkatu eta ongi esandakoak kontuan hartu!
Andoni Olariaga, liburuaren egilea
¡Suscríbete a nuestro Newsletter!
Recibe novedades, descuentos, noticias...
Lankidetza zaleak gara Txalapartan. Zorionez, argitaletxearen historian aukera izan dugu helburu konpartituen arabera talde edo elkarte batekin baino gehiagorekin jarduteko, eta hauxe da beste adibide baten emaitza: Iparrorratza bilduma. Iratzar fundazioarekin lankidetzan, gaur egungo eztabaidak jorratuko ditugu liburuxka arinen bitartez, borroka ideologikoa interpretatu eta horretan eragin nahian.
Erlazionatutako edukiak
Iparrorratza bilduma berria: Iratzar eta Txalapartaren arteko elkarlana
14/09/2020
“Gaurko mundua interpretatzeko tresnak eskaini nahi ditugu”
23/09/2020
Floren Aoiz: "Neoliberalismoaren nagusitasuna eta une berean bere kontraesanen leherketa da pandemia honen derrigorrezko kokapena"
29/09/2020
Comentarios 0 Comentario(s)