Laura esaten zioten · Leire Ibarguren
Miren Odriozola 2005. urtean ezagutu nuen, Habea ezker abertzaleko plataformako hautetsia zela. Legez kanpo egon arren, bileraz bilera pasatzen zuen eguna, eta, Udalbiltzaren auzia zela medio, epaiketaren zain zegoen. Fiskalak, hamar urteko kartzela zigorra eskatzen zuen harentzat ETAko kide izatea egotzita.
Dena den, Mirenekin harreman estuagoa 2007. urtetik aurrera izan nuen, Azpeitian feminismoa eta herrigintza lantzeko taldeetan elkarrekin aritu baikinen lanean. Ordurako, 60 urte beteak zituen Mirenek, eta espetxeratua izateko arriskuan zen oraindik.
Taldeko kideok bagenekien Mirenek urteak egin zituela El Salvadorko gerran, FMLNko gerrillariekin batera borrokan, baina ezer gutxi genekien hango bere bizipenei buruz. Tarteka, gerrako konturen bat aipatzen zuen, baina askorik ez, eta gu ere ez ginen gehiago galdetzera ausartzen.
2009an, bilera baterako geratuta geundela, pozarren etorri zitzaigun, FMLNk El Salvadorko hauteskundeak irabazi zituela eta. Ez zuen barrea ahotik kentzen, eta gu ere poztu ginen, noski, baina ez genekien oso ondo zer esan nahi zuen guzti hark harentzat... Eta batez ere harengatik poztu ginen.
Hurrengo batean, berriz, urtebetetze eguna zuela eta, bilera bukatzean, zerbait hartzera gonbidatu gintuen bilera gelaren ondoko kafetegian. Infusio desberdinen bueltan, El Salvadorko gerrari buruz hitz egiten hasi zitzaigun: nola antolatzen ziren mendiko kanpamentuetan, soldaduengandik ihesi pasatutako estutasunak, gerran hildako kideen kontuak, gerra bukatu ostean bere lagunaren fusila maletan ezkutatuta ekarri zuenekoa. Harri eta zur geratu ginen gerrako kontu haiekin guztiekin. Bizia hari batetik zintzilik zuela borrokatu zen urteetan, zuzena zeritzonaren alde, ozeanoaren bestaldeko herrialde guretzat guztiz ezezagun hartan. Internazionalismoaz eta Erdialdeko Amerikako iraultzez zerbait bagenekien arren, ez genuen Miren halako borroketan konprometituta imajinatu. El Salvadortik itzuli ostean ere, Euskal Herriaren aldeko lanetan buru-belarri murgildu zen, eta, geroago jakin genuenez, El Salvadorrera joan aurreko urteetan ere, hamaika kolektibotan aritua zen. Frankismo garaian, gainera, hiru urte pasatu zituen Alcala Meco eta Carabanchelgo espetxeetan preso. Eta guk, gure herrian, gure ondoan bizi zen emakume hari buruz, ez genekien ia ezer ordura arte!
FMLNk gobernua hartu eta urtebete ingurura, Mirenek, ilusioz beteta berriro, El Salvadorrera lanera zihoala esan zigun. Udalbiltza auzia itxi berri zuten, Mirenek 65 urte zituen ordurako, eta bazihoan, harentzat biziki garrantzitsua behar zuen herrialde hartara berriro. Beste behin ere harrituta utzi gintuen. Zerk zeraman adin horretako emakume bat ozeanoren beste aldera berriro halako lanetan murgiltzera?
Guri orduan sortu zitzaigun haren bizitza ezagutzeko eta herritarrei ezagutarazteko gogoa. Bi herrien artean, bi borroken artean, Mirenek ikusitakoak argitara atera eta jendarte justuago baten alde egindako lana aitortu nahi genion. Merezi zuen, eta horretarako momentua zen!
Ederra izan da Mirenen, Bilguneko eta Emagineko kideen, eta, bestelako lagunen babesean idazketa prozesuan aritzea. Eta espero dut irakurlearentzat ere ederra izatea, emakume interesgarri eta konprometitu honen bizitzaren kontakizunean murgiltzea.
Comentarios 0 Comentario(s)