Cesta de la compra

{{ item.full_title }} {{ item.description }}
{{ item.quantity }}
Subtotal
Envío exprés Envío normal Gastos de envío Envío gratis
Te quedan para que el envío sea gratuito Te quedan para que el el coste sea de 2€
Cupón de descuento {{ cart.coupon_name }} - x
{{ cart.coupon_message }}
Te quedan {{ (cart.coupon_discount - (cart.total_without_taxes + cart.total_taxes)).toFixed(2) }}€ para gastar de tu cupón de descuento. Ten en cuenta que el cupón sólo puedes usarlo una vez.
Total a pagar
Envíos en 24h. Envíos en 72h. El pedido te llegará el {{ cart.delivery_date_human }}


{{ cart.delivery_message }}
Carro de la compra vacío Actualmente no tienes nada en la cesta de la compra. Ir a la librería.
  • Home
  • Noticias
  • Estalien gradora | Txalapartak argitaratu behar ez lukeen...

Estalien gradora | Txalapartak argitaratu behar ez lukeen liburu bat

Mikel Soto | editorea. Joxe Austin Arrietaren Estalien Gradora poesia antologiaren hitzaurretik

Liburu hau ez luke Txalapartak argitaratu behar baina liburu hau argitaratu egin behar zen. Beraz, ageriko kontraesanaz gain, damurik gabe ekiten diot editorearen ohar labur honi.

Txalapartak ez du poesiarik argitaratzen eta ez du argitaratzeko asmorik. Oso noizean behin, haien poemarioak helarazten dizkiguten lagunei, nahi badute eta gaitasunik badugu, ematen dizkiegun aholku literarioez gain, haien liburuak poesia argitaratzen duten euskal argitaletxeetara bideratzeko gomendatzen diegu.

Gurea bezalako literatura txikientzat katalogoek aparteko garrantzia daukate; argitaletxeen bildumetan, liburu batzuk besteekin harremanetan jartzen baitira eta “elkarrizketei” ekiten baitiete, panoramika nabarrak sortuz. Beharbada era nahasi xamarrean esan nahi dudanaz jabetzeko, har ditzala irakurleak argitaletxe ezberdinen aroz-arokako katalogoak eta jabetuko da hamarkada bakoitzaren literatura-mosaikoaz.

Gure sistema literarioa den modukoa da eta ulertzen ditut Joxe Austin Arrietaren poesia trinko eta maila batean esperimental hau ez argitaratzeko arrazoiak; arrazoi komertzialak, esan nahi dut. Baina, aldi berean, nire buruari galdetzen diot zer ostia gertatu den euskal literaturan, duela bi hamarkada euskal idazleek bozketa bidez hamar euskal idazle onenen artean kokatzen zuten egilea* egun euskal Parnaso txikitik erauzia izateko. Kontua ez da gaur goizekoa; bere aurreko liburuak, Terra Sigillatak, antzeko arrazoiengatik amaitu zuen -ohore handiz- Txalapartako katalogoan. Beraz, ez dut uste idazle handi baten liburu kaxkar batez ari naizenik, baizik eta lasterketaren buruek, tropelak eta baita erratz-autoek ere atzean utzi duten ustez txakalaldiak jotako idazleaz. Jon Alonsok duela hamarkadatik gora idatzitako artikulu hartan** Jethro Tull-eko Ian Andersonek aspaldi kantatutakoa gogoratzen zigun “zaharregiak rokanrolerako eta gazteegiak hiltzeko”. Horra, Joxe Austin, zaharregia esperimentuetarako, gazteegi hiltzeko.

Abuztuaren 15eko bazkalondoaren idazlea edota Hadrianoren oroitzapenaken itzultzailea, azkenean, “Ostatuko neskatxaren koplak” kantaren letragile soil gisa pasako da historiara (eta, kasu!, ez ote den pasako beste hainbat idazlerekin batera patriarkatuaren agente susmagaitz gisa***).

Zaila suertatzen zait hau idaztea eta, beharbada, horregatik ezin eutsiko diot excusatio non petita bat egiteko tentazioari, editore gisa estrategia negargarria izan arren, aitortzak azaltzen ari naizenari indar pixka bat emango dion itxaropenez. Irakurle gisa, egun dauden guztien artean, niri ere ez zait erakargarrien suertatzen Joxe Austinen proposamen literarioa. Aurreko belaunaldi batzuen kezka espiritual edo metafisikoak urrun geratzen zaizkit, haren intertestualitate sakon eta konplikatuetan galtzen naiz sarri, estilo soilen zaleago naiz ni… eta, esango nuke egungo euskal literaturaren irakurle estandarrari -horrelakorik existitzen bada- antzekoa gertatzen zaiola (Joxe Austinen azken liburuen salmenta datuak nire esku daude, beraz, badakit zeri buruz ari naizen). Alde horretatik, idazleak berak epaituko ditu hartutako bideak eta egindako apostuak eta, segur asko ondorioztatu euskal literaturaren bideak egun beste batzuk direla. Baina euskal literaturako beste aktoreok -editore, kazetari eta kritikari- hausnartu beharko dugu gure hautuez, gure bildumez, gure bide galduez****.

Ez dugu egunero ikusten 70 urtera bidean dagoen idazle bat forma berriei ekiten, intertestualitate berriak bilatzen, literatur erreferentzia berriak eta zaharrak uztartzen, hau da, laburbilduz, jolasten eta esperimentatzen edo euskal pentsalari handi batek, Carlos Iturgaizek, behin esan bezala; “jolasten eta enredando”. Horregatik, uste dut euskara eta literaturarekin entseatzen dauden 20 edo 30 urteko gazteen aukera berberak gutxienez eduki beharko lituzkeela, baina nago, gai batzuen trataera alboratuz, errazagoa litzatekeela Joxe Austinentzat bere neurtitzak, bertso-paperak eta graffitiak argitaratzea gaztea balitz. Erosoagoa dirudi bizitzaren udazkenean dagoen idazlea pitopausiak jota imajinatzeak olgetan dagoen ume gisa baino.

Garai esperimentalago batzuetan hauxe zioskun Joxe Azurmendik: “Poeta jaio egiten dala uste dutenentzat garbi gelditu behar luke: jaio danok egin gera, baina inor ere ez da poeta jaio. Dohain ta abantail suertez, bai, ezin ukatuko da hori. Abantailik handiena, halare, jaioz gerokoa da: enpeinua ta lana. Jakintzan bezalaxe pinturan, eskulturan eta poesian ere, ezer berririk idoro nahi bada saiatu egin behar da, esperimentatu”*****. Hor dago guztiok epaitu beharko genukeen borroka eta esango nuke hori dela Joxe Austinen kezka, liburu honen agonietako bat. Idazleak bere buruari galdetzen dio Volgara heldu ote den, “Hau poesia al da? Ni poeta al naiz?”. Erdi broma, erdi serio maisu deitzen dudan idazlearen ustez ez da «Volgaraino iritsi, baina borrokatu gaituk, ahalik eta zorrotzen, ahalik eta zuhurren...». Ez du helburua lortu, «baina hurbildu bai, hurbildu gaituk». Eta nik, gerrara behartuta doan Edgar eta Niketzen tobaritx gisa, elegrafiatu nahi dut errefortzuak hurbil ikusten ez diren arren, Volgaraino heldu garela, literaturarik ez dela somatzen inguruotan, baina hau poesia dela. Behar du izan.

Waiting for further orders.
 

*Joan Mari Torrealdai, Euskal Kultura gaur, Jakin, Donostia, 1997.

**Jon Alonso, “Tropela”, Argia 1897. alea, 2003.

***Idurre Eskisabel in “Euskal estatua, baina feminista?” Bideoa, 16’ 40”. Hamaika Telebista.

****Ezin ohar labur hau amaitu Jose Anjel Irigarai aipatu gabe; berak hasieratik uste izan baitzuen liburu hau ez zela tiradera batean uztekoa eta orain edo gero, hemen edo han, argitaratu egin behar zela. Joxe Austinek eta biok eskertu egin behar dugu haren adorea eta kemena.

*****Joxe Azurmendi “Esperimentalismoaz poesian”, Jakin, 34. alea, 1969.

 

 

Comentarios 0 Comentario(s)

Descuentos para nuestros lectores y lectoras más fieles
Txalaparta KLUB es un club de lectores y lectoras críticas y comprometidas con la edición independiente. Esta comunidad es el pilar de nuestra editorial, la que nos permite seguir publicando libros y difundiendo ideas. ÚNETE AL KLUB y aprovecha todas sus ventajas.

Artículos relacionados

Miguel Bonasso: 'La novela de Monteagudo' se me convirtió en 'la novela de la independencia de América del Sur'

9/06/2016

Receta | Tzatziki vegano (Grecia) | Cocina vegana del mundo

8/07/2016