DNA askatzailea · Arnaldo Otegik Tasio Erkiziari buruz
Historia liburua edo biografia soila baino, gure herriaren ernatze nazionalean parte hartu duen “asanbleario antolatu” baten lekukotasun pertsonal eta politikoa da hau. Orriotan belaunaldi baten ametsak, galerak, lorpenak, zaputzak, pozak eta minak daude. Lesakatik Bilbora eta frankismoaren ilunetik ziklo politiko berrira doan bidaia honetan, Tasiok begirada hurbila eskaintzen die gure herri proiektuaren eraikuntzaren protagonista izan diren hamaika protagonista eta prozesuri: euskara, ETA, apaiztegia, tortura, Karmelo ikastola, asanbladak, Santi Brouard, Trantsizioa, zinegotzi lana, ASK, Josu Muguruza, Zuberoa, ZEN plana, “Martxa eta borroka”, Ramon Labaien, kartzela, Udalbiltza… Liburuaren hitzaurrean Arnaldo Otegik dioen bezala, "iragana irakasgai, oraina lanabes eta askatasun eta independentziazko etorkizun bat izan dezagun ardatz”.
Kartzelaldiko azken asteetan nengoela jaso nuen Tasio Erkizia lagunaren gonbidapena, idazten ari zen liburuaren hitzaurrea egiteko. Gustura egingo nuela agindu nion, eta, lerrookin, hitzemandakoa betetzera nator.
Suertatu zaidan azken kartzelalditik atera eta Donostian egin nuen lehen ekitaldi politikoan, aukera izan nuen Herri Batasuna sortu zutenei nire omenaldi sentitu eta xumea egiteko. Han gogoratu nituen, besteak beste, Jokin Gorostidi, Jon Idigoras, Periko Solabarria, Izaskun Larreategi, Txomin Ziluaga, Santi Brouard, Josu Muguruza, Gorka Martinez eta beste hainbat burkide.
Haiekiko nire aintzatespen osoaren eta ongi merezitako omenaldiaren arrazoietako bat honela adierazi nuen: bere garaian, arnasa luzeko ekarpena egin zioten gure herriari, urrutiko gogomira zuena, Trantsizioa deitutakoaren inguruan hausnarketa zuzen eta zorrotza egitean, herri proiektu bat altxatzean. Jakina, ez zituzten gauza guztiak ongi egin eta ez zuten den-denean asmatu. Izan ere, mundu honetan ez dago akatsik egiten ez duenik, edo, nahi bada, ongi egindako lana beti dago akatsez ere osatua. Baina, dudarik ez dut, sekulako bultzada eman zioten askapen-prozesuari.
Eskuartean duzun liburu hau ahalegin kolektibo hartan gogo-bihotz aritutako kide baten lekukotasun pertsonal eta politikoa da. Oraindik bukatu gabea den esperientzia bizi eta zehatz bat, hobetu beharrekoa, beti. Garai historiko hartako aukeraz eta ezkerreko abertzaleek hobetsi zuten ahalegin hartaz hainbat errelato plazaratzen ari diren honetan, bihotz-bihotzez eskertzekoa da, lehen pertsona singularrean, lehen lerroan aritu zirenek hitza hartzea. Borrokaren gordinean aritutakoen errelato ondratuak herriratzea, Tasiorena nola.
Liburu honetan belaunaldi oso baten ametsak, ekintzak, eztabaidak, lorpenak eta galerak laburbiltzen direlakoan nago. Azken buruan, lerrootan jasotzen dena herri oso baten ahalegin handi eta eder baten testigantza da. Gure burujabetza berreskuratzeko ahalegin historiko horren ispilu da obra bera, baita egilearen bizitza ere, herriari eta mundu berri baten kausari emana: herri-lana, herri-borroka eta herri-ekimenaren haragitzea.
Horregatik da hain garrantzitsua ibilbide luze honetan egindakoaz hitz egitea, datozen belaunaldiei horren berri ematea. Ondare nazionala dugun hori ongi jaso, fin landu eta modu argi batean eskaintzea. Iragana irakasgai, oraina lanabes eta askatasun eta independentziazko etorkizun bat izan dezagun ardatz. Belaunaldi berriek bere egingo dituzte gero irakaspenok, beren erara, beren kode eta hizkuntza propioekin, sortuz eta sortuz euren aukera. Helburuetan tinko eta printzipioetan sendo mantenduz, seduzituz beti, malgutasunez eta bizipozez jokatuz.
Euskal Herriak aro berri bat ireki du, Ezker Abertzalearen eskutik. Haren funts eta xedeak, hauteskundeen aritmetikatik eta gehiengoetatik harago, zera eskatzen du: gure printzipio eta balioen, gure pentsamenduaren markoen eta ideien hegemonia. Hori guztia gizartean zabaltzeko, euskal herritarren gogo eta jardunean sustraitzeko, beti da ona nostalgiarik gabeko oroimena freskatzea, etengabe gogoratzea. Hartara, liburu honek pista nahikoak ematen dituelakoan nago.
Euskal Herriaren askapen-prozesuak aurrera egin dezan, Herri Batasunaren sortzaileek bere-bereak zituzten printzipio eta balioak oso kontuan hartu behar dira beti, eta beteki. Gure genetika militantean txertatua dugun DNA askatzailea delako, izan garenaren, garenaren eta izango garenaren lekuko bizia. Egungo egoeran, balantzeak aztertzeko eta aurreratu dugun guztiaz ohartzeko ere badiren garaiotan, sortze berekoak ditugun printzipio eta baliook berreskuratzea ezinbestekoa dugulakoan nago. Txinatarrek dioten gisara, bidean galduta zaudelako sentsazioa baduzu, hasierako puntura itzuli behar duzu beti.
Herritik jaioak garen heinean, herriaren zerbitzura gaude beti. Historian zehar, ongi jakin dugu non jaioak ginen, nor garen eta noren zerbitzura gauden. Gure akats eta bertuteekin, sekula ez dugu ahaztu behar zein den gure hartzaile eta berme bakarra, zein izango den gure azken epaile bakarra: Herria. Gure kontzientziarekin batera, iraultzailea izan nahi baitu, herria, soilik herria eta herria beti.
Egunerokotasunean frogatu behar dugu badagoela bizitza alternatibo bat bizitzea, beste eredu bat biziaraztea, bestelako politikagintza bat lantzea. Izan ere, nola aldarrikatuko dugu gizarte aske bat, intoleranteak bagara gure egunerokoan, besteekiko praktika fiskalizatzaileak mantentzen baditugu? Nola hitz egin gizarte zoriontsu batez, egunero triste, ozpinduta edo haserre bagaude? Nola adierazi gizarte orekatuago bat, gure harremanek matxismoa edo lehiakortasuna badute oinarri?
Gure balioek munduko sektore txirotuenekin elkartasunez aritzera bultzatzen gaituzte, herri guztien independentzia-prozesuekin bat egitera, sozialismoa eraikitzeko saioekin, ekologismo erradikalarekin, feminismoarekin, errepresaliatu guztiekin. Gure herriarekin bat eginez dihardugu, musu-truk eta esker onez. Eta, guztiz asetzeko, konforme eta kontent egoteko, aski dugu gure herriaren maitasuna jasotzea, sentitzea.
Beti gaude prest kritika eta autokritika egiteko, errespetuz eta setakeriarik gabe betiere, jakina. Ezberdintasunak aberastu egiten gaituelako, hobeak egiten gaituelako. Gure esperientzia propioaren ekarpen politikoei eta antolaketa mailako ekarpenei begiratuz, itxikeriarik gabe, beti gaudelako irekita eta prestu eskema eta ideia berrietara.
Gure balioetan behinena, funtsezko funtsa duguna, herriarekin apaltasunez jokatzea da. Herria garelako, herriarekin egiten dugulako lan, eta harekin konprometituak gaudelako. Ez dugu abangoardiakeria faltsurik nahi, ez dugu behar herria kontuan hartu gabe herriaren alde ari dela uste duen iraultzakeria ilustraturik. Herria baitugu gure abangoardia eta atzeragoardia bakarra.
Herriarekiko errespetuz arituz, gu bezala pentsatzen ez dutenekin jasanbera, anai-arrebatzat hartu behar ditugu, jator eta sentibera jokatuz. Herrikide izanik seduzitu egin nahi ditugulako. Munduko anai-arreben kontrako injustizia oro gure kontrakoak eginda, kontzientzia unibertsal batez jabetu nahi dugu, internazionalismo berri baten aldeko apustua geure eginez, justizia eta askatasuna jorratu duten ikuspegi globalak gure ikuskeran natural-natural txertatuz.
Borrokatzen den herri bat garenez, zoriontsu gara borrokan, eta hala izan nahi dugu. Alaitasun kutsakor batez, irribarrea ezpainetan loratuz eta sekula idortzen ez utziz. Hain da ederra begi-bistan dugun etorkizuna, hain da bizigarria eskuartean dugun erronka askatzailea! Asko sufritu dugula eta asko sufriaraziko digutela badakigun arren, ez diezaiogun kaskarkeria intelektualari edo tristura kronikoari utz hori zapuzten.
Gure aurretik borroka honetan aritu zirenen ahaleginetik eta eredutik ikaragarri dugu ikasteko. Ez baitago Ezker Abertzalea ulertzerik haien ekarpena aitortu edo ezagutu gabe. Iraganean gurekin gertatu zen bezala, orainean ere ezinbestekoa da belaunaldi berrien formakuntza politikoa lantzea eta haien esperientzien bizkar-zorroak jakintza berriz betetzea. Askapen-prozesuaren obligazioa da hori, bizilegea. Arrazoi sinple bat ere badu: gehiengo sozialak lortzeko, ez dago beste modurik gehiengo horiek konbentzitzea baino. Herri gehiengoa seduzitu, konbentzitu, geureganatu behar bada (eta, irabaztera bagoaz, irabaztera goazenez, behar-beharrezkoa dugu hori), sendotasun egoki batez eta irismen luze batez hornitu behar ditugu nahitaez gure argudioak.
Prestaketa-lan horretarako, makina bat ikasgai aurkituko dituzu liburu honetan: adibide praktiko zenbait, eztabaida ugari, ekarpen politiko mamitsuak, eta bizipen militante eta pertsonal zintzo bezain inspiratzaile bat.
Bref bukatzeko —frantsesek dioten legez—, eskerrak eman nahi dizkiot Tasiori, altxor hau gure eskuetan jartzeagatik eta herriaren ondare egiteagatik. Bide batez, nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiot haren belaunaldiari, egindako lan eskergagatik eta argitu zuten bideagatik. Ez da alferrik izan, ez da alferrik izango. Ahalegin komun askatzailea bukatzeke dugu oraindik. Geuri egokitu zaigu bukatzea. Atzo bezala, gaur eta bihar ere, daukagun onena emango dugu bizi-borroka horretan. Eta lortu, lortuko dugu!
Arnaldo Otegi Mondragon
Comentarios 0 Comentario(s)