‘Bai mundu berria’ liburuaz beharbada ez dakizuna, 12 oharretan
Aldous Huxley-ren Bai mundu berria (1932) idazlan klasikoa XX. mendean argitara emandako eleberri irudimentsuetako bat da. Huxleyren mundu perfektura bidaiatu ez baduzu oraindik, hemen dituzu datu interesgarri batzuk eleberriaren inspirazio iturriez eta sortu zuen legatuaz.
1.- Parodia batekin hasi zen dena
Bere lanik ezagunena idatzi aurretik, Huxley bere idazlan satirikoengatik zen ezaguna. Idazlearen lehen eleberriak, Crome Yellow, Antic Hay eta Those Barren Leaves, 20ko hamarkadako talde abangoardistek baliatu zituzten. Denborarekin Brave New World bihurtu zen proiektuari ekin zionean, Huxleyk Wells-en utopiaren parodia bat zuen gogoan.
2.- Brave new world lanaren zenbait alderdi Huxleyren lehen eleberrian antzeman daitezke
Egilearen lehendabiziko eleberria, Crome Yellow, ez zen inola ere parabola distopiko bat, baina satira horrek aukera eman zion Huxleyri geroago landuko zuen ideia itxuratzeko. Crome Yellow-eko pasarte batean, Scogan jaunak, protagonistak, ingurukoak liluratzen ditu etorkizunari buruzko hizketaldi batekin, Huxleyk Brave New World-erako sortu zuenaren oso antzekoa zen etorkizun bati buruz, zehazki.
3.- San Francisco, inspirazio iturria
Huxley Surreyko merkataritzako hiri txiki batean jaio eta bizi izan zen urtetan, baina Estatu Batuetara 1920ko hamarkadan egin zuen bisita batek asko eragin zion. San Frantziskoko gazteen kulturak arrasto berezia utzi zion. Bertan ikusitakoek, kontsumismo eta promiskuitate izurriteek, sumindu egin zuten, eta inspirazio iturri bihurtu ziren Brave New World-eko gai nagusietarako. Kaliforniako bizimodua gaitzesten zuen arren, Hollywood-era aldatu zen bizitzera 1937an.
4.- Huxleyk azkar idatzi zuen liburua
Gerora Brave New World-en jaso zituen eragin guztiekin hartu-emanak izan ondoren, Huxleyk bere historia idazteari ekin zion 1931n. Eleberria lau hilabetetan bukatu zuen.
5.- Orwell-ek plagioa leporatu zion Huxleyri…
George Orwellek, Abereen etxaldea eta 1984 lanen egilea izateagatik ezagunak, eztabaida hasi zuen Tribune bere aldizkarian, Yevgeny Zamyatin idazle errusiarraren We eleberria, 1923koa, hizpide hartuta. Orwellek albiste bat idatzi zuen 1946an, esanez Aldous Huxleyren Brave new world lana, neurri batean, We eleberritik zetorrela. Bi liburuen gaia giza espiritu primitiboaren errebolta da, mundu arrazionalizatu, mekanizatu eta oinazerik gabeko baten kontrakoa, eta bi historiek, itxuraz, seiehun urte geroago gertatu behar zuten. Huxleyk esan zuenez, Brave New World idazten amaitu eta askoz geroago izan zuen We-ren berri.
6.- … Kurt Vonnegut-ek ere hala egin zuen, baina adiskidetasunez
Vonnegutek onartu zuen Brave New World eleberriaren ideia orokorra bereganatu izana, eta, horrekin, 1952an idatzi zuen Player Piano lehendabiziko eleberriaren originaltasunaren kontra ere egin zuen. Nolanahi ere, bere buruaren kontrako zigorren kolpea leuntzen ahalegindu zen, esanez Huxleyk gauza bera egin zuela Zamyatinen We lanarekin. Vonnegutek Playboyn esan zuenez 1973an, Brave New World-en trama hartu nuen, gehiegi arduratu gabe, hura ere Yevgeny Zamyatinen Gu lanetik hartua baitzen".
7.- Jatorrian eta gaur egun ere, zentsura
Brave New World liburuaren harrera nagusiki negatiboa izan zen hasiera batean. 1932an, adibidez, Irlandako liburutegi publiko guztiek liburuaren aleak erretiratu zituzten, edukia adingabeentzat desegokia zela argudiaturik. EEBBetako hainbat estatuk ikasketa-planetatik eta, duela gutxi, liburutegietatik ere kendu zuten liburua, “hizkera iraingarria, sentsibilitate eza, arrazakeria eta eduki sexual esplizitua” erabiltzeagatik. Australian eta Indian ere zentsuratuta dago Huxleyren obra hau. 2010ean ere, EEBBetako liburutegiek beraien bezeroen eskaerekin osatzen duten zerrendan ageri zen Bai mundu berria, zentsuratu beharreko liburuen artean hirugarren postuan.
8.- Estatu Batuetako eskolan ere zentsuratuta dago
1963n, Maryland-eko eskola publikoko maisu bat, Ray Elbert Parker, lanpostutik kaleratu zuten, bere esanetan Brave New World gelako irakurgaien artean sartzeagatik. Lanetik bat-batean horrela bidaltzeak bere eskubideak, Estatu Batuetako Konstituzioaren Lehen Zuzenketak bermatuak, urratzen zituelakoan, Parkerrek barrutiko epaitegira eraman zuen auzia. Baina alferrik: auzitegiek Hezkuntzako Juntaren aldeko epaia eman zuten azkenean.
9.- Lenina vs Disney
Huxleyren eleberrian, emakumezko pertsonaia nagusiak Lenina Crowne du izena, Vladimir Lenini eta John Crowne dramaturgo erromantikoari erreferentzia eginez. Telebistarako liburuaz egin zen lehen egokitzapena NBCn jarri zuten ikusgai 1980an, eta bertan Lenina abizena "Disney" bihurtu zen.
10.- Esku-eskura dagoen titulua
Titulu erraz baten bila zabiltza telebistako saio baterako? Huxleyk berea uzten dizu. Brave New World arrakasta handiko telebista saioetako hainbat ataletan erabili da: SeaQuest 2032, Boy Meets World, One Tree Hill, Anatomía de Grey, Heroes, The Vampire Diaries eta Fringe.
11.- Kartzelan euskaratuta, eztabaidaren erdian
1971n euskaratu zuen Xabier Amurizak liburua, Zamorako apaiz-kartzelan preso zegoela. Orduko Euskal Herriko giro intelektual eta kulturalaren baitan izandako eztabaidetan kokatu behar dugu itzulpen-lan hau, euskararen batasunaren ingurukoan, zehazkiago.
12.- Euskarazko izenburuan, Iparragirre
Liburu honen jatorrizko titulua Brave New World da, eta Shakespeare-ren bertso hauetatik aterata dago:
O wonder! / How many goodly creatures are there here! / How beauteous mankind is! O brave new world, / That has such people in't! (Ekaitza, V, 1).
Gaztelaniazko itzulpena, ordea, Un mundo feliz izenburupean eman zen argitara, hau da, jatorrizko izenarekin zerikusirik batere ez duen batekin. Frantsesez, berriz, Le meilleur des mondes izan zen izenburua. Euskaraz, ingelesetik hitzez hitz itzuliz gero, Mundu berri eta bikaina edo Mundu berri eta bizkorra litzateke, baina egilearen asmorako egokiagoa zela iritzirik eta hari jarraikiz, Bai mundu berria jarri zion Xabier Amurizak, Iparragirreren kanta ezagunaren esaldia nobelako pertsonaia nagusiarekin bat datorrelakoan, ezin hobeki etorri ere.
¡Suscríbete a nuestro Newsletter!
Recibe novedades, descuentos, noticias...
Distopien gaurkotasuna
Bai mundu berria da Aldous Huxleyren nobela irakurriena, eta nabaria da nolako eragina izan duen bai zientzia fikzioan bai eleberri filosofikoetan. Distopia ezagun eta estimatuenetakoa da beste hauekin batera: 1984 eta Fahrenheit 451 (biak ala biak Txalapartak argitara eman dituenak euskaraz).
Comentarios 0 Comentario(s)