Barbaroen matxinada | Ibai Atutxa Ordeñana
Barbaroak eta zibilizatuak idazten bukatu eta jarraian Barbaro iraun irakurri zuen Ibai Atutxak. «Irakurri ahala ispiluan begiratzen zioten elkarri euskaldunen barbarizazio inperialek eta komunitate beltz eta arabeen basatze kolonialek. Indarkerien justifikazioek alfabetoa elkarbanatzen zuten. Iruditegiak antzeko trazuz zirriborratuta zeuden». Barbarotasunaz mintzo zaigu galdakaoarra iritzi artikulu honetan. Ezin aproposago dator, hango eta hemengo prentsa palestinarrak ere barbarotzat hartzen ari den egunetan.
Barbaro iraun. Erresistitu domestikazio zibilizatzaileari. Egin aurre indarkeria inperialei. Barbaro iraun, bai, baina ez edozein barbaro. Proposamen hori dakar Luisa Yousfiren liburuak manifestu baten indarrez, panfleto baten amorruz eta tratatu baten erudizioz. La fabrique-k argitaratu zuen lehenbizikoz 2022an, Londresera bidean indar polizial britainiarrek editorea atxilotu zioten argitaletxeak, eta Txalapartak dakar garaiz euskarara.
Barbaro kategoria galdekatzen du Yousfik. Izan ere, nola iraun barbaro, barbaro bada proiektu zibilizatzaile inperialak, orokorrean mendebaldarrak eta liburuan bereziki frantsesak, ezarritako tranpa. Hau da, barbarok funtzionatzen du errepublikako komunitate beltz eta arabea munstro biolento gisa tratatzeko eta aldi berean biktimizatzeko. Barbarok balio du, baita ere, historia kolonial inperialaren baitan jaiotako populazioa garapenik gabeko gizaki gisa irudikatzeko, bukatu gabeko gizatasuna balute bezala. Basatze horrek dakarren barbaroa ez da Frantzia inperialaren programa integrazionistaren parte besterik. Guk ere ondo dakigu: zibilizatuek behar dituzte barbaroak, eta ez alderantziz.
Barbaro iraun, beraz, baina ez edozein barbaro. Iraun, barbarie jakin bat duen barbaro gisa. Bilatu, norbera erre gabe, haserrearen sua pizturik mantentzen duen barbarismo intimoa. Garatu domestikazioaren aurka arrakastatsua den kontzientzia barbaroa. Berreskuratu mendetan zehar kolonizazioak pozoitua biziraun duen arima bar-baroa. Praktikatu, beraz, des-basatze antiinperia-lista. Horixe da estrategikoki basatzea.
Barbaro estrategiko gisa irauteko bide-orria irudikatzen du liburuak. Bidelagun, gudaroste txiki bat osatzen du Booba, James Baldwin, Kateb Yacine, Toni Morrison, PNL, Zaidi El Batni, Chester Himes, Ralph Ellison, Stella Magliani-Belkacem, Félix Boggio Éwanjé-Épée eta Houria Bouteldja bezalakoekin. Erarik argigarrienean rap musikaz baliatzen da erresistentziarako pentsamendua ak-tibatzeko. Raparen heterogeneotasun aberrantea eta disonantzia estetikoa barneraezinak zaizkio zibilizatuari. Eta zibilizatua kanporatzen duen eremu horretan bai, iraun daiteke barbaro. Erresistitu daiteke barbaro.
Barbaroak eta zibilizatuak idazten bukatu eta jarraian hartu nuen Barbaro iraun beharraz. Irakurri ahala ispiluan begiratzen zioten elkarri euskaldunen barbarizazio inperialek eta komunitate beltz eta arabeen basatze kolonialek. Indarkerien justifikazioek alfabetoa elkarbanatzen zuten. Iruditegiak antzeko trazuz zirriborratuta zeuden.
Ezberdinak dira zapalkuntzen historiak, baina beharrizanak ez hainbeste. Proiektu zibilizatzaileak baldintzatu gabeko “gu” emantzipatzaile bat artikulatu behar dugu urgentziaz barbarook. Premia horri erantzuten zion euskaldun inzibilizatuaren ideiak eta antzekoa bilatzen du barbaro estrategikoak: izan beharko genuena bilakatzea. Egingo ahal dugu, elkarrekin, barbaroen matxinada.
Ibai Atutxa Ordeñana
Barbaro iraun
Ainhoa Nadia Douhaibi Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà Louisa Yousfi
Editorial Txalaparta
Erlazionatutako edukiak
Barbarotasuna hizpide
3/10/2023
Barbaroen mistika | Ibai Atutxa
16/11/2022
Dignidad o muerte: Fanon reloaded
5/05/2021
Comentarios 0 Comentario(s)