Distopia handien hirukia ixten: Aldous Huxleyren 'Bai mundu berria', euskaraz
Brave New World Aldous Huxley idazle handiaren lehen nobela distopikoa da. XXVI. mendeko Londresen kokatuta, deskribatzen duen munduan gizakiak ez du kezkarik: teknologikoki garatutako gizartea da, hedonista, kontsumitzailea, drogen eta sexu-plazerekin itsututa; gerra eta pobreziarik gabe, denak dira zoriontsu. Hori guztia lortze aldera, hala ere, giza balio esentzialenei uko egin behar izan diete. Hala, aniztasun kulturala, artea, literatura, zientzia, erlijioa edota filosofia desagertu dira. 1932an idatzi zuen Huxleyk eta 1971an euskaratu zuen Xabier Amurizak Bai mundu berria izenburupean. Elkar argitaletxearen eta Amurizaren beraren eskuzabaltasunari esker, Fernando Reyren esku trebeak orraztutako bertsio horren moldaketa eta gaurkotzea aurkezten dizuegu berriz ere ia mende erdia eta gero. Orwellen 1984 eta Bradburyren Fahrenheit 451 lanek faltan zuten hirugarren erpin distopikoa gurean da jada.
1932an imajinatu zuen Huxleyk mundu berri hau, utopia moderno bat, non gosea, beharra eta zoritxarra betirako desagertzen diren. Dena dago ezin hobeki antolaturik, prestaturik, bakoitzak bere lekua hartzen du gizartean eta pozik bizi da. Hala ere, mundu bikain horretan gizakia ez da benetako gizaki: zoriona derrigorrezkoa baldin bada non da aukera, predestinazioak non uzten du askatasuna, grinarik gabe posible ote da artea? Gizarte futurista horrek, guztiz urrun eta irudimenezkoa izanik ere, askotan geurearen hainbat alderdi dakarzkigu gogora, Huxleyk sekulako zorroztasuna izan zuelako bai zientziaren bai politikaren norabideei antzemateko. Oso eleberri gutxi idatzi dira Bai mundu berria bezain lazgarriak, izugarriak, erabat asmatua izan arren halako egiaren irudipena sortu eta irakurleari zer pentsatua ematen diotenak.
XX. mendea gizakiaren bi bertsio arras ezberdinen arteko talka bezala ulertu daiteke: Orwellen 1984ko totalitarismo zapaltzailea, eta Bai mundu berriaren paradisu hedonista itxurazkoa, non guztia kontsumitu daitekeen eta gizakiak zoriontsu izateko diseinatuta dauden (Margaret Atwood)
¡Suscríbete a nuestro Newsletter!
Recibe novedades, descuentos, noticias...
Egilea: Aldous Leonard Huxley
(Ingalaterra, 1894 - California, EEBB, 1964), ingeles eleberrigile, kritiko eta pentsalaria, XX. mendearen hasieran publikatu zituen bere lehen eleberriak, garaiko gizartea eta literatura satirikoki eta ironikoki zuritzeko baliatu zituenak. Ospea, ordea, jada Californian zela argitara eman zuen Bai mundu berria nobelak eman zion, 1932an. Ordutik, distopiaren eredutzat hartuko den lana izanik, hamarnaka hizkuntzatara itzuli da. Etorkizunarekiko kezka, zeintziaren eta teknologiaren erabilpena, psikologiaren hainbat alderdi, drogen erabilera, politika, filosofia, morala… dira bere hamaika fikzio-lanetan jorratu dituen gai nagusiak.
Itzultzailea: Xabier Amuriza Zarraonandia
(Etxano, Bizkaia. 1941) Gogor apaiz taldean aritu zen lanean eta frankismopean bi aldiz egon zen preso eta beste behin Franco hil eta gero. 1976an sekularizatu zen. HB alderdia ordezkatuz hainbat kargu izan ditu, bere lanik ezagunena bertsolaritzan egin duena baldin bada ere. Birritan gailendu izan da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaboratzaile izan da. Euskaraz zein gazteleraz, hainbat liburu eta diska argitaratu ditu, La explosión de la conciencia (Txalaparta) edo Neska bat leku inposiblean (Elkar), horien artean.
Distopien gaurkotasuna
Bai mundu berria da Aldous Huxleyren nobela irakurriena, eta nabaria da nolako eragina izan duen bai zientzia fikzioan bai eleberri filosofikoetan. Distopia ezagun eta estimatuenetakoa da beste hauekin batera: 1984 eta Fahrenheit 451 (biak ala biak Txalapartak argitara eman dituenak euskaraz).
Kartzelaren barruan, eztabaidaren erdian
1971an euskaratu zuen Xabier Amurizak liburua Zamorako apaiz-kartzelan preso zen bitartean. Orduko Euskal Herriko giro intelektual eta kulturalaren baitan emandako eztabaidetan kokatu behar dugu itzulpena, euskararen batasunaren ingurukoan zehazkiago. Honelaxe diosku Amurizak, testuingurua hark guk baino hobe deskribatzen digularik:
Euskaraz zer da ikasi behar dudana eta zer ahaztu behar dudana? Euskal literaturan Txomin Agirre, Orixe, Lizardi eta abar ditugula eta euskara ‘plazara jalkitzeko’ moduan dagoela uste dutenek har bezate Huxley edo honelako beste zenbait idazle eta gero eginen dugu hitz. Norbaitek esan dezake lehenago ere egin direla itzulpenak. Hala da, bai. Neuk ere aisa egin nezakeen Huxley-ren itzulpena neure buruarentzat, edo linguistentzat edo agian ‘euskaltzaleentzat’. Baina nik herriarentzat idatzi nahi dut eta hementxe dago kakoa, alegia, nahi eta ere ezin dudala herriarentzat idatzi neurri handi batean behintzat.
Zamorako apaiz-kartzela
Xabier Amuriza Zarraonandia Félix Placer Ugarte Edorta Jimenez Ormaetxea Pablo Muñoz Peña Josu Naberan Angel Zelaieta Gisasola Julen Kaltzada Ugalde Miel Anjel Elustondo Etxeberria
Editorial Txalaparta
Izenburuan, Iparragirre
Liburu honen jatorrizko titulua Brave New World izan da, Shakespeare-ren bertso hauetatik aterata:
O wonder! / How many goodly creatures are there here! / How beauteous mankind is! O brave new world, / That has such people in't! (Ekaitza, V, 1).
Gaztelaniazko itzulpena, ordea, Un mundo feliz izenburupean argitara eman zen, hau da, jatorrizko izenaz bat ere ikustekorik ez duena. Frantsesezkoak, bestalde, Le meilleur des mondes. Euskaraz, ingelesez zuzen-zuzenik itzuliz gero, Mundu berri eta bikain edota Mundu berri eta bizkor litzateke, baina egilearen asmoari hobeki iritzirik eta hari jarraikiz, Bai mundu berria jarri zion Xabier Amurizak, Iparragirreren kanta ezagunaren esaldi hau novelaren pertsonaia nagusiarekin ezin hobeki doalakoan.
Jatorrian eta gaur egun ere, zentsura
Brave New World liburuaren harrera nagusiki negatiboa izan zen hasiera batean 1932an, Irlandako liburutegi publiko guztiek, adibidez, aleak erretiratu zituzten, bere edukia adingabekoentzat egokia ez zela argudiaturik. EEBBtako hainbat estatuk ikasketa-planetatik eta, duela gutxi, liburutegietatik ere kendu zuten liburua, “hizkuntza iraingarria, sentsibilitate eza, arrazakeria eta eduki sexual esplizitua”ren erabileragatik. Australian eta Indian ere zentsuratutako obra da Huxleyren hau. 2010ean, oraindik, EEBBtako liburutegiek haien bezeroen eskaerekin osatzen duten zerrendan, zentsuratu beharreko liburuen artean hirugarren postuan zegoen Bai mundu berria.
Comentarios 0 Comentario(s)