Elkano, historiaren ispiluan
Gaztela hegoaldetik 1519an atera eta 1522an abiapuntura itzuli zen europarrentzat ordura arteko bidaia handiena izandakoa. Bost itsasontzi eta 265 lagun abiatu ziren, eta, hiru urteren buruan, itsasontzi bakarra itzuli zen, espeziaz beteta, bizirik iraun zuten 18 marinelekin, Joan Sebastian Elkano kapitainaren aginduetara.
Bidaia haren bosgarren mendeurrenarekin bat eginez, Elkano ezagutarazteko hamaika ekimen iragarri eta sustatu dituzte erakundeek. Batzuentzat, Gaztelako armadak inoiz egindako balentria handiena izan zen Elkanorena; beste batzuentzat, euskal itsas kulturaren, teknologiaren eta merkataritzaren ikur izan zen Elkano. Batzuek zein besteek, beraz, heroi gisara aurkezten dute.
Historiak, ordea, bere bidea egiten du boterearekiko eta interes politikoekiko loturetatik aparte, eta gero eta gehiago dira Elkanoren aurpegi eta itzal guztiak ezagutu nahi dituztenak, historiarekiko hausnarketa kritikoa bultzatzeko. Izan ere, Gaztelaren izenean egin zituenak gogoratzeak gaur egungo munduaren eta botere-harremanen gakoak ulertzen laguntzen du. Ahalegin horren emaitza da Gari Berasaluzek idatzitako biografia hau. Epika interesatutik aldenduta eta Elkanoren inguruko iturri historiko nagusietatik edanda, Elkanoren bizitzan eta historian barrena egindako bidaia da liburua. Munduari itzulia emateko ahaleginean, isilpeko sekretu bat ere bazuten kapitainek, eta horren berri ere izanen du irakurleak orrialdeetan barrena.
Bidaia handi haren bosgarren mendeurrenean, Elkano ezagutzeko ezinbesteko liburua da.
Txalaparta argitaletxeak haur eta gazteei zuzendutako Axuri Beltza bilduman argitaratu du liburua, Berasaluzeren testu dotoreari Dani Fanoren ilustrazioak gehituz. Emaitza: egun berean hasi eta buka daitekeen biografia gustagarria. Kapitulu laburretan barrena duela bostehun urteko menturazale handienetako baten bizitza ulertzeko gakoak eskainiko zaizkigu, tartean, munduari bira eman zion lehen pertsona nola bihurtu zen. Bidaia literaturaren ozeanoetan ere egin du Berasaluzek, testuari bigarren irakurketa egiten ahal zaiolako han-hemenka utzi dituen keinuei jarraituz.
ARGIA
¡Suscríbete a nuestro Newsletter!
Recibe novedades, descuentos, noticias...
Comentarios 0 Comentario(s)