Emakumeek ere eiakulatzen dute
Egilea: Danele Sarriugarte (ARGIA astekaria)
Martxoan argitaratu zuen Diana J. Torres (Madril, 1981) ekintzaile eta artista feministak Coño Potens liburua, Txalaparta etxearen eskutik: aluen ahalmenari, prostatari eta isuriei buruzko lana. Urte askotako jardunaren fruitu, emakumeok geure gorputzez luzaroan ikasitako gezurrak deseraikitzeko saiakera da, geure buruak bestela programatzekoa, jakintza taldean partekatu eta eiakulazioaren maila politikoa deskubritzekoa.
Urtemugako opari bati esker jarri zen guztia martxan: izan ere, hori baino lehen, Diana J. Torresek pentsatzen baitzuen txiza zela larrua jotzen zuenetan hankartetik turrustan ateratzen zitzaiona. Izara ilunen sorta bat izan zuen mugarri. Hala ohartu zen likido hark beste zerbait behar zuela izan, marka zurixka laga zuelako oihalean eta usain oso apala zeriolako, gernuarena ez bezalakoa. Ezustekotik abiatuta eta jakin-minari tiraka, emakumeen sexualitatearen bueltako beste misterio bat deskorapilatzeko ikerketa-bide luzeari ekin zion madrildarrak. Orduz geroztik hamar urte joan dira, eta denbora luze horretan hala bere kasa nola beste emakume batzuekin bizipenak partekatuta bildutako jakintza guztia ekarri du plazara.
Eiakulazioa politikoa da: asmoak argi
Abiatzerako, garbi uzten ditu bere helburuak Torresek: aludunek eduki badaukaten ahalmen bat argitara ematea du asmo, andreek ere badutela prostatarik, alegia, eta ondorioz, eiakulatzeko gaitasunik. Torresek ez du frustraziorik sortu nahi, ordea, eta esan badio: eiakulatzen ez baduzu ez du esan nahi zure orgasmoak eskasagoak direnik. Ezta ere, eiakulatzeak feministago edo ahaldunduago bilakatzen zaituenik. Gakoa da gaitasun hori hor dagoela jakitea. Batez ere, plazer politikoa dakar: batetik, Mendebaldeko kulturak emakumeen sexualitateari buruz dioena zalantzan jartzen du, hots: andreen sexua diskretua dela, txukuna, polita, atzemanezina, eta oroz gain emozionala, barruranzkoa. Gainera, andreok ere prostata baldin badaukagu, bi sexuen artean hain zurrun ezarritako aldeak areago lausotzen dira, eraikuntza kulturalaren zimenduak agerian jarriz.
Informazioaren basamortuan, beste kulturak oasi
Mendebaldea aipatzen du Torresek, eta ez da kasualitatea. Maindireen pasadizoaren ostean, 2005ean, informazio bila hasi eta lugorria baino ez zuen aurkitu irudika zitzakeen informazio-iturri fidagarrienetan, ikasitako logikak aginduko lituzkeen tokietara jo zuen-eta: sendagilearenera eta medikuntza-liburutegiko ginekologia atalera. Ezer gutxi aurkitu zuen. Medikuak, txiza behar zuela-eta, urologoarenera joateko iradoki zion. Bestalde, ginekologia-liburuetan egiaztatu zuenez, erreprodukziorako balio ez duten emakumeen sexu-organoak bigarren mailakotzat jotzen dira, osagarritzat. Hor ere, gauza handirik ez.
Amore emateko gogo-izpirik gabe, Torresek pentsatu zuen ikuspegi horrek ezin zuela unibertsala izan, ezinezkoa zela mundu zabaleko kultura guztiek europarraren bide beretik jo izana gai horri zegokionean, hau da, errepresioaren eta ukoaren bidetik. Kultura hinduan aurkitu zuen oasiaren lehen errekastoa: Ananga Rana izeneko testua. Bertan, kama-salila aipatzen da, pasio-ur edo bizitza-ur gisa itzul daitekeena: emakumeek zein gizonek sexu jardunean kanporatzen duten likidoa.
Mendebaldean zer? Izenekin nahas-mahas
Honezkero, askok galdetuko zenioten zeuen buruari ea zelan demontre den posible andreek ere prostata edukitzea eta horren berri inon ez agertzea. Egia esatera, horri buruz badago zerbait idatzia, bestelako izenez esaten bazaio ere: Skeneren guruina (2004an onartu zuen emakumeen prostata izendapena Terminologia Anatomikoko Nazioarteko Batzordeak, baliokide gisa).
Beraz, ikerketarekin aurrera jarraitu eta Alexander Skene sendagile eskoziarraren berri izan zuen Torresek. Ginekologiaren aitzindari garrantzitsuenetakotzat hartzen da, eta 1888an aipatu zituen guruinaren bueltakoak, Treatise on diseases of women (Emakumeen gaixotasunei buruzko tratatua) obran. Behin baino gehiagotan dio gizonen prostataren antz handia zuela guruinak; hala ere, ez zuen bien arteko oinarrizko loturarik egin, eta bere abizena emanda, errotik ezberdin bihurtu zituen, ia-ia gaur eguneraino iritsi den ondarea sortuta.
Jarraitu irakurtzen...
Comentarios 0 Comentario(s)