Iñaki Egaña: "Erakunde politiko bat izan da ETA, borroka armatua burutu izan duena"
Iñaki Egaña idazle eta historialariarekin elkarrizketa izan dugu. 'ETAren historia laburra' argitaratu berri, erakunde armatuaren historiaren inguruan galdetu izan diogu.
Mikel Soto: Lana ohiko azalpen kronologikoaren arabera antolatu beharrean gaika antolatu duzu, zergatik?
Iñaki Egaña: Erakundeak armagabetze prozesua burutu ostean, interpretazioa beste era batekoa izan behar zuelako. Itxia egon ez arren, fase oso bat aztertzeko aukera ematen zigulako. Beraz, askoz errazagoa irakurleentzat, zailagoa egilearentzat. Baina garai berri honek horrelako irakurketa bat eskatzen zuen. Horrek ere, abagunetik aldendu beharko liguke.
Pentsatzen dut ETA bezalako fenomeno baten azalpen diakronikoa zaila izango dela. Zeintzuk dira, zure ustez, historian zehar mantendu diren ezaugarriak?
Ezaugarri nagusienak begien bistan utzi dituzte erakundetik pasatutako bizpahiru belaunaldiek. Eta horrek beste tokietan gertatu ez dena adierazten du: hamaika zuzendaritza giltzapean sartu arren, erakundearen dinamika ez da eten. Ordezkoen eta horien ordezkoen ibilbidea aurrera jarraitzea izan zen, aspaldian irekitako fronteak betez. ETAren ideologiaren arabera, borroka soziala eta borroka nazionala txanpon bereko aldeak dira. Ezker abertzaleak printzipio hau bere gain hartu zuen, baina historian zehar eta erakundearen militantzia ikusita, motor nagusia naziotasunaren aldarrikapena izan da. Bereziki lehenengo eta azkenengo urteetan.
Nire uste apalean, ETAren ikuspegi ezberdin bat ematen du egin duzun liburuaren antolaketak; oso historia politikoa dela begitandu zait. ETAren historia, halabeharrez politiko-militarra izan behar dela bagenekien, baina kontakizun diakroniko honek politika azaleratu duela esan nahi dut.
Carl von Clausewitzek esaldi borobila utzi zigun: “Gerra ez da politikaren jarraipena baizik, nahiz beste bitarteko batzuez baliatzen den”. ETAn hori oso nabarmena izan da. Euskal Herriko azken hamarkadetako historian, gerra zibiletik hasita. ETAk bi adar nagusi izan ditu hasieratik, politikoa eta militarra. Eta politikoek ibilbidea markatzen zuten. Are gehiago, garai batzuetan, militarren adarra nagusitzen zenean, adar horretakoek hartzen zituzten erabakiak politikoak ziren. Niretzat, badago, erakundearen ibilbidearen zehar, hain zuzen ere, ildo nabarmen bat: erakunde politiko bat izan da ETA, borroka armatua burutu izan duena.
Hala ere, ahalegin berezia egin duzu ETAren kronologia ahalik eta osatuena eskaintzeko.
Hala da. Bereziki gertutik ETA ezagutu ez duten irakurleentzat. ETAk indarkeria pairatu duenez, borroka armatua erabili du. Erraza da dena batzea, zenbakiak bota, estatistikak… Baina tartean ñabardura asko dago, testuingurua, izen eta abizenak. Indarkeria, ETArena baina baita estatuarena ere. Kronologiaren bidez, beste ikuspegi bat egon daiteke, klasikoagoa. Bide batez, liburuaren testua interpretatzen laguntzen du.
Zeintzuk dira, zure ustez, ETAren historian ikertzeke dauden fenomeno edo ildo inportanteenak?
Azaleratu ez direnak, gehienbat, harremanak izan dira. Orain arte, negoziazio prozesuetakoak azaldu dira, Lizarra-Garazi garaikoak etab. Baina, oro har, garai guztietan, ETAk izan dituen harremanak eta kontaktuak oso zabalak izan dira. Gehienak itzalean eta alderdi guztiekin, eskuinekoak zein ezkerrekoak. Sasian jasotako elkartasuna ere itzela izan da. Ikerketa “morbosoak” ere egon daitezke, armen jatorriaz, porrot egin zuten atentatuez. Zer gertatuko zen, esaterako, erregearen aurkako ekintza burutu izan ezkero?
LABURREAN
Nabarmendu dizkiguzu segur asko liburua irakurriko duten irakurleek jakingo ez dituzten ETAren historiako bost gertakizun.
Euskal nortasuna indartzeko asmoz, zezen plaza baten aurkako ekintza burutu zuen ETAk 1973an.
Italiako Alderdi Komunistak ETAri elkarrizketa oso bat zentsuratu zion Rinascita aldizkarian. Aitzakia: ETAk Euskal Herriko Alderdi Komunista alderdi arrotza zela esaten zuela.
Lehenengo auto-bonba ETA baino hamar urte lehenago Espainiako talde paramilitarrek erabili zuten Josu Urrutikoetxea errefuxiatuaren aurka.
Javier Zumalde, ETAko adar militarreko buru ohia, Ertzaintzaren talde berezien irakasle izan zen.
Erakunde klandestinoa izan arren eta zenbatzeko zailtasunak kontutan hartuz, ETAk 14.000 militante inguru eta laguntzaile izan ditu haren historian zehar.
Comentarios 0 Comentario(s)