Gehiengo baten mesedetan
Lehenengoz sei hizkuntzatan argitaratu eta hilabete gutxira, euskaraz dugu orain Feminismoa % 99ren alde manifestua. Gaur egun eztabaidagai diren hainbat tesi modu argian aletzen ditu, eta ukatu egiten ditu hala egungo feminismo neoliberala nola ezkerrak duen klasearen ikuspuntu murriztailea. Feminismo antikapitalista du jomugan, zer eta herritar guztien askatasuna ospatzeko.
Gizarte osoa krisi sakon batean murgildurik dago, kapitalismo neoliberalaren krisian, zeinak gutxi batzuentzako feminismo liberal bat sustatzen baitu politika elitista eta korporatiboen bidez. Abiapuntu horri tiraka, hamaika tesi eta proposamen bat dakartza saiakera labur honek. Izan ere, tresna erabilgarria da egungo eztabaidak kokatzeko; horren erakusgarri da jatorrizkoa argitaratu zenetik urtebete ere egin ez duenean hamar hizkuntza baino gehiagotara itzuli izana.
Manifestu honek aldarrikatzen duen ezkerreko feminismoak egungo eredu neoliberalari oposizio bateratua eginen dio; emakumeen gehiengoaren egoerak eta premiak erdigunean jarriko ditu, eta gorabehera politiko, ekologiko, sozial, ekonomiko eta erreproduktiboak aintzat hartuko. Hala, sistema ekonomiko ofizialetik kanpo dauden zaintza mota guztien garrantzia aitortuta, gehiengoaren aldeko feminismo ezkertiar, antikapitalista, antiarrazista eta ekosozialista bat proposatzen du. Finean, modu argian azaltzen du zergatik ibili behar duen gizateria osoak % 99ren aldeko feminismorako bidea.
Erreprodukzio sozialak kapitalismoan duen zentraltasuna ulertu ondoren, ezingo dugu klasea berdin ikusi.
Nancy Fraser
Egileak
Cinzia Arruzza italiar feminista filosofiako irakaslea da The New School for Social Research ikastetxean, New Yorken. Feminism for the 99%: A Manifesto hau baino lehenago, A Wolf in the City: Tyranny and the Tyrant in Plato's Republic (Oxford University Press, 2018) eta Storia delle storie del femminismo (Edizioni Alegre, 2017) kaleratu ditu, besteak beste. Azken nazioarteko greba feministekin bat egin du. Feminismoa % 99ren alde manifestua du lehen lana euskaraz.
Tithi Bhattacharya asiar historiako irakaslea da Indianako Purdue Universityn. Palestinaren aldeko borrokan aktibista engaiatua da aspalditik, eta The Sentinels of Culture: Class, Education, and the Colonial Intellectual in Bengal (Oxford University Press, 2005) argitaratu du. Teoria marxistari, generoari eta islamofobiaren politikei buruzko hainbat lan kaleratu ditu. Feminismoa % 99ren alde manifestua du lehen lana euskaraz.
Nancy Fraser politika- eta gizarte-zientzien eta filosofiako irakaslea da The New School unibertsitatean, New Yorken. Emakumeen nazioarteko grebaren ideia bultzatu zuen 2017an, eta identitate-politikei eginiko kritikengatik eta justiziaren kontzeptua garatzen egindako lanagatik da ezaguna. Besteak beste, Fortunes of feminism: from state-managed capitalism to neoliberal crisis (Verso, 2013) kaleratu du. Feminismoa % 99ren alde manifestua du lehen lana euskaraz.
Comentarios 0 Comentario(s)