(H)Ilbeltza bekaren III. edizioa: sormenezko narratiba lanak aurkezteko deialdia zabalik
Ilbeltzaren hondarrean bildu dira Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko sabaian Joseba Otondo Baztango alkatea, Alberto Atxa (H)Ilbeltzako kidea, Garazi Arrula Ruiz Txalaparta argitaletxeko editorea eta Florentino Goñi Udal gobernuko kidea, (H)ilbeltza bekaren III. edizioa aurkezteko.
(H)Ilbeltza elkarteak sustaturiko eta Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak babesturiko bekak urte batean sorkuntza eta hurrengoan itzulpengintza saritzen du. Lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel A. Elustondok irabazi eta aurtengo (H)ilbeltzan aurkeztu dutena. Iaz Patricia Highsmithen The blunderer nobela itzultzeko deialdia egin zen, eta Josu Barambonesek irabazi zuen; urte amaieran kaleratuko da euskaraz. Aurtengo edizioan, sormenezko narratiba lanak aurkezteko deialdia egin da.
Baztanek literatura beltzarekin duen harremanaz mintzatu da Joseba Otondo alkatea; kasurako, Elizondorekin izan zuen harremana dela eta, Jose Antonio Loidi errenteriarraren Hamabost egun Urgainen euskarazko lehen nobela beltza aipatu du, 1955ean argitaraturikoa. Orobat adierazi du Udalak «euskal komunitatearen erdigunean egoteko bokazioa» duela eta beka honekin «euskararen komunitateari ekarpen berria egin» nahi zaiola, «literaturan pisu handikoa den genero beltza, euskaraz ere dastatu eta gozatzeko».
Alberto Atxak adierazi duenez, «(H)ilbeltzakideak pausoka-pausoka irakurtzen, ikusten eta ikasten ari gara eta beka hau bezalako ekimenek aitzin segitzeko animatzen gaituzte». Horrela, gogorarazi du Euskal Nobela Beltzaren astearen harira sortu zela beka, eta okasio paregabea dela genero beltza sustatzeko.
Azkenik, Garazi Arrula Ruizek deialdiaren datu teknikoak eman ditu: nobela edo ipuin beltzen proiektuak postaz edo bertatik bertara udaleko erregistroan aurkeztu ahal izango dira maiatzaren 10era arteko epean. Laginarekin batera, parte hartzaileek proiektuaren asmoen azalpena aurkeztu beharko dute. Aurtengo epaimahaia Joseba Otondo alkateak, Castillo Suarez idazleak eta Garazi Arrulak berak osatuko dute, eta ekainaren hondarrean emanen dute erabakiaren berri. Lagin irabazleari 3.000€ emanen zaizkio hasiera batean eta lana amaitzerakoan beste 3.000€. 2020ko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak.
Hirurek adierazi dute pozgarria dela idazketa eta itzulpena sustatzeko egitasmo bati bide ematea, literatura beltzari akuilu ematen diolako, literatura zaleek bultzatua delako eta Baztanen eta Tafallaren artean egiten delako. Orobat animatu dute jendea parte hartzera, «batez ere idazle hasiberriak eta gazte jendea», gehitu du Txalapartako editoreak.
Oinarriak Baztango Udalaren webgunean daude.
(H)ilbeltza bekaren nondik norakoak
- Urtero-urtero euskarazko literatura beltza sustatzea du helburu.
- Sorkuntza zein itzulpengintza bultzatuko ditu.
- Baztango Udalaren, (H)ilbeltza ekimenaren eta Txalapartaren arteko elkarlana da.
- 6.000 euroko laguntzaz horniturik dago saria eta Txalapartak argitaratzen ditu beka irabazi duten liburu-proiektuak.
- Iaz banatu zen 2. beka, Patricia Highsmith-en The Blunderer lana euskaratzeko Josu Barambonesek jaso zuena.
Lehenbiziko beka eskuratu zuen proiektua
Erlazionatutako edukiak
Patricia Highshmithen 'The Blunderer' eleberria itzultzeko beka abian jarri du (H)ilbeltzak
28/03/2018
Josu Barambones da aurtengo (H)ilbeltza bekaren onuraduna
3/10/2018
'Kezko bola batek itoak birikak': Baztanetik mundura, beltzez eta euskaraz
15/01/2019
Comentarios 0 Comentario(s)