Harkaitz Cano bere literaturaren errebaletan | Mecanografiak | Irati Jimenez-en hitzaurrea
Harkaitz Canoren narrazio laburren bilduma “canoniko-ez-kanoniko bat” osatu du Irati Jimenez-ek Mecanografiak izeneko lan berri honetan. “Bilduma ez-oso bat, beraren narrazio liburu ia guztietatik zerbait edaten duena. Bilduma ez-kronologiko bat, idazle moduan hasi zenetik orain arteko ipuinak jasotzen dituena. Bilduma ez-akademiko bat, koherentziarik galdu gabe egiten saiatu naizena”. Irakurle berri batzuk idazle handi baten mundu alegiazkoetara erakarriko ditu, beharbada, eta ezagutzen dutenei akaso irakurri ez dituzten narrazio batzuk ekarri eta beste batzuk gogoratuko dizkie. Liburuaren hitzaurrean, idazle mundakarrak Canoren ibilbide literarioa era ederrean honela laburtzen digu.
Antologia honetatik gehien gustatzen zaidan ipuina «Argentinar lotsatia» deitzen da. Litekeena da horixe izatea Harkaitz Canok idatzi dituenetatik gehien maite dudana.
Parisen, aspaldi desagertutako errefuxiatu argentinar baten semeak aitaren oroitzapenak biltzen ditu. Memoriaren ariketa hunkigarria da, aita txoriburu baten erretratu gazi-gozoa, maitasun minberatuz idatzia. Oroitzapen horien artean daude aitaren aholku hutsalak, haren fantasia petralak, argentinar lotsati bat boxeoan aurkeztu zion eguna, eta –semeak beste ezer baino hobeto gogoratzen duena– aita besarkatzera joan eta haren jaka hutsa aurkitu zuen unea. Parisen gaude, 1983a da, eta memoria astintzen duen albiste negargarri bat dakar egunak: boxeoan ezagutu zuen Julio Cortazarren heriotza.
Benetako idazlearen faltarekin, gezurrezko aita baten eza kontatu zaigu, beraz. Edo alderantziz. Agian, aitaren falta da ipuinak duen egia, eta Julio Cortazar, berriz, alegiazko heroi imajinario bat, beste aita posible baten promesa betegabea. Ispiluen labirintoan, zauri literarioa eta benetako heriotza nahasten dira, aita sinbolikoa eta benetakoa, bizitzako egiak eta literaturaren engainuak.
Horregatik maite dut horrenbeste ipuin hori. Harkaitz Canoren literaturak behin eta berriz egiten duen exorzismo magikoa ezin hobeto laburtzen duelako. Zale amorratu baten ausardiarekin, fanboy baten pasioarekin, idazle unibertsal bat etxekotzen duelako, berea balitz bezala; bere maitasunak berea egingo balu bezala. Apropiazio horretan literaturarekiko sentitzen duen maitasuna transmititzen digulako eta egia horren bihotzean aitaren distantziaren beste egia hori jartzen duelako. Joko hori gure literaturan beste inork baino hobeto egiten jakin du Harkaitz Canok azken hamarkadetan.
Zeuri ere gertatuko zaizu, behin baino gehiagotan, ipuin hauek irakurtzerakoan literatura bila joan eta bizitza besarkatzen duzula sentitzea, edo alderantziz. Lasai, ez zara hustasun sentimenduarekin geratuko. Canok ongi daki bizitza literaturaren siluetaren barruan txertatu behar duela eta bere emozio behinenak bildu behar dituela, irakurle bezala alegiazko munduetara egiten dugun bidaia horretan bizitzarako sendabide bat aurkitu dezagun. Edo sendabide baten fantasia. Azken batean, Harkaitz Cano literaturan bizitza bat aurkitu duen idazlea da, eta, bizitzan, literatura asko.
Eta ez da harritzekoa aita sinbolikoarekin egiten duen ariketa horretan Cortazar hautatzea. Miretsia izateaz gain, maitatua da Cortazar idazleen artean. Eta gurean ez dago Cano baino idazle cortazartarragorik. Biek aurkitzen dituzte narrazio interesgarrienak fantasiaren eta errealitatearen arteko puntu telurikoetan. Biek dute egunerokotasunaren elementurik arruntenetan –aulkiak, katuak, telefonoak– lotura onirikoak aurkitzeko gaitasuna. Biek dute esperimentatzeko gogoa, eta esperimentatzeko gogo horretara eramaten dituen bulkada hori bietan da idazle batek izan dezakeen sanoena eta nobleena. Jostaketaren eta plazeraren bulkada. Azken batean, jazz musikari batek beti nahi du egiten dakien hori beste modu batean egiten ikasi, eta jazzarekiko maitasunak ere batzen ditu Beluna Jazz eta El perseguidor liburuen idazleak.
Baina beste ezeren gainetik idazteari dioten maitasunean dute antza Canok eta Cortazarrek. Eta idazteko izan duten grina bizian. «Ez ditut ulertzen liburu bakarra idazten hamar urte ematen duten idazle horiek», idatzi zuen Cortazarrek, «agortuta daudela esateko azala daukate!». Harkaitz Cano ez da inoiz luzaroan geratu idatzi eta sortu gabe. Eta, Cortazarren ebanjelioari jarraituz, denetarik egin du bere ofizioaren ofizioetan barrena. Haurrentzako zein helduentzako ipuinak, literatur errezitaldiak, poesia liburuak, itzulpenak, saiakerak, bakarrizketak, teatrorako testuak, telebista eta zinemarako gidoiak, komikiak, nobela grafikoak, abestien letrak.
Idaztetik bizi nahi duen idazle batentzat ohikoak diren genero guztiak jorratu ditu, eta ezohikoak diren beste askotan aritu da. Argentinar lotsatiaren moduan, generoen trabestismo guztiak probatu eta probestu dituzten lanak eman dizkigu.
Koadroetan oinarritutako ipuin surrealistak idatzi ditu. Alkoholaren gorazarre eszenikoa egin du, Mursegoren gaitasun orkestral-lisergikoak lagunduta. Portzelanaz egindako liburuki bat ere idatzi zuen, material horrekin lan egiten duen etxe batentzat. Txotxongiloak, dantza eta literatura nahasiz osatutako lanik egin ez duela uste baduzu, oker zaude. Hariak egin zuen, 2016an, Asier Zabaleta koreografoarekin.
Literatura ludikoa, kronopikoa, jolasgarria eta trabestia izan daitekeela frogatu du Harkaitz Canok, behin eta berriz. Benetan zerbait maite duenak ez duelako aldare bat nahi maite duen horrentzat. Aldare batekin ezin zara jolastu, ezin duzu zeure egin, eta ezin duzu laztandu, biluzi, larrutu. Bere testurik ederrenetako asko umearen pozarekin idatzita daude, eta idazle hiperserioen eta geure hiperseriotasunaren mistifikazioetatik urruntzeko meritu askatzailea dute.
Itzal zaunka Antton Olariagaren marrazkiekin eta Jexuxmai Lopetegiren musikarekin osatutako ipuin-grafiko-musikatua ulu existentzial baten gisara egindako poema hunkigarria da.
Cuentos para adultos Dora Salazar artistarekin eta Joserra Senperena musikariarekin autoeditaturiko lan lizuna eta ezohikoa duzu, surrealismoaren bulkadetan barna abiatzen den punk manifestua. Harkaitz Cano berari esker dago antologia honetan, berak itzuli baitu euskarara, iraganean Hanif Kureishi (Intimitatea) edo Allen Ginsberg (Ulua) itzuli dituen moduan, bikain.
Abesti bat gutxiago, berez, Lou Topet musika taldearentzat egindako abestien bertsio-liburu bat litzateke. Baina hori baino gehiago ere bada, itzulpengintzaren misterio eta ministerioan barna abiatzen baita beste idazle baten azala janzteari buruzko saiakera akademiko-literarioa egiteko.
Zitagolak. Athletic Fundazioak eskatuta idatzitako ipuina. Futbolarien banitateaz trufatzen hasten da, baina, literaturarekin nahasita futboleko mundu kopa ezinezko bat imajinatu ahala, klasiko unibertsalen merkatuteknia eta aberrikerien kritika bihurtzen da –idazlearen banitatearen kritika da, beraz–, eta, era berean, klasiko horien eta literaturaren unibertsaltasun herrikoiaren gorazarre ere bai. Gozagarria da, haluzinatua, eta –spoiler alert– liburu honetan aurkituko duzun argentinar lotsatiaren bigarren agerraldia, ez azkena, ordea.
Izozteko adina atalez atal argitaratu zen, Gara egunkarian. Fabula futurista bat da, distopiaren magaletan hasi eta happy end ezohiko eta zorioneko batekin bukatzen dena. Bidean, ia guztiari trufa egiten dio: distopiei, gure aberriaren txikitasunei, kolonizazio anglokulturalari eta –hori baino inportanteago– gure letren jainko sakratuari, euskara batuari berari. Luzeegia zen antologia honetarako, baina sarean daukazue bilbatuaz idatzitako lehen lan fundazionala.
Liburu hau bukatu eta Harkaitz Canoren lan gehiago irakurtzeko gogorik izanez gero –izango duzue, edo, bestela, lana uste baino askoz okerrago egin dut–, zoazte horiek guztiak bilatzera. Bere literaturaren trago luze honek utziko dizuen egarria asetzeko, nahi duzuen beste Cano aurkituko duzue; askotan, uste ez duzuen lekuetan. Nik, adibidez, nabigatzaileko gogokoetan daukat Pettik Gutun Zuria jaialdian egin zuen zuzeneko emankizuna, zeinean Bruce Springsteenen «The River» euskaraz kantatzen duen. Abestia baino lehen, literatura balitz bezala kontatzen du Harkaitz Canok abestiaren atzean dagoen istorioa, literatura edonon egon daitekeela frogatuz. Beste modu batera esanda, musikaren jaka edo zinemarena edo telesailena besarkatu nahi izan duenean, Canok beti aurkitu du literatura. Irakurri, bestela, Telezailak edo Zinea eta literatura.
Batek pentsa lezake eskaini dioten guztiari ezetz esaten jakin ez duen idazle baten aurrean gaudela. Baina, beraren lan guztiak zer koherentzia daukan ikusita, uste dut kontrakoa esan beharko litzatekeela. Ahalik eta literatur bide gehienei baietz esaten jakin duen idazle baten aurrean gaudela. Bereziki, bide horietan bidaide interesgarriak aurkitu dituenean: marrazkilariak, gidoilariak, itzultzaileak, musikariak, pintoreak.
«Malgutasuna da autarkiarako bidea» dio Ahotsa da gizakion sukalde bakarra elkarrizketa formatuko lan esperimentalean. Eta badirudi Harkaitz Canok lelo horixe jarri diola bere idazle jardunari. Denetatik egiten saiatu da, literaturaren ezagutza sakonak, teknika eleganteak eta, bereziki, idazteko grinak lagunduta. Irakurle orojakile baten gose amorratuaren bitartez soilik azaldu daiteke 1994an lehen poesia liburua argitaratu zuenetik 2001era doan sukarraldia. Tarte horretan, hiru poema liburu idatzi zituen (Kea behelainopean bezala, Paulov-en txakurrak, Norbait dabil sute-eskaileran), bi eleberri (Beluna Jazz, Pasaia Blues), New Yorkeko bidaien kronika (Piano gainean gosaltzen), narrazio liburu bat (Telefono kaiolatua) eta Euskadi Irratirako egindako testuen bi bilduma (Bizkarrean tatuaturiko mapak, Radiobiografiak).
Idazle gehienek bi bizitza behar dituzte halako produkzioa egiteko. Canok, zazpi urte.
Tarte horretan idatzitakoen artean, gauza zoragarriak daude. Bizkarrean tatuaturiko mapak inoiz egin gabeko bidaien kronika-liburu ezin ederragoa da. Radiobiografiak, berriz, objektu txiki eta liluragarri bat, irratiaren ahozkotasunak gidatuta egindako benetako pertsonaien gezurrezko biografien sorta bat. Antologia honetan hiri izenekin aurkituko dituzun narrazio laburrak lehen lan horretatik datoz. Pertsonaia historikoen izena dutenak, bigarrenetik. Asko kanpoan geratu dira. Ez da hautu erraza izan. Akaso, gaur berriz eginez gero, beste batzuk geratuko lirateke kanpoan, baina zinez diot barruan daudenek merezi dutela hortxe egotea.
Karrera luze eta emankorra egin du Harkaitz Canok, gu guztion zorionerako. Haren ipuin gogoangarri bateko protagonista, egun batean esnatu, eta konturatzen da Raymond Carver idazlea dela. Erraza da Harkaitz Cano esnatzen imajinatzea Harkaitz Cano idazlea dela konturatuta. Idazlea izan nahi zuen idazlea da. Zorionez, idaztea maite zuen idazlea ere bada. Plazer horrek egin ditu handi liburu honetan –eta liburu honetatik haratago– aurkituko dituzun momenturik onenak.
Eta plazer horrek eraman du Euskal Herriko idazle handienen zerrendara. Ogibidearen ezagutzari esker bere talentua askatu duen idazle batek soilik idatz dezake Twist eleberriaren hasiera haluzinatua, aztikeria itxurakoa, benetako krimen baten sufrimendua gurtzen duen otoi lirikoa. Eta zer esanik ez Neguko zirkua, maisutasun hordigarriz idatzitako lan monumentala. Euskal literatura garaikideko ipuin liburu bikainenetakoa. Betiko geratu zaizkidan irudiz beteta dago Canoren literatura: bi ezezagun sofa bat mugitzen ari dira Pariseko kaleetan, Jim Morrison hil den egunean; musikari batek galdutako besoa lurperatzen du eta konturatzen da daukan talentu guztia beso horretan bizi dela; safarian joaten dira kooperatibista batzuk eta konturatzen dira ez-kooperatibismo hiltzaile baten jabe direla.
Harkaitz Canoren narrazioak bidaide izan ditut hainbat momentutan; neurea ere baden belaunaldi baten soinua ekarri zidaten lehen aldiz Euskaldunon Egunkarian irakurri nituenean, eta, uda batez, bizitzatik erreskatatu ninduten, lantokiko komunera eraman eta irakurri nituenean.
Beti izango dut maite denari zor zaion esker ona.
Bilduma honek esker on hori itzultzeko modu bat izan nahi du. Harkaitz Canoren narrazio laburren bilduma canoniko-ez-kanoniko bat da esku artean duzuena. Bilduma ez-oso bat, beraren narrazio liburu ia guztietatik zerbait edaten duena. Bilduma ez-kronologiko bat, idazle moduan hasi zenetik orain arteko ipuinak jasotzen dituena. Bilduma ez-akademiko bat, koherentziarik galdu gabe egiten saiatu naizena. Irakurle berri batzuk idazle handi baten mundu alegiazkoetara erakarriko ditu, beharbada, eta ezagutzen dutenei akaso irakurri ez dituzten narrazio batzuk ekarri eta beste batzuk gogoratuko dizkie. Deskatalogaturiko radiobiografia batzuk biltzen ditu, euskaraz eman gabeko ipuin bat, prentsan eta lan kolektiboetan barreiatutako narrazio batzuk eta Canoren ipuin liburuetako ale bikainenetako zenbait.
Antologia trabestitu eta gozagarria izan nahiko luke, mekano-ez-mekanikoegi bat, haren literaturaren zabalera erakutsi nahiko lukeena, eta bilatzen jarraitzeko amua bota ere bai. Izan ere, gauza asko kanpoan geratu dira. Luzeegiak ziren, gehiegi ziren, beste batzuen antzekoegiak edo desberdinegiak irakurleak gozatzeko moduko irakurketa bat eskaintzeko. Hori izan da, hain zuzen, antologiaren dilema eternoak jazarri nauenean –kanpoan zer, barruan zer– buruan izan dudana. Egon baitira halako momentuak non neure burua itotzeko erabili dudan benetako Harkaitz Canok emandako eskuzabaltasuna. Halakoetan, alegiazko Harkaitz Cano bat etorri zait, canon hau osatzeko nor nintzen galdezka. Zeuoi esaten dizuedan gauza berbera esan diot. Julio Cortazarrek (nork bestela!) Pedro Salinasen poemen antologia bat egin zuela behin eta, galdera horrexek kezkatuta, gehien maite zuena erabiltzeko askatasuna eman ziola bere buruari, irakurleek ere gauza bera egingo zutela sinetsita, kategorietan pentsatu gabe, generoetan eta sailkapenetan pentsatu gabe, handitasunean eta txikikerietan, zurietan edota beltzetan. Argentinar lotsatiari ez zitzaion okurritzen aspaldi hartutako zorra ordaintzeko modu hoberik irakurlearen gozamena baino.
Gozatu, beraz; ez zaizue damutuko. Izan ere, literatura ederraren iturritik edaten dugun bakoitzean, bizitzaren egarri aseezina jasotzen dugu trukean.
Irati Jimenez. Iruñean, 2018ko ekainaren 26an
Comentarios 0 Comentario(s)