Hilen sorbalda gainean | Uxue Alberdi
Hiru dira iruleak: Kloto, Lakesis eta Atropos. Beldurgarriak, boteretsuak eta independenteak. Gizakien patuaren jabe eta gidari… baina, hargatik, Lurrean aspaldi ahaztuak. Garazi Albizuaren testu iradokitzaileak eta Olga Carmonaren ilustrazio indartsuek gidatuko gaituzte istorio irudimentsu honen bilbean, historia eta fantasia abilezia handiz harilkatuz. Artikulu honetan, Iruleaken hitzaurrea eskaintzen dizuegu, Uxue Alberdik idatzia.
Gogoratzen ez dugunak ere eragiten du gugan. Ahazten duguna ere bagara; baita inoiz oroitzera iritsi ez garen hura ere. Akaso, ahanztura gara ororen gainetik.
Ez da ideia erosoa. Nahiago dugu geure erabaki libreen ahalean fedea izan, autosufizientzian trebatu, eta sinistu norberaren memoria labur badaezpadakoan eta patrikako memoria artifizialetan ondo gordeta daramagula izateko behar dugun guztia. Baina. Haize fin bat ez ote dugun sentitzen garondoan.
Ihes egiten digu zerbaitek, eta bada beste zerbait, zer den esaten ez dakiguna eta, hala ere, hemen dagoena gugan, gurekin. Lanbroak biltzen du giza materia.
Maria Luisa Erdozio Etxeberrirekin akordatu naiz Iruleak irakurri ahala. Baratze bat du Azkainen. Bertan sortu zen 1846an eta Donibane Lohizunen hil, 1925ean. Bertsolaria zen, inprobisatu egiten zuen plaza publikoan. Lehiatu ere egiten zen, eta baita irabazi ere: dakigula, hiru aldiz parte hartu zuen lore-jokoetan eta hiru aldiz saritu zuten. “Ezkontzeko eskaera” gaiari erantzun behar izan zion bertsotan. Guraso bakarraren alaba zen bera, zeinak hamazazpi urterekin ekarri baitzuen mundura. Maria Luisa Erdozio Etxeberrik berak hamahiru ume izan zituen. Pierre Etxeberri marinelarekin ezkondu zenerako bazituen hiru. “Ezkontzeko eskaera”ri erantzun zionean, hiru haurrez erditua zen eta kantuan eta sariak irabazten jarraitu zuen gerora ere.
Biografia hori ez dator bat garai hartako emakumeez daukagun irudi orokorrarekin. Desafiatu egiten du gure memoria kolektiboa. Akaso, gutxi eta oker gogoratzen dugula gaztigatzen digu; ez gara onak biltzen gaituen behe-lainoa atzitzen.
Azkaindar zenbaiten lanari esker berreskuratu da galdua zen Erdozio Etxeberriren memoria, eta orobat haren argazkia: 60 urte luzeko andre serioa dirudi. Beraren begi argi zorrotz pentsakorrek eta ezpain estuek inteligentzia, pairamena eta tenperamentua iradokitzen dizkidate niri. Haren aditzerik ez duen lagunari erakutsi diot erretratua eta “nolakoa da?”, galdetu diot: “Azkarra, bizia, mindua, ausarta” erantzun dit. Ahots zolikoa eta garaiera baxukoa irudikatzen dut. Emakume txikia, oinez bizkor ibili zalea.
Herrian ez zuten haren aditzerik Beñat Soule bertsozaleak liburu batean haren izena argitaratu zuen arte. Hari fin horretatik tiraka irun ahal izan dute ahazmenaren zuloa, eta horri esker, Maria Luisa Erdozio Etxeberriren argazkiak ispilu egiten dit, eta tira, beste dimentsio-garai-eztarri batzuetara. Zer diote zure begiek nitaz? Nire zein erabaki, zein doinu, zein keinu, zein bertso-bukaeratan dago zure arnas zati bat? Zuk esan egin pentsatu isilduriko zer dago nik esan egin pentsatu isildurikoetan?
Iruleakek John Bergerren Hilen ekonomiako hamabi tesietara ere eraman nau: “Hilek inguratu egiten dituzte biziak. Biziak dira hilen erdigunea. Erdigune horretan daude denboraren eta espazioaren dimentsioak. Erdigunea inguratzen duena atenporala da”, dio aurreneko tesiak. Nola eragiten dute hilek biziongan? Haien existentziatik, zer eta nola iristen da gugana? Zortzigarren tesiak, berriz, hala dio: “Hilen eta inoiz jaio ez zirenen arteko diferentzia zera da: hilek oroitzapen hori dutela. Hilak ugaritu ahala, hazi egiten da memoria”. Gustatzen zait puzten-puzten doan hilen memorian pentsatzea. Gustatzen zait iraganaren bularraren gainean belarria jarri eta haien taupada entzun daitekeela pentsatzea. Eta gustatzen zait iraganaren arkeologia imajinarioa nola, etorkizunaren arkeologia ere hala egin daitekeela sinestea. Ez al da zirraragarria hamaikagarren tesia?: “Zer harreman klase dute hilek oraindik gertatu ez denarekin, etorkizunarekin?”.
Komiki honetako iruleek harremanetan jartzen dituzte hilak eta biziak, iragana eta etorkizun dena, korronte hori, hautsetik hautsera doana. Kloto, Lakesis eta Atropos ahaltsuek hildako emakume ahaztuen memoriaren bidez, lurtar baten bizitzan eragin nahi dute. Horretarako, hiru mamu bidaliko dituzte Mar gaztearen bizitzara: Margaret Fuller, Margarita Nafarroakoa eta Inés Joyes y Blake andreen mamuak. Letren munduko fantasmak hirurak –haragi, tinta, espresio–, pazientzia gutxikoak, eta etorkortasun den mendrena gabe eramango dutenak Mar ikusi beharrekoak ikusi eta aldatu beharrekoak aldatzera. Zorionez, hilek ez digute erruki handirik.
Entzuten erakutsiko dio aurrenengoak; begiratzen, bigarrenak; hitza hartzen, hirugarrenak. Errosario bat bezala murmura liteke: entzuten-begiratzen-hitza hartzen, entzuten-begiratzen-hitza hartzen, entzuten-begiratzen-hitza hartzen…
Fantasiaren eta errealismoaren hariak bilbatuz, orainaldi labur-itsua hedatzen dute Garazi Albizuaren hitzek eta Olga Carmonaren ilustrazio indartsuek. Iruleek umorea, amorrua, lehia eta potentzia jartzen dituzte jokoan. Kloto, Lakesis eta Atropos ez dira ama ongileak, asperdurak daramatza Marren bizitza hankazgoratzera, baina inork ez zuen esan on egiten digun guztia iturri garbitik datorrenik. Usoak baino, beleak maiteago nik.
Bizi, ulertu eta adieraz dezakegun guztia adierazita, hilen memoria kolektiboan soseguz urtzea ez da destino txarra. “Idazle guztiok igotzen gara elkarren sorbalda gainera”, idatzi zuen Ursula K. Le Guinek oroimen izarniatsu atenporalera desintegratu aurretik. Andre guztiok igotzen gara bata bestearen sorbalda gainera. Eskerrak hildakoen bizkar zabalei.
Uxue Alberdi, Iruleak liburuaren hitzaurrean
Gure komiki bildumako azkenak
Erlazionatutako edukiak
Historia eta fantasia, eskutik
5/10/2022
Pediatraren kontsultaren barrenetan
18/11/2019
Trabajos nocturnos contra el sistema
3/12/2021
Comentarios 0 Comentario(s)