Hiru hilabete, bizitza osorako
Itsasontzi batean, Euskal Herritik kanpora milaka haur, nora zeramatzaten ez zekitela haietako askok. Kaxianoren abestia izan zitekeen, eta ez: 1937a zen, eta Ingalaterra, Belgika, Frantzia eta SESB zuten helmuga. “Gerrako umeak” esaten diete, lehen lerroan egon ez eta halere lehen eskutik sufritu zutenak. Garaiko Eusko Jaurlaritzaren artxibategi ofizialetan 15.000 umeren datuak ageri badira ere, ikertzaileek diote 30.000 haur baino gehiago izan zirela. Gehienak Bilbo eta inguruko gune meatzarietakoak ziren, errepublikar familia sozialista eta komunistetako seme-alabak. Dokumentazio lan handiari tiraka, familia horietako baten hiru senideren erbestea kontatu digu Adriano de Matak bere lehen eleberrian.
1937ko maiatza. Erresuma Batuak inoiz jasotako errefuxiatu-olderik handiena Southamptongo portuan lehorreratzear da, eta inork ez du halako gertakizun bat huts egin nahi. Santurtzitik atera den itsasontzian, Habana izenekoan, ia lau mila haur, eta horien artean Pirmin, Eusebio eta Aurea lekunberritar anai-arrebak. Sanrokeetarako etxean izanen direla, hala esan diete portuan agurtu berri dituzten gurasoek, negarrik ez egiteko, errepublikazaleek gerra laster irabaziko dutela eta berehala elkartuko direla berriz Debako amatxirenean, urtero bezala, jaiez gozatzeko. Anai-arreben ibileren bidez eta erbeste hartan aldez edo moldez parte hartu zuten beste hainbat ahotsen bidez iritsiko zaizkigu sanrokeak lekutan utzi zituen egonaldi hari buruzkoak. Gerratik ihesi, beste gerra batzuk ezagutu baitzituzten ume haietako askok.
Gaur egun
Urte anitz behar izan ziren Gerrako umeak aintzat hartzeko. Gaur egun, Santurtzin, Eibarren eta beste hainbat herritan badute beren tokia paisaian, eta bateko zein besteko Aldundiek omenaldiak egin dizkiete. Intxorta 1937 taldeak ume gipuzkoarrak identifikatzeko ikerlan bat egin zuen, eta Ahotsak atariak ebakuatu zituzten haur horietako batzuen testigantza ere bildu du, sarean entzungai dagoena. Beste ahots ugari, protagonistak hil ahala galduko dira; horregatik ere, nobelatua izanagatik, Adriano de Mataren liburu hau lekukotza historiko aberatsa da.
Egilea
Adriano de Mata Aragoneses (Deustu, 1984). Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zuen Gasteizen, Heidelbergen eta Bartzelonan. Bergarako nahiz Bartzelonako idazle-eskoletan ibili eta gero, Sanrokeetarako, etxean du lehen eleberria. Horrez gain, katalanez ere beste nobela bat idatzi du (argitaratu gabea). Oso gustuko du bidaiatzea eta hizkuntzak ikastea; katalanaz gain, galesa ere ikasi du, eta, berriki, innuera. Zenbait urtez itzultzaile eta hizkuntza-irakasle lanetan ibili ondoren, une honetan postaria da Montrealen (Quebec).
Gaiari buruzko beste liburu batzuk
Gerra zibila Euskal Herrian, eleberrietan
Erlazionatutako edukiak
'Navarra 1936. De la esperanza al terror': un documento histórico imprescindible
26/12/2018
Euzkadi en llamas | A la guerra con 'el tío Ramón'
1/10/2020
La guerra civil en Euskal Herria a través de las novelas
20/04/2021
Comentarios 0 Comentario(s)