Iñaki Martiarena ‘Mattin’: «Bazterretik idatzi eta marraztutako liburua da Zarrakamalda»
Gerezi garaia Belatzen komikiaren euskarazko lehen edizioa hain azkar agortu izanak sekulako poza eman digu. Euskarazko komikigintza argitaletxe honen apustuetako bat da, eta oso kontent gaude zabaldu ditugun azken lanek irakurleen artean izan duten harrerarekin. Aurrekoa Zarrakamalda (2016) izan zen, ingurunearekin eta ingurukoekin harreman ezberdin bat garatu nahi duen pertsona baten bidaiaren kronika. Iñaki Martiarena ‘Mattin’ egilearekin solastatu zen Mikel Soto editorea liburua argitaratu zenean.
«Voy al campo, abandonaré la ciudad... Porque allí, encontraré la paz. Porque allí tendré mi libertad...», La Polla dixit. Baratza da bide bakarra?
Bide bakarra edota bide zakarra. Hiria baserritartzea da agian bidea. Baina tira... nik ez dakit ordea arazoaren irtenbidea. Bistan da gero eta «biziezinagoa», bizitzeko desatseginagoa, bortitzagoa dela gure planeta. Baliabideak agortzen ari dira. Gizakia berez da asasinoa... beti «gero eta gehiago» nahi du. Berezkoa du budistek dioten «duhkha»; insatisfakzio edo sufrimendu hori.
Horren eraginez ingurua eta ingurukoa txikitzen du. Azken batean bere burua ere bai.
Lokatzak [protagonistak] dio landa eremuak jada janda eremuak direla. Porlanak janda. Desoreka eta kaos honetan kokatu gintezke berriro baratzean. Arnasa hartu. Landareengandik badugu zer ikasia, alajaina. Eremuak berreskuratzea da akaso irtenbidea. Baina epikarik gabe, arren! Zarrakamalda oso elementu indartsua iruditu zitzaidan hasiera hasieratik. Objektua eta hitza bera ere gaur egun oso ezezaguna da... zaharra... malda... zakarra... zarrakamalda!
Hain da hitz luzea... sonoritatea ere berezia. Oso anakronikoa. Ilargi itxura dauka ere bai. Oso egokia nekazaritza biodinamikorako.
«Seré un jipi impresentable en sociedad». Gure artean «jipismo» gisa ezaguna izan den horretatik asko dauka kontakizunak... baina jipismoaren kritikatik ere asko badu. Alde? Kontra? Gainetik?
Arraioa. Harrituta utzi nauzu! Ez... ez da kritika kontzienterik izan. Orrialdeak marraztu eta idatzi ahala atzeman nuen agian bazegoela atzean amorru handi bat. Dena dela jipismoari kritika baino agian pijismoaz mintzatu beharko genuke. Pijismoa zer ote den ordea definitu beharko genuke. Jipismoa eta pijismoaren loturak ere bai. Guk izandako erreferentziek ere garrantzi ikaragarria dute. Kontutan hartu komiki undergroundaren eragina handia jaso dugula, grafismoan, diskurtsoan eta mezuetan. Gilbert Shelton, Robert Crumb, Ernesto Murillo...
Lokatza 80.garren hamarkada ilun eta gatazkatsu horretan ezagutu nuen, intsumisioaren aldeko txozna batean. Komiki hau hunkigarria eta punkigarria dela dio Lokatzak barrezka kalimotxoa eskutan, garai haiek gogoratuz. Bestalde, hitza eta grafikaren arteko tentsio horretan oreka aurkitzen saiatu naiz.
Marrazterakoan eta idazterakoan, orrialdeak ugaritu ahala mataza grafiko literarioan ez korapilatzea erronka handia izan da. Babarrunaren landarea arto landareari edo arbari atxikitzen zaion gisa berean saiatu naiz hitza eta marrazkia uztartzen, lotzen... kiribiltzen... Egia esan, gidoi lana eta elkarrizketak idaztea ba. Erronka latza izan da.
Euskal Herria(k) aldarrikatzen d(it)ugu Euskal Hiriko biztanle ugarik. Utopia, hipokrisia ala alternatiba?
Presak eta presaren ajeak jan du landa eremua. Garapena ideiaren atzean «garapena» ez ote dagoen pentsatzen dut. Hala ere, ez nuke apokaliptikoa izan nahi eta bizitzaren alde zirrikitu bat utzi nahi dut... atea zabaldu nahi dut aire garbiak bira gaitzan (arkatza zorroztuz).
Zenbat dauka Donostiatik liburuko Porlandiak?
Komikia genero oso bazterrekoa da gurean. Eta euskaraz gainera... Bazterretik idatzi eta marraztutako liburua da Zarrakamalda. Bazterretik egileak beste begirada bat eskaintzen du.
Donostiak berak badu bere loia. Loiola auzoa, adibidez. Hango emakumeek, mende hasieran Urumeako ur hotzetan garbitzen zituzten arropak. Eskuak txikitu arte. Gaur egun turismo bulegoetan ageri ez den beste Donostia hori ere egon badago... itsusia... iluna... lokaztuta.
Lokatzak euro txanponak sartu ditu etxeko lorontzietan... egunero ureztatzen ditu... 50 euroko landareak jaioko direla dio... Inguruak erasotua den pertsonaia baten kontakizuna da hau. Hiriak erasotzen du, lurrak erasotzen du, ingurukoekin harremanak izan nahi ditu baina ez du lortzen... Bere lubaki partikularrean bizi da Lokatza. Bizirauten du.
Baina lubaki horretatik irten nahi du. Kontutan hartu dolu prozesu batean dagoela. Dolu prozesu horrek aurretik zuen krisia areagotu baino ez du egiten. Inork ez dio erakutsi nola kudeatu emozio eta sentimendu uholde hori. Gizagaixoak ahal duen bezala aurre egiten dio egoerari. Kasu honetan baratze bat eginez. Ohartu zaitez zaindu eta zainaren arteko lotura. «Zaindu zaitez!» diogunean, «Sustraitu zaitez» ari gara esaten.
Zenbat dauka Mattinetik Zarrakamaldako Lokatza protagonistak?
Lokatzak erdi txantxetan erdi serio esaten du marrazkilaria naizela. Marraztean kokatu eta larritasuna baretu egiten zait... Kamamila bat mesedez...
Axola ahal du kontu horrek? Irakurleak komikia ikusi eta irakurri dezala... goza dezala... Denok ditugun sentimentuak ditu Lokatzak. Bakea nahi du bere baitan, abandonuari beldurra dio eta ohartzen da denbora badoala. Maitatzeko eta maitatua izateko behar ikaragarria du Lokatzak.
Comentarios 0 Comentario(s)