Josu Barambones da aurtengo (H)ilbeltza bekaren onuraduna
Euskal Herrian literatura beltza sustatzea helburu duen (H)ilbeltza beka Josu Barambonesi eman diote aurten. Bi urtero, aldizkatuz, sortze eta itzultze lanak saritu ohi dira. Aurtengo beka, erraterako, Patricia Highsmith idazle estatubatuarraren The Blunderer lana itzultzeko izanen da (Argazkia: J.M. Ondikol).
Irailaren 19, Baztango Udaleko sabaian Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko (H)ilbeltza bekaren 2018ko onuradunaren aurkezpena egin dute. Epaimahaikideak Joseba Otondo Bikondoa (Baztango alkatea), Jon Jimenez (Txalapartako argitaratzailea) eta Miel A. Elustondo (iazko irabazlea) izan dira.
Beka honen xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da eta horretarako bi urtero, aldizkatuz, sortze eta itzultze lanak saritzen dira, aurten itzulpena egiteko beka egokitu da. Patricia Highsmith idazle estatubatuarraren The Blunderer eleberri beltza itzultzea izanen da deialdi honen helburua. Parte hartzaileek kapitulu baten lagina bidali dute, eta epaimahaikidearen iritziz itzulpen egokiena Josu Barambonesena izan da. Beraz, 2018ko (H)ilbeltza bekaren sariduna Josu Barambones da, urtebeteko epea izanen du Patricia Highsmithen The Blunderer lana itzultzeko.
Prentsaurrekoan Otondok gogorarazi du Baztanek aspalditik euskal nobela beltzarekin duen lotura. Hala nola, Jose Antoni Loidi eta Mariano Izeta aipatu ditu, hauek izan baitziren lehendabiziko euskal nobela beltzak.
Baztango Udalak 3.000€ eta Txalapartak 2.000€ jarriz, 5.000€ko beka sortu da (h)ilbeltzarena Baztango Udala eta Txalapartaren elkarlanaren ondorioz.
Txalapartako editore den Jon Jimenezek euskal nobela beltzean "sasoia badagoela" aipatu du eta, epaimahaiaren izenean, jasotako zortzi laginak zuzenak izan direla adierazi du. Baina horien artean hiruk maila handiagoa zutela eta horien artean izan zela lehia. Euskararen zuzentasuna, sinpletasuna eta irakurgarritasuna (euskara “korritzea”), alde batetik, eta jatorrizkoari gehien eta hoberen hurbiltzea, bestetik, kontutan hartu izan dutela azaldu du.
Irabazleak, Josu Barambonesek, ekimen honek duen garrantzia azpimarratu nahi izan du, euskal literaturan duen garrantzia hain zuzen ere. Patricia Highsmith bera eta honek egindako lanen inguruko aipamen batzuk egin ditu, eta jakinarazi du iada itzulpenarekin hasia dela, urtebeteko lana du aitzinetik.
Prentsaurrekoarekin akitzeko, (H)ilbeltzako kidea den Elurre Iriartek oroigarri bat eman dio Josu Barambonesi eta 2020. urtean epamahakidea aurtengo irabazlea izanen dela aitzinatu du.
JOSU BARAMBONES ZUBIRIA
Ingeles Filologiako lizentziaduna da (h)ilbeltza bekaren aurtengo irabazlea eta Itzulpengintza irakasle lanetan dihardu egun UPV/EHUn. Klasikoen euskaratze lanetan ere badu eskarmentu nahikoa, izan ere Laurence Sterneren Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar ekarri zuen euskarara, Literatura Unibertsala bildumaren baitan.
Bestalde, ikus-entzunezko itzulpena ikertu du gehienbat, 2009an aurkeztu zuen doktoretza tesia, ETB1eko haur eta gazte programazioko ikus-entzunezko itzulpengintza azterturik eta TRALIMA-ITZULIK literatur eta ikus-entzunezko itzulpenaren ikerketa taldeko kide da. Halaber, EHUren Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoaren zuzendaria da.
Comentarios 0 Comentario(s)