Memoria aleak
Txalapartan ildo editorial berri bati ekin diogu, memoria historikora zuzenduta; erraz irakurtzeko moduko liburu labur eta dinamikoek osatzen dute, gure iragan hurbileko gertaera eta pertsona esanguratsuez mintzo direnek. Ekimen honen bidez, gure herriaren historiako mugarriei buruzko informazioa helarazi nahi diegu bai gai horiei buruz ezer gutxi dakitenei bai dakitena eguneratu nahi dutenei. Serie honetako lehen bi liburuetan, Carrero Blancoren aurkako atentatua eta Eustakio Mendizabal Txikiaren biografia aztertu ditu Iñaki Egañak.
Memoria historikoa Txalapartaren zutabe nagusietako bat da; beti ahalegindu gara gure iraganaren gako izan diren gertaerak eta haien protagonistak modu ulergarrian, gertutasunez, aurkezten, irakurle berrien interesa pizteko eta Euskal Herriaren historia zorroztasunez eta zintzotasunez transmititzeko.
Memoria hurbilari eskainitako sorta honen baitan, lehen bi liburuxkak Ogro operazioa. Ekintza eta mitoaren eraikuntza eta Txikia. Ur handiak ereiten dira, biak ala biak Iñaki Egaña historialariak idatziak. XX. mendeko bi gertaera eta pertsona esanguratsuren berri ematen dute, hain zuzen, efemeridearen bueltan. Batetik, abenduan 50 urte beteko dira Carrero Blancoren kontrako atentatutik, eta “Ogro operazioa” izenez ezagun egin zenaren ingurukoak jaso ditu, orain arte itzalean zeuden datuak ekarriz eta ekintzaren errelatoa nola eraiki zen ardatz hartuta. Bestetik, mende erdi da ere Eustakio Mendizabal, Txikia, euskaltzale, poeta eta militantea tiroz hil zutela, eta datu berriz hornituriko biografia dakar.
Ogro operazioa. Ekintza eta mitoaren eraikuntza
Mende erdi igaro da ETAko Txikia komandoak Espainiako Gobernuko presidente frankistaren, Luis Carrero Blanco almirantearen tiranizidioa gauzatu zuenetik. Atentatuak ezohiko ondorioak izan zituen, bai egiteko moduagatik eta bai biktimaren ospeagatik. Urteetan, almirantea (Francoren premua) hil zueneko ekintzaren xehetasunak Operación Ogro liburuarekin kontatu izan dira, egileek hilabete batzuetara paratutakoarekin. Orain, 50 urte geroago, errebelazio berriei esker, tiranizidioa nola izan zen berreraiki dezakegu, orduan (jakinak diren kontuengatik) ezkutuan egon ziren gorabeherak agertuz. Era berean, liburu honek gertaera haren kontakizunaren tratamendua lantzen du, eta nola bilakatu den mito historiko.
Txikia. Ur handiak ereiten
Poliziak Ostegun Santuz aurkitu zuen Algortako karriketan, Jose Manuel Pagoaga Peixotorekin batera. Biak ihesi atera ziren, baina Eustakio Mendizabal Txikiak bi tiro jaso zituen; bat, lokiaren ondoan. 28 urte zituen, eta Itsasondokoa zen. Peixotok, berriz, poliziari iskin egitea lortu zuen, eta Galdakaon ezkutatu zen. Ondoren, Txikiaren figura euskal askapen prozesuaren mitorik azkarrenetakoa bihurtu zen. 50 urte bete dira Mendizabal hil zutenetik, eta Franco diktadorea hil aurreko etapatik gehien gogoratzen den ETAko kideetako bat da. Militante, euskaltzale eta idazle gailena izan zen, iratzartze nazional baten garaiko protagonista. Liburu hau haren bizitzaren errepasoa da.
Egilea
Iñaki Egaña Sevilla (1958 Donostia, Gipuzkoa). Euskal idazle joria, hainbat komunikabiderekin kolaboratzen du eta liburu ugari argitaratu ditu, saiakerak gehienak, baina baita eleberriak eta haur liburuak ere. Euskal Memoria fundazioko presidentea da eta Espainiako gerra zibileko eta Frankismo garaiko erailketak, desagerketak eta gehiegikeriak sakonki ikertu ditu.
Erlazionatutako edukiak
Iñaki Egaña: "Erakunde politiko bat izan da ETA, borroka armatua burutu izan duena"
27/10/2017
Euskal Herria: entre el Big Bang y el Antropoceno
27/11/2019
Desapariciones forzadas: el expediente vasco
14/12/2021
Comentarios 0 Comentario(s)