Nabigazio karta bat
Joxerra Senperena pianista lagunak harriduraz eman zion Patxi Zubizarreta idazleari diskoetxe klandestino baten berri: Herri Gogoa (1967-1981). Diktadura gorrian, Donostiako Gros auzoan, etxebizitza batean zegoen; Ez Dok Amairu mugimenduari estuki lotua, bertan grabatu zuten Lourdes Iriondok, Mikel Laboak, Xabier Letek… Kultur mezenas nagusia, berriz, Paco Miangolarra izan zen, bizikleta estatiko baten gainean eta txintik eskatu gabe hangoak ahalbidetzen zituena. Bitxikeria ezezagun hura argitzeko asmoz, orduko protagonistak elkarrizketatzen hasi ziren, izan familiakoak, izan kultura edo politika mundukoak. Bilaketa horren emaitza da abenturazkoa dirudien biografia hau.
Beste euskaldun asko bezala, 1936ko gerraren eraginez Venezuelara erbesteratu zen Miangolarra Gorostiaga sendia, eta Parisen eta beste toki batzuetan ere egon zen ondotik; alta, ez zuen sekula sorterriarekiko atxikimendua eta konpromisoa bazter utzi. Sendiaren ibilera harrigarriei segika, XX. mendearen kronika bat aurkezten zaigu liburu honetan: Espainiako gerra zibila, Venezuelako diaspora, Bigarren Mundu Gerra, Krutwig eta Legasse Iparraldean, ETAren erresistentzia, EAJ eta Euzko Pizkundea… Familia hark bizitakoak ahanzturaren uretatik atera nahian, elkarrizketetan oinarritu da Patxi Zubizarreta narrazio literario hau ehuntzeko, idazleak ohi duen estilo ederrean. Haren esanetan, «ez da fikzioa, baina fikzio baten antzera irakur daiteke eta irakurleak atera beharko ditu bere ondorioak». Hala, memoria ariketa bat izateaz gain (non bertsioak eta interpretazioak nahas-mahas agertzen baitira), erbesteari eta, ezinbestean, herriminari buruzko sirena kantu bat ere bada.
Joserra Senperenaren beraren hitzetan, «bidegabekeria handia iruditzen zitzaidan 1940ko hamarkadan erbestera joandako familia haren berririk ez izatea, batez ere beren negozioen ondasunak herri baten kultura sustatzeko erabili eta gero. Liburua gure historiaren zati txiki bezain gogoangarri bat ezagutzeko aukera izan daiteke eta, bide batez, munduan zehar bizi izandako familia baten abenturez gozatzeko ere bai».
Jean Echenozek Ravel gogoangarrian nola, Patxi Zubizarretak Miangolarraren figura berreskuratu eta abenturazkoa dirudien narrazio bat osatu du.
XX. mende hasieran Venezuelara erbesteratu zen familia baten atzetik, garaiko euskal giroaren kronika egiten du: Espainiako gerra zibila, Venezuelako diaspora, Bigarren Mundu Gerra, Krutwig eta Legasse Iparraldean, ETAren erresistentzia, EAJ eta Euzko Pizkundea…
Prosa ederrean idatzia, biografiatik, kronikatik eta memoria historikotik bezala, eleberri literarioenetik ere badu obra honek.
Donostia, Paris eta Caracas lotuko dituzte laketontzi, gerraontzi eta baporeek, Martin Ugalde, Carolina Herrera, Lezo Urreiztieta edo María Callas itsasoz lotzen ahal diren modu berean. Ahanzturaren uretatik atera nahian, Miangolarra Gorostiaga familiaren historia harrigarria dakar elkarrizketetan oinarrituriko narrazio honek, Patxi Zubizarretak ohi duen idazmolde ederrean. Erbesteari eta, ezinbestean, herriminari buruzko sirena kantu bat.
Egilea
Patxi Zubizarreta (1964, Ordizia, Gipuzkoa). Ordizia du jaioterri eta Gasteiz sorleku. Bertan idatzitako lanetan erroak nabarmentzen dira, hala nola Hiru gutun Iruñetik eta Julien Vinsonen hegaldia nobeletan, edo Sakonean, itsasoa ikusten da lan honetan. Baina hegoak ere nabariak dira, batik bat migrazioak eta mundu arabiarra guregana hurbiltzeko, esate baterako Eztia eta ozpina nobelan, Korri, Kuru, korri! ipuinean edota Nagib Mahfuzen Mirarien kalezuloa eta Mila eta bat gauen gauak itzulpenetan. Lan asko itzuli eta saritu dizkiote eta, generoak eta diziplinak bateratuz, hainbat ikuskizun eta performance eskaintzen jarraitzen du bai gurean bai atzerrian.
Egilearen lan gehiago
Erlazionatutako edukiak
Penakperipeziakpozak • Erantzuna haizean dabil | Patxi Zubizarreta
7/08/2018
Krutwig por Krutwig | Jose Mari Esparza & Iñaki Egaña
15/11/2018
Hiru hilabete, bizitza osorako
6/09/2021
Comentarios 0 Comentario(s)