Penakperipeziakpozak • Erantzuna haizean dabil | Patxi Zubizarreta
Pascalen esanetan, toki berean geldirik egoten ez jakiteak eragiten ditu gizakion zorigaitz guztiak. Baina Tomas bezalako gazte batek hain justu kontrakoa pentsa lezake, hau da, gizakion zorigaitz guztiek toki berean bertan goxo egotean dutela jatorria.
80ko hamarkadaren amaieran gaude, ikasturte akaberan, eta San Joan suak azkenean elkartu egin ditu Tomas eta Adela, baina neska familiarekin batera Bartzelonara bizitzera joatekoa da eta amodio sortu berria sua bezalaxe itzaltzeko arriskua dute. Adelak handik gutxira, uztailaren 7an betetzen ditu urteak, eta Tomasek hitz eman dio bizikletaz besterik ez bada ere, egun horretan Katalunia Plazan agertuko zaiola; halaxe sortuko zaie hitzordua eta horixe iradokitzen du izenburuak: Erantzuna haizean dabil... Agertuko al da baten bat plazan egun horretan, ala txantxetan hartu dute? Eta, biak agertzekotan, hain zabalgune handian ikusiko ote dute elkar?
80ko hamarkadaren amaieran gaudenez, Tomas eta Adela internet aurreko aroan bizi dira, etxean ez daukate telefonorik –ezin finkorik esan, orduan sakelakoa usaindu ere ez baitzen egiten–, kasetak entzuten dituzte... Eta, hala eta guztiz ere, internet aurreko aroa izana- gatik, bazen bizitzarik. Horrexegatik guztiagatik aurkeztu nuen historia hau, Hendaian, Abbadia gaztelupean dagoen Nekatoenea egoitzako deialdira; Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsas-bazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten lau asteko egonaldira, garai hartako bizitza –batez ere gazteei– gurean bizimodua nolakoa zen erakusteko asmoz. Baina idatzizko proiektuarekin batera Manu Ortegaren lanen erakusgarri bat ere aurkeztu nuen; adiskide komikilaria sorkuntzaren tandem berean bidaide izanik, bidaia kaiera bat sortzea zen xedea, lehen pertsonan idatzia, freskoa, bizia.
Miguel Delibes idazleari noizbait irakurri nion nobela batek hiru baldintza bete behar dituela, hiru p dituela ezinbesteko: pertsonaia bat (Tomas: mundulogia falta, gizarte eta politika giro nahasia, amodiorako ezintasuna, infra-sexua...), pasio bat (Adelarekin elkartzea) eta paisaia bat (Hendaia eta Bartzelona arteko bidea). Baina hiru p horiekin batera, nobela bat idazteko asmoarekin, ni laugarren p batekin joan nintzen Nekatoenera, pribilegio sentipenarekin, alegia. Eta ezin uka hastapenetik bertatik paisaiak liluratu ninduela, eta itsasoak xarmatu. Beharbada horregatik bururatu zitzaizkidan hau bezalako igarkizunak:
Pipitaki, papataki:
goizean hamaika dorre, harresi eta gaztelu dituen paisaia da;
baina iluntzerako denak porrokatuak, eraitsiak eta desagertuak ditu.
Toki horren izena nork daki?
Paisaiak lan erritmoa ezarri zidan, izan ere egunero begiratzen bainuen itsas behera noiz zen, horren arabera hondartzan ibilaldi bat egiteko –lehorrekook eskas baitugu, eta desio, itsasoa–. Hondartzan ikusi, sentitu, eta pentsatutakoarekin itzultzen nintzen Nekatoenera, lanerako gogotsu eta prest. Bestalde, nire bizialdi osoan ez dut halako langela handiosik eduki; sekula ezin izan dut horma nire gustuko orrialde zuri amaigabe batez bete, bertan, plano edo eskema baten gisara, nire protagonistaren joan-etorriak eta ibilerak marrazteko. Eta Hendaian idatzitako zirriborroa hain zuzen ere Bartzelonan bizi den Manuri bidaltzen nion, bera zirrimarra bihurtzen has zedin. Eta batzuetan ni ere protagonistaren antzera nekatzen banintzen, oroitu egiten nuen haren lagun baten elastikoko esaldia: «Ez zait errenditzeko indarrik geratzen».
Beduinoek, basamortuan lotara erretiratzen direnean, ez dute ahanzten handik erromesen bat edo bidaiari galduren bat igaro daitekeela; horrexegatik, muino batean su ttipi bat egiten dute, eta badirudi hondarrezko itsaso horretan faro bat piztu dutela; haien kanpamendura edonor heltzen dela ere, ez diote izenaz edo norabideaz galdegiten, eta galderen ordez otordu bat eskaintzen diote; beduinoenean, bisitaria printze(sa), preso eta poeta izango da: printzetzat hartuko dute, preso sentituko da hainbeste ohoreren artean eta, akaberan, poeta izatea egokituko zaio, zeren hitzik egokienak aukeratu beharko baititu kanpamenduko buruzagia laudatu eta goresteko.
Horra beste hiru p eder sortzaile den edonorendako, irakurlea horrelaxe hartu nahi baitugu: printze(sa), preso eta poeta. Ziur nago irakurle fin eta erne horrek akaberan asmatu duela igarkizunaren arrapostua, izan ere hondartza baita, hau- rrek goizean eraiki hondarrezko dorre, harresi eta gazteluen paisaia, iluntzerako, denak ala denak ere irentsiak eta eraitsiak, bakar bat ere ez duena. Baina, esan bezala, lortuko al zuen Tomasek Mediterraneora iristea, han biluzik bai- natzea, zorigaitzak akaberan zorion bihurtzea...?
Patxi Zubizarreta
Erantzuna haizean dabil
1987. urtea da: Sobietar Batasunak Soyuz espaziontzia orbitan jarri du; Salt Lake Cityn Theodore Kaczynskik –Unabomber– bonba bat jarri du; Ingalaterran Margaret Tatcherrek bere hirugarren eta azken agintaldia eskuratu du; Bartzelonako Hipercorren ETAk atentatua egin du 21 hildako eraginez; hiri horrexetara bizitzera joan den Adelak uztailaren 7an 18 urte beteko ditu eta liburu honetako protagonista gaztea Hendaiatik harantz abiatuko da Uruguaik irabaziko duen Amerikako Futbol Kopa jokatzen ari diren bitartean. Ikasturte amaieran, San Juan suak elkartu zituen Tomas eta Adela, baina distantziak itzali egin dezake amodio sortu berria. Dena dela, Tomasek destinu petralaren aurrean etsi ez, eta Adelari hitz eman dio bizikletaz besterik ez bada ere, Kantauri itsasoa Mediterraneoarekin lotuz, urtebetetze egunean Katalunia plazan agertuko zaiola. Halaxe sortuko zaie hitzordua eta horixe iradokitzen du izenburuak: Erantzuna haizean dabil… Zer gertatuko da hainbeste kilometrotan zehar? Egun horretan norbait agertuko al da helmugako plazan?
Patxi Zubizarreta
(Ordizia, 1964). Euskal Filologia ikasketak egin zituen eta harrezkero Gasteizen bizi da. Haur eta Gazte Literaturan ez ezik (Eztia eta ozpina, Pantaleon badoa) helduen literaturan ere arrakastaz idatzi ditu hainbat liburu (Jeans-ak hozkailuan, Mundua lo dagoen bitartean, Joan, 50, Laranja bat zaborretan…). Itzulpengintzan ere jarduna da, bereziki mundu arabiarreko lanak euskaratzen (Nagib Mahfuzen Mila eta bat gauen gauak edota Abdela Taiaren Salbazioko armada). Aspaldian, ikus-entzunezkoak eta literatura uztartzeko ahaleginean, zenbait ikuskizun edo performance bideratu ditu (Zikoinaren hegaldia, Hamar mezu eta dei bat).
Comentarios 0 Comentario(s)