Salbuespenezko egoeretarako, salbuespenezko erantzunak
Larrialdi egoeratan ohi denez, ziurgabetasuna nagusitu da eta galderak biderkatu zaizkigu; argitaldarion arduretako bat aldaketak ulertzeko tresnak ematea dela sinetsita, erantzunak bilatzen saiatu gara, edo, erantzunik ez denean, galdera egokiak planteatzen. Asko dira beren irakurketa plazaratu duten aditu eta arituak, nor bere alorretik, eta horietako bat ekarri nahi izan dugu gure katalogora, eskuetan analisi zorrotz bat dakarrela: Slavoj Žižek eta Pan(dem)ic! saiakera laburra. IZUrriA!, Danele Sarriugarteren itzulpenean, filosofo ezagunaren euskaraz argitaratzen den lehenengo liburua da.
Munduan aurrekaririk gabeko pandemia bat zabaltzen delarik, nor aproposagoa Slavoj Žižek esloveniar filosofo zirikatzailea baino izurriaren atzeko esanahiak bistaratzeko, horren paradoxa xelebreekin lilurarazteko eta ondorioen sakontasunari buruz espekulatzeko? Hori guztia, gainera, irakurlea izerdi patsetan eta arnasestuka uzteko moduko idazkera bizian.
Gaur egun, maitasun keinurik handiena maitatuarengandik urrun egotea bihurtu zaigu; urtetan zerbitzu publikoak basaki murriztu dituzten gobernuak dirutza konjuratzen hasi dira bat-batean; komuneko paperak harribitxirik preziatuenaren pareko salgaia dirudi; egoera horretan, Žižeken aburuz, komunismo molde berri bat izan liteke bide bakarra mundua barbarismoan erortzea saihesteko.
Ohikoa duen kemenaz eta herri-kulturaren analogiak baliatuz (orriotan, Quentin Tarantino eta Kamila Shamsie alboz albo ari dira Hegel eta Marxekin), Žižekek krisiaren argazki kitzikatzaile eta zorrotza ematen du, bai eta -pesimismoaren birusa zabaltzen ari den honetan- irakurketa itxaropentsu bat ere.
IZUrriA! Liburuaren gakoak
- Pesimismoa areagotzen ari denean, ezkerreko argitaletxe, prentsa eta irakurleen ardura da baikortasun erlatibo bat hedatzen saiatzea, etorkizunerako borrokarako tresna ideologikoak eskainiz. Horretaraxe dator liburu hau.
- Polemikaz inguraturik beti, Žižek da, egun, mundu mailako pentsalaririk ezagunenetakoa. Gurean ere, bistan da, inor ez du epel uzten, eta haren zale handienetakoak, Imanol Galfarsorok, ekarri ditu haren ideiak gurera liburuaren epilogoan.
- Hainbat herrialde eta hizkuntzatan argitaratu dute aldi berean liburuxka hau. Euskaraz, hauxe da lehen aldia Žižeken obra bat argitaratzen dela, eta Danele Sarriugarte arduratu da itzulpenaz.
- Egile-eskubideengatik dagokion dirua Mugarik Gabeko Medikuei bideratuko die idazleak.
Slavoj Žižek
1949 Liubliana (Eslovenia). Filosofo, soziologo, psikoanalista eta kultur kritikari esloveniarra. Bere obrak Jacques Lacanen pentsamendua eta materialismo dialektiko marxista biltzen ditu. Žižekek herri kulturako adibideak darabiltza bere azterketa bizietan, esaterako, Alfred Hitchcock eta David Lynchen lanak edo Kafka eta Shakespeareren literatura, eta akademiak ahaztuxe dituen autoreekin problematizatzen du —Lenin, Stalin eta Robespierre, kasurako—. Estutasunik gabe landu izan ditu gai arantzatsuak; besteak beste, fundamentalismoa, antikapitalismoa, tolerantzia, subjektibitatea eta politikoki zuzena filosofia posmodernoan. Ez dator bat oro har Europako ezker unibertsalistaren postulatu intelektualekin, ezta, zehazki, Habermasek posnazionaltzat dituen horiekin ere; aitzitik, Europan zabalik diren prozesu subiranisten alde argi eta garbi agertu da Žižek. Teoria psikoanalitikoaren lacandar bertsioa armatzat erabili du nazioarteko politikari buruzko ohiko analisiak egitean, ez soilik liderrak eta haien ustezko arazo psikologikoak aletzeko, baizik eta gizartea osorik aztertzeko. 1990ean Esloveniako Errepublikako presidentetzarako hautagai izan zen, nahiz eta garaile atera ez.
Žižekek ez du fenomeno kulturalik aztertu gabe utzi, eta behaketa kontraintuitiboaren maisua da
The New Yorker
Filosofo mediatikoenak koronabirusak dakarkigun distopia aztertzen du [...], hala ere, zerumuga itxaropentsu baten alde egiten du
El Confidencial
COVID-19aren aurkako Slavoj Žižeken pilulak
- Pandemiak, Kill Billen erara, sekulako kolpea eman dio kapitalismoari.
- “Komunismo” garai berri bat dator, ekonomia kontrolatu eta arautu dezakeen mundu mailako elkarlan gisan.
- Mugak itxi nahi dituen populismo nazionalista eta estatu-nazioa behera botako ditu birusak, lankidetza globala sustatzearen alde.
- Merkatuaren globalizazioak gutxietsi eta ukatu egin du herriek arnasgailuak eta maskarak egiteko duten gaitasuna.
- Birus onuragarriago bat ekarriko du koronabirusak: elkartasun eta lankidetza globalaz gizarte berri bat eraikitzeko aukera. Idealismo hutsaz haraindi, horixe da ekintza zentzuzkoena egun, salbatuko gaituen bakarra.
¡Suscríbete a nuestro Newsletter!
Recibe novedades, descuentos, noticias...
Erlazionatutako edukiak
Slavoj Žižek | Venezuela y capitalismo
1/02/2016
Lenin en 20 libros
21/01/2024
Komunismoa ala barbarismoa | Slavoj Žižeken 'IZUrriA!' liburuaren aurrerapena
10/06/2020
Comentarios 0 Comentario(s)