Sortzetik beretik makur?
Bi neskatxaren arteko laguntasuna Italia faxistan. Hori esanda, bati baino gehiagori etorriko zaio burura Elena Ferranteren Adiskide paregabea (Igela, 2015) eleberria, Napoliko tetralogiaren aurrenekoa. Aldiz, Beatrice Salvini gaztearen lehen liburuaz ari gara orain: La malnata. Hasierako atmosfera bera izanik ere, beste zerbaiti bide ematen diote berehala formaren efektuak eta mamiaren indarrak. Ez alferrik, prentsak Ferrante bera eta Joyce Carol Oates idazlea ekarri ditu hizpidera idazle berriaren prosaz aritzean. Ferranteren hura bezalaxe, Fernando Reyk ekarri du euskarara eleberri arrakastatsu hau ere.
Betiereko auzi bat
Hamahiru urte bi neskatxa dira liburu honetako protagonistak. Barrengaizto esaten diote denek Maddalenari, eta izen horrekin ezagutu du Francescak. Eta izenaz gainera, gurutze bat ere jarri diote gaztetxoari: sortzetik makurra izanik, gaiztakeriaz blaitzen du inguru guztia, eta zoritxarra dakarkio berarekin elkartzen den orori, izan sorginkeriaz izan aieruz. Hortaz esaten diote Francescari harengandik urruntzeko. Hain da orokortua ustea, Maddalenak berak sinetsia du azkenerako. Alta, izan al daiteke inor gaiztoa sortzetik beretik? Edo, bestela esanda eta betiereko auzi bati helduz, gaiztakeria berezkoa al du gizakiak? Francescak ez daki zer pentsatu, baina entzungor eginen die abisu guztiei, lagun egiten direnetik Maddalenak bestelako zerbait erakusten baitio berari: aske jardutea. Eta behin hori ezagututa, nola ihes egin hain sentsazio gozoari?
"Beharbada, handia eta emakumea izatearen funtsa hori zen: kontua ez zen odola galtzea hilero, ez eta gizonen komentarioak aditzea edo soineko politak izatea ere. Baizik eta, gizon batek begiradarekin «nirea zara» esaten zizunean, «ni ez naiz inorena» erantzutea."
Italia faxista katolikoa
Bi neskatxaren arteko laguntasuna mehatxu gerta daiteke; are gehiago klase diferentekoak badira eta ordena ezarriaren aurka matxinatzen badira. Giro faxista, erlijioaren pisua eta gizarteko arauak itogarri ziren garaian istorioa kokatu arren, Salvionik egungo egoeraren oihartzunak dakartza: «Gaur egun ere neskak beldur gara etxera bakarrik itzultzean, gure amek ohartarazten digute nola jantzi behar dugun... Gerta dakizkiguken gauza txarren ardura geurea balitz bezala», zioen elkarrizketa batean, Italian agintean den eskuin muturrari keinu eginez. Atzeko oihal modura ageri zaigu liburuan itomen hori, eta argi geratzen da emakumeentzat zer zaila den batzuetan aurrera egitea. Laguntasunaren aldarri bat nagusitzen da eleberrian, beraz, irakurlea Lambro ibaiaren ertzeraino daramana, jario handiz.
Liburuaren arrakasta ezohikoa
Italieraz argitaratzeko prest bazegoen ere, Einaudi argitaletxeak hilabete batzuk itxaron zituen, itzulpenak egin eta zortzi herrialdetan aldi berean argitaratu zedin. Horrela, 2023ko udaberrian argitaratu bezain laster, 30 hizkuntza baino gehiagotan eman dute, eta urteko gertakari literarioa bihurtu da; telesail bat ere egiten ari dira orain. Alessandro Bariccok zuzendutako Scuola Holden entzutetsuak saritu zuen Beatrice Salviniren lehen eleberria, eta ordutik ez ditu gorespenak baizik jaso. Elena Ferranterekin parekatzea lortu zuten hasieratik beretik, eta horrek erraztu zuen zabalkundea ere. Argudio literarioez harago egiten duten arrazoiak ere egonen dira tartean, baina, zalantzarik ez da, edonork bere lanarentzat nahi lukeen marketin errezeta osatu dute eleberri honekin. Esan gabe doa, istorioari jarraipena nola eman pentsatzen dabil orain idazlea.
Egilea:
Beatrice Salvioni (Monza, 1995).
Filologia Modernoan graduatu zen Milango Unibertsitate Katolikoan. Alessandro Bariccok zuzendutako Scuola Holden-eko ikaslea izan da, eta Calvino 2021 saria irabazi du «Il volo notturno delle lingue mozzate» kontakizunagatik, bai eta Raduga 2021 saria ere. La malnata (Einaudi, 2023) du bere lehenbiziko eleberria. Harekin, Scuola Holden saria eta Nollegiu 2023 saria lortu ditu itzulitako narratiba-liburu hoberenagatik eta urteko libururik hoberenagatik, eta berrogei hizkuntzara ingurura itzuli dute. Telesail gisa ere egokituko da.
Comentarios 0 Comentario(s)