«Suizidatzen den pertsona batek bere ingurukoengan uzten duen hutsuneaz aritu nahi izan dugu nobela grafiko honetan»
Bikotekidearen suizidioak sortutako mina jasan ezinda, bidaia batean abiatuko da Leire. Antsietateak ez dio urrun joaten uzten, ordea, eta errepideko gasolindegi batean geratuko da helmugara iritsi aurretik. Ezleku horretan egin beharko dio aurre doluari, Fernando Rusek Artikoan bizi izan zuen abentura lagun duela: 800 kilometroko bidaia, bakarrik eta oinez, ipar polo geografikoa helburu. Hodeien gaineko aldean nobela grafikoa aurkeztu dute Sandra Garayoak eta Bertol Arrietak. Haien lehenengo komiki luzeaz hitz egiten digute elkarrizketa honetan.
Nola sortu zen proiektua?
Duela pare bat urte, Annapurnaren "maldizioari" buruzko artikulu bat irakurri genuen prentsan. Mendi hartan hildako hainbat eta hainbat mendigoizaleren berri ematen zuen idatzi hark, zortzimilako "hilgarriena" omen. Nil Bohigas kataluniarrak, hala ere, arrakastaz lortu zuen gailurra, eta ez hori bakarrik: urte batzuk geroago, ipar polo geografikorako bidaia bat antolatu zuen. Erronka handia zen: bakarrik eta animalien laguntzarik gabe iritsi nahi zuen noranzko guztiek hegoaldera eramaten duten puntura; ia 800 kilometroko bidaia, eskiez soilik lagunduta. Halako desafioei aurre egiten jakin zuen gizona ez zen libratu Annapurnaren "maldizioaz": 30 urte geroago, bere buruaz beste egin zuen, depresioak jota. Istorio hori abiapuntutzat hartuta, suizidatzen den pertsona batek bere ingurukoengan uzten duen hutsuneaz aritu nahi izan dugu nobela grafiko honetan, dolu-prozesuaren nondik norakoak kontatuz, espiral ilunenetik hasi, eta argia ikusten hasten den unera arte.
Komiki luze bat egiten duzuen lehen aldia izanik, zer-nolakoa izan da prozesua?
Oso aberasgarria, egiazki. Hasieratik elkarrekin aritzeko modua izan dugu, eta ez halakoetan ohikoa izaten den moduan, lehendabizi batek gidoia idatzi, eta gero besteak irudietara ekarri. Alde horretatik, oso eskertuta gaude Tabakalerak elkarlanean aritzeko utzi zigun espazioarengatik. Bi-biok elkarrekin aritu ahal izan dugu, batak besteari ekarpenak eginez eta sortze-prozesuan besoz beso jardunez hasieratik bukaeraraino. Oso prozesu polita izan da.
Bi istorio daude, bata bestearen irudi; zer teknika erabili dituzue kontraste hori adierazteko?
Gidoiari dagokionez, bi istorioak lokalizazio aldetik zeharo desberdinak dira. Batetik, ihes-bidaia batean abiatzen den Leire daukagu, zeina gasolindegi batean geratu beharrean izango baita, bere minari nola aurre egin asmatu ezinik; gasolindegiko eszena horien kontrapuntuan, Fernando Rus abenturazalearen istorioa kontatzen dugu (Nil Bohigasenean oinarritutakoa), zeina ipar polo geografikora iristeko asmotan abiatzen baita, 800 kilometroko bakarkako bidaian. Bi istorio hauek nolabait lotu egiten dira nobela grafikoaren une batean; edo hobeto esanda, bata bestearen metafora moduko bihurtzen da. Gainera, Artikoko irudiek arnasa ematen diote gasolindegiko istorioari.
Ilustrazioaren aldetik, pastelak, arkatzak eta olio teknikak erabili ditugu. Kolore hotzak, beltza eta orban solteaz baliatu gara Leireren dekadentzia eta atmosfera goibela irudikatzeko. Artikoko eszenak, berriz, gris oso argi batez irudikatu ditugu beste istoriotik bereizteko eta paisaiaren mugagabetasuna indartzeko. Eta berde distiratsu batez jantzi dugu Rus, grisarekiko kontrastea bilatuz.
Nolakoa izan da elkarlana?
Erabatekoa eta prozesuaren hasieratik bukaerainokoa izan da, eta uste dugu horrek eragina duela emaitzan. Bi egileren ordez, bakarra aritu balitz bezala irakurtzen dela uste dugu, eta pozik gaude lorpen horrekin.
Komiki gehiago Txalapartan
Erlazionatutako edukiak
Tupust! Euskal komikigintza feministarantz
6/03/2019
Historia eta fantasia, eskutik
5/10/2022
Hitz gurutzatuak
28/11/2022
Comentarios 0 Comentario(s)