«Tourra bereziki eta txirrindularitza oro har gustuko duten guztiei gomendatuko nieke liburua»
Xabier Fernandez Monjeren kazetaritza-lan honetan, Tourraren historia kontatzen zaigu prentsaren eta naziotasunaren ikuspegitik. Beste kirol-ekitaldi batzuk baino nabarmenago, XX. mendeari zentzua emateko balio izan du Tourrak, hainbat gai arantzatsu tarteko: esate batera, klase-harremanak, genero-rolak, gizarte-kohesioa, batasun nazionala, lanaren izaera eta osasun publikoa. Horrela, prentsa idatziaren azterketa xehearen eta aditu zein arituen lekukotzen bitartez, agerian geratuko da hedabideek sortutako irudiek eta bultzatutako mezuek zer-nolako eragina izan duten nazio-identitateen eraikuntzan eta deseraikuntzan. Liburuaz hitzegin dugu egilearekin elkarrizketa honetan.
Aurtengo Tourra Bilbotik ateratzeak erabakigarria izan da liburua idazteko edo kasualitate onuragarria?
Kasualitate onuragarria izan dela esan daiteke. Aspaldiko partez Tourrari buruzko tesia amaitu nahian nenbilen eta 2021eko abenduan aurkeztu nuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Egiari zor, tesiaren egitura kontuan hartuta, argi neukan liburu bat egon bazegoela.
Tesi batean oinarriturikoa bada ere, egitura aldatu duzu eta dibulgaziozko bihurtu. Nolakoa izan da prozesua?
Prozesua ez da erraza izan. Arestian aipatutako egiturak arlo teorikoari garrantzi handia ematen dio, tesi batean ohikoa den legez, eta kasu honetan erronka liburu “ulergarria” eta, aldi berean, erakargarria egitea zen, hau da, nazioz, kazetaritzaz eta kirolaz osaturiko triangeluan teoriari pisua kendu eta funtsezko datuak eman. Horretan tesian bertan egiten den irakurketa historikoa abiapuntutzat hartzea garrantzitsua izan da.
Bukaeran, aditu eta arituen esanak ere jaso dituzu, elkarrizketetan oinarriturik.
Edozein ikerketa zientifikoa egiten duzunean zure hipotesiek agintzen dute, batzuk egiaztatzen dira eta, logikoa denez, beste batzuk ez. Datu asko prozesatu behar dituzu, elkarrekin lotu, beste batzuk baztertu eta una batzuetan ezinezkoa da zure aurreiritziak gainditzea, horregatik txirrindularitzan aditu eta arituen iritziak eskuratzea eta islatzea egokitzat jo nuen. Emandako ekarpenak biziki eskertzen dizkiet.
Prentsa idatzia aztertu duzu, egunkari asko, bai jeneralistak, bai kirolekoak, frantses, espainol eta euskaldunak. Zer izan da gehien harritu zaituena azterketa horretatik?
Ikerketa burutzeko lagin kopurua altua izan da, Tourreko lehen ehun edizioak (110 urte guztira) hartzen baitziren kontuan, fokua aldi zehatz batzuetan jarri bada ere, hala nola hastapenak, Mundu Gerren arteko epeak, Tourra nazioka korritu den urteak, dopinaren eragina, Euskaltel-Euskadiren presentzia eta desagerpena, etab.
Aurrekoa kontuan hartuta, bitxikeria asko daude. Dena den, zerbait aipatzearren, alde hauek aipatuko nituzke: ikurren presentziaren ezustea bataiatu dudana, egungo irudiak errepideetan ez direlako arruntak izan Tourraren historian; euskal hedabideetan iparraldeko txirrindularien presentzia eza eta, beste batzuetan, euskal “abizena” eraman arren zer protagonismo gutxi eskaintzen zitzaion euskal jatorriari.
Frantsesek Tourraren bitartez naziotasuna hauspotu dutela diozu. Ez al da berdin gertatzen herri guztietako kirol nazionalekin? Zer berezitasun du?
Ez dakit berdin gertatzen den kirol nazionalekin eta zalantzak ditut ez ote den errugbia frantziarren kirol nazionala, baina Tourraren berezitasuna hasieratik bertatik datorrelakoan nago. Lehenengo eta behin identitate lokala eta nazionala lotzeko tresna izan delako. Halaber, Tourraren handitasunak balio izan du frantziar Estatuko irudia munduan zehar saltzeko eta, bide batez, “etxean” bertan batasuna sustatzeko elementu garrantzitsu bat bihurtu da. Tourrak kirol izaera gainditu du eta Frantziari lotutako sinboloa da egun. Hausnarketa labur hau amaitzeko, esan daiteke Tourraren bitartez txirrindularitza eta kazetaritza-industriaren arteko lotura arrunt bilakatu zela eta, urteen poderioz, etapa hori gainditutzat kontsidera daitekeela, egun Torra dirua egiteko tresna baita, egunkarien laguntza behar izan gabe.
Susmoa dugu garai batean ohitura handiagoa zegoela txangoan Pirinioetara Tourra ikustera joateko. Euskaltel-Euskadi taldearen akaberarekin lotura al du? Zein da euskaldunen harremana gaur egun Tourrarekin? Txirrindularitzarako joera handia baita oraindik ere.
Bai, gorabeherak izan arren, presentzia handiagoa zen, batez ere Euskaltel-Euskadi taldea hor zegoelako eta baita askoz txirrindulari euskaldun gehiago lehiatzen ari zirelako, batzuetan zaleek euskal txirrindulariak berdin tratatzen ez bazituzten arren. Egungo harremana osasuntsuagoa da, euskal zaleek duten alde positiboen artean txirrindulari guztiak primeran tratatzen dituztelako, berdin da nondarrak diren. Ildo horretan, Tourra Euskal Herritik abiatzeak joera hori indartuko duela uste dut.
Nori gomendatuko zenioke gehien, kazetari, txirrindulari ala soziologo bati?
Lehenengo eta behin Tourra bereziki eta txirrindularitza oro har gustuko duten guztiei. Kazetarientzat ere egokia dela uste dut, batez ere datuak izateko, eta soziologoek egunkarien jarduera aztertzean material asko topa dezakete, hor modelo bi desberdin daitezkeelako, batetik espainiar eta frantziar prentsarena eta, bestetik, euskal prentsarena, salbuespenak salbuespen.
Kazetaritza lan honetan, Tourraren azterketa historikoa egiten da, izan duen bilakaera agerian utzita: eskualde, nazio, Estatu eta babesleen arabera multzokatutako lehiakideak, gatazka sozialek markaturiko edizioak, etapa eta polemika esanguratsuak, hedabideetako iruditegi eta diskurtsoak…
Autorea, kazetaria izandakoa bera, aditu/arituen lekukotzetan eta prentsa idatzian oinarritu da lan honetarako; zehazki, kazeta hauek aztertu ditu: L'Auto, ABC, Mundo Deportivo, Marca, Le Monde, L'Equipe, Excelsior, El País, Egin, Gara, Euskaldunon Egunkaria eta Berria.
Erlazionatutako edukiak
Fútbol y política a través de los libros
16/06/2020
Osasuna: fútbol, política y represión
14/09/2020
Lasterketa bat baino gehiago
31/05/2023
Comentarios 0 Comentario(s)