Yurre Ugarte: «Errealitateak berak dakarzkigu distopiaren ezaugarriak»
Zer gertatuko litzateke hondamendi ekologiko, politiko eta ekonomikoak bata bestearen ondotik emanen balira? Bizirik aterako al litzateke gizabererik? Yurre Ugarte gidoilariak eta Julen Ribas ilustratzaileak istorio zirraragarri bat osatu dute Iris XXIIan, eta 2160. urtean kokaturiko trama ezin gaurkoago bat komiki bidez irudikatu dute. Yurre Ugarterekin hitzegin dugu lan honen inguruan.
Noiz eta zerk bultzatuta ekin zenion istorioa sortzeari?
Istorio honen protagonista aspaldi asmatu nuen pertsonaia bat da. Unibertsitatean nengoela, nik neuk begietan “eguzki puskak” zituen figura bat marraztu nuen. Beste izen bat zuen. Eta hor gelditu zen, kaxoian. Gidoigintza profesionalean aritu naizen urte luzeetan ere baztertuta eduki nuen. Duela urte batzuk berreskuratu nuen nobela grafiko baten ardatz bihurtzeko asmoarekin, eta Iris XXII izeneko istorio guztia idatzi nuen, hain zuzen ere gero argitaratutako komikiak baino lehen: Katu Hegoduna, Joana Maiz eta Xabiroi aldizkarirako idatzitako hiru gidoi laburrak argitaratu baino lehen. Pertsonaia etorkizuneko post-hondamendian, nolabaiteko gizarte utopiko batean, kokatzeko nahiak bultzatuta ekin nion istorioa sortzeari. Gero idatzi nuen gidoia, marrazkilaria batu eta argitaletxearekin kontratua lortu genuenean.
Gaur egungoaren kezkak bultzatuta idatzi al duzu XXII. mendean kokaturiko istorio bat?
Bai, gaur egungoaren kezkak eraman nau irudikatzera etorkizun ezberdin bat. Jada hemen, gurean, ditugun kolapso eta hondamendi txikien pilaketa eta kateatzeak zer egoera humano eta zer gizarte mota eragin ditzakeen irudikatzera. Gaur egungo gizarte turbokapitalistatik oso urrun dagoen (zentzu guztietan urrun, baita fisikoki ere) eta ezberdina den gizarte bat, baina, aldi berean, iraganetik libratu ezin dena, egun eraiki dugun gizartearen itzalak edo mamuak jaso dituena.
Layla Martinezek dio: “Etorkizun okerragoak irudikatzeak geroaldi hobe bat pentsatzeko gaitasuna kendu digu”. Ados zaude? Nolakoa da komiki honetako etorkizuna?
Bai, nahiko ados nago. Distopiaz lepo dago gaur egungo zientzia-fikzioa, hain justu errealitateak berak distopiaren ezaugarriak dakarzkigunean. Egungo irudimenaren joera eta dinamika orokor horretatik ateratzeko irudimena bera daukagu, beste zentzu eta norabideetan elikatu behar dena, ahal den neurrian. Komiki honetan oso oinarrizkoa den etorkizuneko gizarte bat irudikatzen da, egungo teknologiarik gabe, dirurik gabe, hondamendiaren hondarretatik abiatu dena. Bestelako gizarte bat. Ez dakit utopikotzat jo daitekeen. Kontua da hor ere iraganera itzuli nahi duenik ere badagoela...
Hirugarren komikia duzu hau. Zer ematen dizu genero honek?
Aukera zabalak eta erronka interesgarriak eman izan dizkit orain arte. Paperezko “pantailan” irtengo diren film “txikiak” egitea bezala da.
Komiki gehiago Txalapartan
Erlazionatutako edukiak
Hondamendiaren ostean
29/11/2023
Historia eta fantasia, eskutik
5/10/2022
Hitz gurutzatuak
28/11/2022
Comentarios 0 Comentario(s)