Sugintza eta mutina Zamorako apaiz-kartzelan · Xabier Amuriza
1968. eta 1976. urteen artean, Frankismo betean, apaiz talde batek Euskal Herriak jasaten zituen zapalkuntzaren eta errepresio basatiaren aurrean ahotsa goratzea erabaki zuen. Sermoien, idazkien, gose greben eta itxialdien bidez, haien herriaren eta munduaren aurrean euskal erresistentziaren ikur bihurtu ziren. Espainiar Estatuak, ordea, Elizaren onespenarekin, errepresioaren jomuga bihurtu zituen apaiz haiek, eta azkenean Zamorako apaiz-kartzelan amaitu zuten, Elizaren eta Estatuaren gatibu. Gure historiaren pasarte hau jaso genuen 2011n argitaratu genuen liburuan, eta horren kapitulu bat eskaintzen dizuegu jarraian, Xabier Amurizak idatzitakoa, Konkordatu Kartzela deiturikoa ireki zutenetik 50 urte bete diren egunotan.
Zamorako mutina eta ondorengo gose-greba liburu honexetako beste atal batean irakur daitezkeen bertsoetan kantatu nituen. Horietan kontatzen denarekin bat, gure salaketa nagusia zen han geunden apaizok ez genuela nahi tratu konkordatariorik, hots, elizgizonak bereiz edukitzeko pribilegiorik. Hori, bestalde, isolamendu zorrotzagoan edukitzeko aitzakia bat besterik ez zen. Guk geure burua preso politikotzat aldarrikatzen genuen, eta ohiko preso politikoen estatusa bindikatzen, kartzelako bizitza ere euren baldintza eta toki berdinetan eramateko. Ahal genituen presioak egin ondoren, eta Elizak ez zuela ezertan mugitu nahi ikusirik, azkenean, ekintza bortitz bat egitea erabaki genuen. Elizarekiko gure jarrera argi eta garbi geneukan hasieratik, Zamoran sartu eta hurrengo hilean Cirardari emandako paper batean azaltzen denez.
Zamorako apaizen mutina edo tornadoa deitu izan zitzaionak hots handia atera zuen kanpoan. «Nola zitekeen apaiz batzuek halako basakeria egitea, kartzelari su emanez, kapera barne?».
Hori, noski, kontrakoen iritzi eskandalizatua zen, baina Euskal Herrian eta nazioartean ere, beste esangura bat hartu zuen. Berriak zabalkunde handia hartu zuen. Esan beharrik ez dago, kartzelan ezertan alferrik hasi aurretik, erraza ez zen prestalan luze baten ondoren, kanpoko konexioak bermaturik genituela, ekintza bera eta ekintzaren motiboak aldarrikatzeko.
Mutina, laburturik, honela izan zen. Zazpi lagun ginen: Nikola Telleria, Jon Etxabe, Julen Kalzada, Pako Garcia Salve, Alberto Gabikagojeaskoa, Josu Naberan eta ni neu, Xabier Amuriza. Nikola gu baino askoz zaharragoa zen. Hirurogei urterantz zihoan. Ez genuen nahi hark ekintzan parte har zezan. Kostatu zitzaigun etsiaraztea, berak ere «azkeneraino» jo nahi baitzuen. Esan genion ez zela bera baztertzeagatik, baten bat libre uztea komeni zelako baizik, ondorengo ziegaldian konexio posibleren bat izan genezan. Argumentu horrek kobentzitu zuen, azkenean. Gure pabiloian (presondegi handi baten kartzela probintziala izana zen departamenduan), aipatu zazpi lagunok bakarrik geunden orduan. Bazen beste mallorkar adineko bat, delitu komunengatik, baina honegaz ez genuen inolako harreman politikorik. Elkarbizitzak eskatzen zuen giza harremana bakarrik.
Pentsatua genuen bezala, goiz batez izango zen ekintza, funtzionarioen errelebo aldakuntza baliatuz. Une horretan, elkar agurtu, behar ziren paperak sinatu eta abar, halako laxoaldi bat izaten zen, zihoazenen eta zetozenen arten. Aldakuntza bederatzietan izaten zen. Pako Garcia Salve zigorziegan zegoen. Lortu zuen zortzi eta erdietan dutxetara ekar zezaten, garbitzeko «premia urgenteren bat» zeukala eta. Dutxak beste lagunon aldean zeuden. Funtzionario batek eraman zuen, bueltan berak ekartzeko, gurekin nahasi gabe, eta han zegoen gizona, erdi biluzik, noiz hasiko zain, dutxatzeko plantak eginez. Halaxe izan ez balitz, Pako isolaturik geldituko zen bere ziegan, eta ezin izango zuen ekintzan parte hartu.
Jon Etxabe eta Alberto Gabika jantoki inguruan zeuden. Etxabek eman behar zuen hasierako kolpea, funtzionarioen mugida jantokitik behatzen baitzen ondoen. Julen Kalzada egongelan zegoen, hango telebista eta mahaiak apurtzeko zain. Josu Naberan eta ni goiko lotegian geunden, denok batera lo egiten baikenuen, sala handi batean. Ordu horretan, lotegiko atea oraindik ixteko egon ohi zen. Hiru solairu ziren: dutxak eta patioa behekoan, jantokia, egongela, ping-pong gela eta komunak erdikoan, eta gorengoan lotegia, eritegia eta, beherantz, solairu artean, kapera.
Bakoitza bere tokian prest geundela, Etxabek jo zuen lehen kolpea. Aulki batekin mahai gainera igo eta puskatzen hasi zen, egundoko danbarradan. Haren inguruan zegoen Gabika ere berdin, ahal zuen guztia txikitzen. Besteok ere hasi ginen geure lanean. Dutxetan zegoen Pako, ezer janzteko asti gabe, praka motxetan hasi zen txikizioan, kristalak, ateak, iturriak eta txikigarri guztia puskatzen. Leiho txiki bat atera eta haregaz kristalak apurtzen zituen. Leihoak eta kristalak oso txikiak eta lodi-lodiak ziren, ehun dioptria bezalakoak, erdi transparenteak, beirate osoa sare bat bezalakoa zela. Pakok kolpeko bat apurtzen zuen, oinaztuaren abiaduran. Dutxetan apurtzekoak buruturik, erdiko solairura eta handik gorantz zetorren, zorua dena kristal xehez utzirik. Julen aulki bategaz telebista apurtu ezinik zebilen. Inork ez genuen itxaroten telebista pantaila hain puskaezina izan zitekeenik. Aulkiagaz ezinda, barra formako erradiadore bat askatu zuen, eta haregaz ere ezin. Desesperaturik zebilela, Gabikak esan zion: «Jaurti eik patiora!». Aparatua bizkarrean hartu eta, kanpora ematen zuen pasabidetik, solairu bat beherago zegoen patiora jaurti zuen. Puskatu zen, bai, ez edonola!
Naberanek eta nik lotegiko koltxoiei su eman behar genien. Ez geunden ziur nola erreko ziren, ezta erreko ziren ere. Su azkarra emateko beste gairik ez baitzen kartzelan, koltxoiek huts egiten bazuten, kanpotik ezingo zen ezer ikusi. Koltxoiak halako apar zakar eta zikin batekoak ziren. Eman genien su, eta bai hartu ere. Bo, sua ez hainbeste, baina zer zen hango kea! Beltz-beltza, gizen-gizena, petrolioa bezalakoa.
Kostatu zitzaigun koltxoiak elkarren gainera botatzea, ito behar baikinen. Kea hasi zen leiho irekietatik txorro bortitzetan irteten (kearentzat barroteak ez dira etsai), eta horixe zen kartzela ondotik zihoan Duero ibaiaren beste aldetik ikusi eta filmatu zutena. Efektua lortua zen, kartzela benetan sutan zegoela ematen baitzuen kanpotik. Lotegitik alde egin behar izan genuen, itoko ez baginen. Beherantzean, Naberanek kaperako atea apurtu zuen (itxita egoten zen eta guk ez genuen erabiltzen), barruan ahal zen txikizioa egiteko. Hori komunikabideetan oso maiseatua izan zen. «Nola liteke apaizek kapera ere erre eta apurtzea?». Gaitzespen hori aurreikusirik, gurutzea bereizteko erreflexua izan zuen, sakrilegio bat egiteko asmorik inondik ere ez genuela adieraztearren.
Artean, Etxabe eta Gabikaren inguruan gertatu zen funtzionarioak pentsatu zuen (eta benetan sinetsi) zoratu egin ginela. Harri eta zur, bere buruagatik beldur zen. Gabikak esan zion: «Geldi bazaudete, ez zaizue ezer egingo». Orduantxe lasaitu zen gizona ia infarto zoritik. Mallorkar preso komuna ere izuturik baztertu zen zoko batera. Telebista «tripak zeriozkiola» ikusi zuen Julen animatu zen arrakasta haregaz, eta egongela amorruz txikitu zuen. Bakoitzak pentsatua genuen lehen kolpea buruturik, gero ahal zuenak ahal zen guztia eta ahal zen azkarren puskatzea zen kontsigna. Elkar ez beste guztia, baina ez zegoen erraz elkar apartatzen. Ekintzatik kanpora gelditzea erabaki zen Nikola, bera ere sartzeko sutan zegoela genekusen, eta agindu behar izaten zitzaion: «Nikola! Zu, geldi!».
Zamorako apaiz-kartzela
Xabier Amuriza Zarraonandia Félix Placer Ugarte Edorta Jimenez Ormaetxea Pablo Muñoz Peña Josu Naberan Angel Zelaieta Gisasola Julen Kaltzada Ugalde Miel Anjel Elustondo Etxeberria
Editorial Txalaparta
Hondamen guztia hamar minutu inguru izan zen, gehienez ere ordu laurden. Geu ere harriturik geunden hain denbora laburrean nola egin zitekeen halako triskantza. Ez ginen zoratu, baina bai zoraturik bezala ekin. Kartzelako zuzendari, zerbitzuburu, funtzionario eta behar ziren errefortzuak antolatu zirenerako (makilaz eta trepetxuz horniturik etorri ziren, agian armaz ere bai), egin beharrekoak eginak ziren, eta han baztertu ginen patioko horma kontrara, geldi-geldi, otzan-otzan. Hurrengo urratsa jakina zen. Berehala zigor-ziegetara. Bi, Jon Etxabe eta Pako Garcia Salve, probintzialean bertan entzerratu zituzten, eta beste laurok presondegiko zelularra edo tuboa zeritzonera. Guretzat, ekintzaren gogorrena orduantxe hasten zen, gose-grebari ekitea erabakia baikenuen. Ekintzagatik auzipetu gintuzten, eta horregatik eta gose-grebagatik, hiru hilabeteko ziegaldia ezarri. Ekintza azaroaren erdi aldera izanik, negua zuloan igaro beharko genuen.
Nikola gugandik guztiz bereiz gelditu zen eta ezin zigun ezertan lagundu, baina ez zen alferrik izan hura aparte gelditzea. Abenduaren 20an Carrero Blancorena gertatu zen. Funtzionarioak lutuzko besokoz etortzen hasi ziren. Mila laguneko presondegi guztian, patioetako musikak isildu ziren. Seinale guztiak ziren zerbait handia, oso handia gertatu zela Espainian. Baina ez ziguten esan nahi. Zirikatzen genituen era guztietara, eta haiek zenbat eta sekretismo gehiago agertu, gure espektazioa eta antsietatea handiagoak ziren. Lau egun egin genituen ezer jakin ezinik, Gabon gaua heldu arte. Egun horretan, egun handiari zegokion salbuespen modura, zigortuei ere elkarrekin afaltzen uztea zen ohitura. Probintzialeko eritegian izango zen afaria, ohi baino hobea bera. Bagindoazen, eta berria emateko irrikaz zegoen Nikolak urrundik oihu: «Carrero!». Hura izan zen esplosioa! Nikolak berak ere nola jakin ahal izan zuen oso bitxia da. Hura libre, baina bakarrik zegoen. Hari ere ez zioten ezer esan nahi, baina susmatu zuen zerbait handia gertatu zela, egunkariak (ABC, Ya, Diario de Zamora eta Marca) guztiz mozturik baitzetozen. Zuloguneak gehiago beteguneak baino. Harrigarriena zen Marca ere (kirol egunkaria) dena leihoz josita zetorrela. «Zer arraio gertatu dok hemen?», txunditzen zen Nikola. Hartan, ari da Zamorako maila oso apaleko futbol partida bateko kronika txiki baten letra txikia irakurtzen, eta non aurkitzen duen:
Y en el descanso se guardó un minuto de silencio por el asesinato de Carrero Blanco.
Zentsura ahalguztiduna ere deskuidatzen zen batzuetan.
Esan bezala, kontatu berri den txikizioa amaiturik, gose-greba etorri zen jarraian. Eta hara non, hamahirugarren egunean, Madrilgo Carabanchelgo eritegira aldatu gintuzten. Han astebete eginik, berriz lekualdatzea iritsi zenean, beste espetxe batzuetara bananduko gintuztela sinetsirik geunden, gainerako preso politikoen tratu eta sakabanatze berdinean. Madrilen, garaile eta euforiko sentitzen ginen, eta hantxe egin nituen arestiko bertsook, dema irabazi genuelako uste osoan. Kontaketan eta bertso hauetarako bereziki egin nuen doinuan ere islatzen dela esango nuke garaipen sentsazio hori.
Xabier Amuriza, Zamorako apaiz-kartzela liburutik hartua.
Zamorako espetxean egon ziren abadeak Bilbon elkartu dira (albistea eta bideoa uriola.eus-en)
Comentarios 0 Comentario(s)