Denak gara alaba | Ines Osinaga
Kontzeptuari buruzko sarrera mamitsu baten ostean, hainbat emakumeren lekukotzak jaso ditu Estitxu Fernandezek, gozo bezain zorrotz, indarkeria obstetrikoari hitzak, ahotsa eta gorputza jartzea, sendabide ez ezik, harekin bukatzeko lehen urratsa delakoan. Liburuan kontatzen direnak ez dira kasu bakartuak; horren adierazle, Ines Osinagak ere bere lekukotza utzi nahi izan du.
denak gara alaba
kostatu zait testu hau idaztea
asko
egia esan, kostatzen ari zait orain ere hitzak bilatzea
zauriarekin topo egiten dudanean min ematen dit oraindik
orbaindu den arren, orbainak gogorarazten dit nola behin bortxatu gintuzten segurua zela uste genuen ez-leku hartan
urteak pasa dira lehenengoz erditu nintzenetik, zazpi oso-osoak eta apur bat gehiago
urte hauetan hitz egin izan dut nire erditzeez, erdiondoez, titiaz, gorputzaz, odolaz, zauriaz, depresioaz, amatasunaz
nire amatasunaz
alainek dioen bezala, niri buruz hitz egitea baita zuri buruz hitz egiteko nire modua
nire amatasuna ez baita zurearen berdina, amatasunak, gorputzak bezala, emakumeak* bezala, askotarikoak direlako, anitzak
nik amatasun askeen alde egiten dut amets, eta bide horretan ekiten dut, horrela baino ez baitut ulertzen (ez)amatasun feministak
azken aldian nire ama-esperientziatik jarduteko gonbitak jasotzen ditudanean ezezkoak ematen ditut
batetik, ez dudalako sufritu nahi, eta zaurira bidaiatzeak momentu batzuetan (eta ez-leku batzuetan) min ematen didalako
bestetik, ez naizelako ni bakarrik. biolentzien aurrean gorputza jartzeak “niri gertatu zaidala” irudika dezakeela pentsatzen dudalako. nahiz eta gorputza jartzeak, biolentziari izena jartzeak, bortxak gorpuzten dituen, erreak bihurtzen dituen, itzalpetik askatzen dituen, armairuetatik ateratzen dituen.
eta azkenik, ahots desberdinak entzutea merezi dugulako
bai zuek, eta bai nik
bai gure alabek, eta baita gure amek ere
#nierebai
Ni ere bortxatu ninduten segurua zela uste nuen gune horretan. Bai, kamaradak. Hemen ere gertatzen da. Orain gertatzen ari da. Eta izena duena, bada. Hemen eta orain. Existitzen da. Gertatzen da. Gertatzen ari da.
Nire herriko jaietako txoznatan bortxatzen gaituzten bezala, nire herriko ospitaleko paritorioetan ere bai. Eta ez, ez da gure errua. Eta bai, guztion ardura da.
Eta bada garaia oihu hau ere plazara ateratzeko.
Zure Ama, zure Alaba, zure Ahizpa, zure Laguna, zure Bizilaguna... bai. Gu ere bai. Amak ere bai.
Baina, nola heldu zinen zu horraino? Azkenekoz galdetu zidatenean apurtu nintzen... Azkenekoz galdetu zidatenean konturatu nintzen zenbatetan galdetu diguten. Niri galdetu didaten bakoitzean zuri ere galdetu dizutelako. Zuri galdetzen dizuten bakoitzean guri ere galdetzen digutelako.
Ze, noski, gu, emakume* ahaldundu, nola heltzen gara horraino? Gu, emakume* feminista eta autodefentsan irakurria, nola uzten gara jazartzen? Zein puntutan aitortzen diogu guk beste gorputz bati gure gorputzean indarrez jarduteko eskumena? Nola uzten diogu norbaiti guk nahi ez dugun edozer egiten? Noiz uzten diogu guk ez dugula nahi esateari? Noiz jartzen dugu guk zalantzan ezetz esateko gai garela, ezetz esatea zilegi dela, eta baietz ez dena ezetza dela ahaztu? Nola uzten diogu beste gorputz bati gure gorputzean indarrez sartzen?
Ez. Ez diogu uzten.
Ez gara gu horraino heltzen garenak. Inori ez zaiolako inporta nire ohean zer gertatzen den, baina nire ohean gertatzen dena guztion ardura delako. Pertsonala politikoa delako.
Ez naiz ondo akordatzen zer gertatu zen, baina ezin dut ahaztu nola sentitu nintzen. Ezin dut ahaztu etzanda, biluzik, ohe hartan natzala, hotzez, ikaraz... eta ez nuela bertan segi nahi. Ezin nuela gehiago. Hil egin nahi nuela. Nik segurutzat nuen leku hartan jarraitu baino, nahiago nuen hil.
Parean neukan erizainari begitara begiratu eta esan nion: lokartu nazazue, mesedez. Hemendik aurrera ez dut ezertaz enteratu nahi.
Zu larrutan egitera joan zinen, eta bortxatu zintuzten. Ni erditzera joan nintzen, eta erditik zabaldu ninduten.
Nola heldu gara gu honaino?
ines osinaga
Erlazionatutako liburuak
Erlazionatutako edukiak
Indarkeria obstetrikoaz, gozo eta zuzen
19/09/2023
Estitxu Fernandez: «Liburu hau sistema seinalatzera dator»
2/10/2023
Klasiko oso gaur egungo bat amatasunaz
11/05/2020
Comentarios 0 Comentario(s)