Indarkeria obstetrikoaz, gozo eta zuzen
Estitxu Fernandez psikologo eta idazlea osasun mental perinatala sustatzeko elkarte batean aritzen da, eta ehunka emakume akonpainatu ditu beren haurdunaldian, erdiondoan eta hazierako lehen urteetan. Erditze errespetatuei eta askotariko amatasunei buruzko liburu banaren ostean, egileak gai gatazkatsu bezain beharrezko bati heldu dio, gozo eta zuzen, esperientzia hauetaz hitz egiteak ekar ditzakeen onurez eta hobekuntzez jakitun.
Indarkeria obstetrikoaz hitz egitea ez da gauza berria. Horrek ez du esan nahi, ordea, gauza onartua denik, ez konpartitua, ez arantza gabea. Aldagai kultural, ekonomiko eta egiturazkoek eraikitzen dute indarkeria obstetrikoa; emakumeen haurdunaldi, erditze eta erdiondoan osasun-sistemako profesionalek emakumeari edota umeari ematen dioten tratu txarraz ari gara, eta ondorio fisikoak eta psikologikoak eragiten ditu. Ederki kabitzen da, beraz, patriarkatuaren baitan. Osasun-arloko adituak pazientearen hobe beharrez aritzen dira gehienetan, baina ez beti. Batzuetan, lan-jardunaldia lehenbailehen bukatu nahi dutelako eragiten dute erditzea; edo erditze-gela hustu behar delako; edo asteburua libre izateko programatzen da zesarea bat. Esku hartzen dute, jakinda hori ez dela emakumearentzat onena, haren beharrak bigarren mailan jartzen ari direla. Gehienetan, ez dira ohartzen, ikasi dutena errepikatzen dute: emakumeari ez diote informazio osoa ematen, edo beraren partez erabakitzen dute. Ez da beti gertatzen, noski, eta denek ez dute berdin jokatzen; baina arazoa egiturazkoa da, sistemarena berarena. Kontzeptuari buruzko sarrera mamitsu baten ostean, hainbat emakumeren lekukotzak jaso ditu Estitxu Fernandezek, gozo bezain zorrotz, indarkeria obstetrikoari hitzak, ahotsa eta gorputza jartzea, sendabide ez ezik, harekin bukatzeko lehen urratsa delakoan.
Feminismotik begiratzen diote indarkeria obstetrikoari bai egileak eta bai orriotara ekartzen dituen emakumeek, prozesu pertsonala eta kolektiboa uztartuz eta eskubideak bezala sareak eta erantzukizunak azaleratuz.
Egilea
Estitxu Fernandez (Lesaka, Nafarroa, 1975). Psikologoa da, osasun mental perinatalean aditua. Garai batean kazetari eta bertsolari jardun zen, eta azken urteetan haurdunaldian, erdiondoan eta hazierako lehen urteetan emakumeak beren behar emozionaletan akonpainatzen ditu. Horri loturik, amatasuna, feminismoa eta haurdunaldi zein erditze kontzienteak hizpide izan ditu Gure erditzearen jabe (Erein, 2014) eta M ama eme ume (Elkar, 2022) liburuetan, azken hori Erika Lagomarekin batera idatzia.
Garai batean, amatasuna kondena bihurtu zitzaion emakumeari, eta askapen mugimenduan traba modura ikusi zen. Etxeko aingeruaren patu patriarkal horri buelta eman behar izan zion, normala den bezala; Adrienne Richek Emakumeagandik jaioak liburuan dioen bezala, ordea, amatasunaren praktikari berari kontra egin zitzaion, eta bi mutur sortu ziren: egin lan umerik ez bazenu bezala eta zaindu umeak lan eginen ez bazenu bezala. Geroztik, bi mutur horien artean beren amatasun propioak sortzen saiatu dira emakumeak. Medikalizazioaren aurrean, erditze natural baterako joera sortu zen; indarkeriarekin bukatzea zen asmoa, baina bidea ez da arnasten ikasteko hiru ikastaro egitea. Azken boladan, erditze natural baterako deia baino gehiago, erditze errespetatu baterako eskakizuna nagusitu da; hori ez da eskaera esentzial bat, ez gaitu biologiaren mendeko bihurtzen. Biologia eta kultura eskutik doaz; haurdunaldia edota erditzea gure prozesu sexualaren parte direla eta oinarri fisiologiko potente bat dutela esateak ez du alderdi psikosozialaren kontra egiten. Hori esanda, uste dut mesfidantza gainditzeko unea dela eta feminismoak salbatuko gaituela oraingoan ere. Emakumeak haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan akonpainatzeko bideek eta erabaki guztiek feminismotik behar dute izan. Aliantzak eta ahizpatasuna derrigorrezkoak dira.
Estitxu Fernandez
Erlazionatutako liburuak
Erlazionatutako edukiak
Klasiko oso gaur egungo bat amatasunaz
11/05/2020
Maternidades en lucha: mujeres dueñas de sus vientres y de sus partos
29/04/2020
Maternidades, cuidados y revolución
1/02/2021
Comentarios 0 Comentario(s)