Neu nintzen Yetia · eSPedizioa · Juanra Madariaga
Juanra Madariaga (eSPedizioa liburuaren egilea, mendizalea eta kazetaria)
Karakorum aldean ibilia banintzen ere, huraxe izan zen Nepal aldera abiatu nintzen lehen aldia. Nora, eta handirenera: Everest.
Himalaiako mendikatea infinitua zela begitandu zitzaidan, eta batez ere altua. Begiak ia zeruan jos behar nituen mendietako malda pikoak jarraiturik, makina bat mendiren gailurretaraino heltzeko. Neurrigabekotasunaren paradisua zen hura, eta ni gizaki ñimiñoa.
Espedizio baterako hornidura pertsonalaren barruan, mila gauzez arduratzeko beharra izaten duzu. Niri zer liburu eroango ditudan erabakitzeak atentzio berezia eskatzen dit.
Mendea aldatzear zegoen garai hartako udazkenean abiatu ginen Solo Khumbu aranaren buruan dagoen Sagarmatha mendira eta, hortaz, liburu zenbait zetozen poltsa handiaren barruan. Orain ez ditut izenburu guztiak memoriaren estratan, batena izan ezik, Wislawa Szymborskaren Paisaje con grano de arena. Ana María Moix eta Jerzy Wojciech Slawomirskiren bulkadaz egindako antologia zen, Lumen argitaletxean argitaratuta.
Hasieratik itsutu ninduen Szymborskaren poesiaren argitasunak. Sinesgarritasun malenkoniatsua atzeman nuen lerro bakoitzean, eguneroko gauzak doitzeko nabardura borobila. Espedizio hartatik miretsi izan dut Wislawa Szymborska.
Arratsalde batean, altuerak emandako egurraren osteko premiazko atsedena hartzen ari nintzela, liburua zabaldu nuen, eta De una expedición no realizada a los Himalayas izeneko poema egokitu zitzaidan begien aurrean. Estonaturik irakurri nuen: “Hortaz, hauxe da Himalaya/ Ilargirantz korrika doazen mendiak/ Hodei-desertu bat, zuloz beterik/ Ezerezean kolpe bat”. (…)
Espedizio batean nengoen, eta nirekin, inoiz espediziorik egin ez, baina bertako paradisua ondoen ezagutzen zuen poeta bat: Szymborska.
“Yeti itxaropena heredatzen dugu” ziostan.
Comentarios 0 Comentario(s)