Patricia Highshmithen 'The Blunderer' eleberria itzultzeko beka abian jarri du (H)ilbeltzak
2018ko (H)ilbeltza beka -euskal literatura beltza sustatzeko abian jarritako ekimena- Patricia Highshmith idazle estatubatuarraren The Blunderer liburua itzultzea izango du xede, Baztango Udalak, (H)ilbeltzak eta Txalapartak iragarri bezala. Parte hartzeko, ekainaren 21a baino lehenago aurkeztu beharko da liburuaren 29. kapituluaren lagin bat.
Martxoaren 27an, Baztango udalean, Joseba Otondo alkateak, Maitane Maritorena (H)Ilbeltzako kideak eta Mikel Soto Txalapartako editoreak II. (H)ILBELTZA BEKA aurkeztu zuten. Baztango Udalak eta (H)ilbeltza elkarteak Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin sortu zuen beka hau, euskal literatura beltza hedatzeko eta munduko literatura beltza euskaratzeko
Joseba Otondo Baztango alkateak hitz egin zuen aurrena eta Baztan Euskal Herriko kultura-mapan kokatu nahi dela eta hori “eragile gisa” egin nahi duela nabarmendu zuen. Gogora ekarri zuen aurreko urtean aurkeztu zutela beka eta Miel Anjel Elustondo azpeitiarrak irabazitako lehen beka hark sorkuntza sustatu nahi zuela. Aurtengoak, berriz, itzulpena bultzatu nahi du “bistatik galdu gabe itzulpenak ere baduela sorkuntzatik”.
Maitane Maritorena (H)Ilbeltzako kideak ere gai horri helduta, zera nabarmendu nahi izan zuen: “Iaz hasi genuen bideari jarraituko diogu aurten ere. Sormenera ez ezik, itzulpenari ere ateak irekitzea da gure nahia, aukera ederra iduritzen baitzaigu mundu zabalan dauden nobela beltz interesgarriak gure hizkuntzan, euskaraz, leitzea”. Berak iragarri zuen Patricia Highshmith idazle estatubatuarraren The Blunderer liburua itzultzea izango dela aurtengo bekaren xedea.
Mikel Soto Txalapartako editoreak azaldu zuen Higshmith hautatu izanaren arrazoia eta garrantzia. Idazle honek literatura beltzean izan duen eragina nabarmendu zuen eta itzulpen beka “emakume batekin abiatu nahia” gaineratu, horretarako Higsmith aukerarik onena zela iritzita. Halaber, idazle estatubatuarrari buruz esan ohi dena gogora ekarri zuen: “Higshmithek gizakiei buruz idazten du armiarma batek intsektuei buruz hitz egingo lukeen bezala”.
Nerabezaroan irakurritako Hontzaren garrasia eleberriak harengan utzitako arrasto sakona ere aipatu zuen Txalapartako editoreak. Higsmithen pertsonaiarik ezagunena ere hizpidera ekarri zuen: Tom Ripley. Eta, horren harira, euskaraz argitaratu diren lanak aletu zituen: Ripleyren jokoa eta Ripley trebea eleberriak euskaratuak dituzte Maria Garikanok eta Asun Garikanok; Igela argitaletxeak kaleratu zituen 1995 eta 1999an. Horiez gain, Koro Navarrok Poliki, poliki haizetan narrazio bilduma euskaratu zuen 1988an, Elkar argitaletxearen eskutik.
Parte hartu nahi dutenek The Blunderer lanaren 29. atala itzuli beharko dute
Bekan parte hartu nahi duten itzultzaileek, beraz, Patricia Highsmithen aipatutako eleberriaren lagin bat itzuli beharko dute, zehazki 29. atala. Atal hori eskuragarri egonen da www.ilbeltza.eus web gunean.
Lanak aurkezteko epea 2018ko ekainaren 21a da eta, aurreko urtean bezala, Baztango Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek itzulpen laginak.
Epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2018ko irailaren 15a baino lehen. Aurtengo epaimahaia Joseba Otondo Baztango alkateak, Mikel Soto Txalapartako editoreak eta Miel Anjel Elustondo, aurreko urteko irabazleak osatuko dute.
Lagin irabazleari 3.000 € emanen zaizkio hasiera batean (2018ko irailean) eta itzulpena amaitzerakoan beste 2.000 €. 2019ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak.
Euskal Herriko itzultzaile eta idazleak parte hartzera gonbidatu dituzte eta aurreko urteko bekaren irabazleak saria jasotakoan esan bezala, “datorrena datorrela beltza”.
Comentarios 0 Comentario(s)