Slavenka Drakulić | Biolentzia, terrorea eta memoria
Urrian argitaratu dugu idazle eta kazetari kroaziarraren Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko saiakera, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista ohia zatikatzeko bidean jarri zela 30 urte bete direnean. Lehenago ere bagenuen autorearen beste liburu bat euskaraz: Han ez banengo bezala (Pasazaite, 2018). Lehenengo hartan, emakumeen aurkako bortizkeria jorratzeko eleberriaz baliatu zen idazlea, zenbaitetan fikziozko hari baten bidez horroreak kontatzea eraginkorragoa delakoan. Oraingo honetan, Nazioarteko Justizia Auzitegian egindako epaiketen lekuko zuzena izan eta gerra-krimenez auziperatutakoei ahotsa eta gorputza jartzen die, hainbat kasu paradigmatikoren bitartez. Europan Bigarren Mundu Gerraz geroztik izandako hilketa masiborik handienaren berri emateaz gainera, indarkeriari eta ongiaren eta gaizkiaren arteko muga zentzugabeari buruzko gogoetak egiten ditu. Bai eleberria eta bai saiakera literario hau Amaia Apalauza itzultzaileak euskaratu ditu. Hainbat komunikabidetako elkarrizketa puskak bilduz, liburuan eta gerra hartan sakondu nahi izan dugu.
Heather McRobie (Open Democracy): Balkanetan, 1990eko krimenen me-moria arriskuan al dago?
Slavenka Drakulić: Jugoslavia ohiko errepubliketan bizi diren horiek gizarte totalitario baten zama astuna daramate gainean. Arrakala bat da zama hori, historia ofizialaren eta memoria pertsonalaren artekoa. Gertakari historikoak alderdi komunistaren ideologiaren arabera moldatuak izan ziren. Memoria kontu pribatu bat izan da, eta ez zuen zertan bat egin “historia” harekin. Batzuetan, arriskutsua ere bazen aipatze hutsa. Gaur egun, sistema politiko demokratikoa gorabehera, egoera antzekoa da. Historia nazionala kasuan-kasuan indarrean den ideologiaren neurrira josten da. Egia, eraikitzen duen nazioaren araberakoa. Lurralde honetan ez dugu bat egiten historia komun batean, ez dago adostasunik guztiok onartuko dugun eta aurrera egiten utziko digun oinarrizko errelato batean. Halakorik gertatzen ez den bitartean, memoria arriskuan egonen da, eta manipulazio politikoaren eskura. Baina historia komuna ez da erraza eraikitzen; begira bestela Frantziari eta Alemaniari, zenbat behar izan zuten Bigarren Mundu Gerra gainditzeko.
Álvaro Colomer (Yo, dona): Uste duzu europarrok ulertzen dugula Hagako Auzitegian gertatzen dena?
Slavenka Drakulić: Europarrek ez dute ulertu, edo ez dute ulertu nahi izan, hainbat gauza. Ulertzeak ardura hartzea dakar. Urte luzez jardun zuten gerra hura Europan gertatu izan ez balitz bezala, Balkanak Marten balira bezala. Nazioarteko Auzitegia 1993an sortu zen, hain zuzen, Jugoslavia ohiko estatu independenteek ezin ziotelako egiari aurre egin, hots, eurek epaitu nahi ez zituzten soldadu batzuek eginiko gerra-krimenei. Nahi duguna pentsa dezakegu auzitegi horri buruz, esate batera politizatuegia dagoela eta arras motela dela, baina pixkana-pixkana, epaiketek agerian utzi dute gerrari buruzko egia. Krstic jeneralaren epaiketa gabe, sekula ez genukeen jakin izanen Srebrenican 7.000 bosniar exekutatu zituztela (nazionalitate musulmaneko herritarrak). Hagako Auzitegiak jokatzen duen paper historikoa ez da mugatzen gerra-kriminalak epaitzera, haietako oso gutxi kondenatuko baitituzte, beharbada % 10 baino ez (eta 2.000 inguru direla uste da); aitzitik, e gia ebaztea da. Auzitegi hori gabe, serbiarrek jarraituko lukete baieztatzen Srebrenicako sarraskia ez zela sekula gertatu, eta kroaziarrek, berriz, ez zituztela zibilak hil Krajinan.
Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko
Slavenka Drakulic Amaia Apalauza Ollo
Editorial Txalaparta
Gaia sakon aztertu duen kazetaria izanik, zer uste duzu gerta litekeela Kosovoko sezesioarekin?
[Elkarrizketa hau 2008an egin zen, Kosovoko Errepublikak independentzia aldarrikatu berria zuen, aldebakarrez. Bi urtez elkarrizketak etenda izan eta gero, 2020an itzuli ziren Serbia eta Kosovo negoziazio mahaira, Serbiak ez baitu Kosovo errepublika independente gisa onartzen.]
Bi ikuspegitatik begiratu beharko genioke gai honi: lehena, ordena moraletik, eta, bigarrena, legaletik. Ezin ukatu daiteke Kosovoko herri sufrituak askatasuna eta estatu propioa merezi duela, non terrorea jasan beharko ez duen. Eskubide moral ukaezina da, inork kendu behar ez liekeena, are gutxiago 1999ko exodoa eta gero, Milósevicen armadari beldur, milioi bat pertsonak ihes egin baitzuten Kosovotik. Bigarrenik, muga aldaketa halakoen aurrean aitortza auzi bat sortzen da. Bistan da herrialde askok ez dutela uste bereizketa eta independentzia aldarrikapen hori lege artis egin denik. Espainia, adibide bat jartzearren, ez dago prest Kosovoko estatu berria aitortzeko, zeren, zer gertatuko litzateke Kosovo eredutzat hartzen badute euskaldunek, Espainian, edo txetxeniarrek, Errusian? Gainera, beldurra dago oraindik ere Kosovok ez ote duen Balkanetan desoreka sortuko, batez ere Bosniari eta Mazedoniari dagokienean. Zalantzarik gabe, horretan dira zailtasun handienak.
Jacinto Antón (El País): Ba al dago ezer espezifikoa gerra hartako kriminalengan, naziez, Eichmann, Stangl, Hoess edo beste batzuez bereizten dituena?
Slavenka Drakulić: Diferentzia bakarra inguruabarrak dira. Bestela, ez dira gerra-kriminal bereziak. Ordutik, Nurembergeko epaiketetatik, argi geratu da ez direla munstroak, baizik eta jende arrunta. Gizarteko maila ezberdinetakoak dira, gaitasun intelektual askotarikoak dituzte, baina ez dira zu eta bion oso bestelakoak. Hori ez da erraza onartzen, baina onartu egin behar dugu. Munstroak direla pentsatzea da errazena, aparteko kategoria batean jartzen ditu, lasaigarriagoa; halere, faltsua da. Ni ziur nengoen ez nintzela sekula gai izanen haiek egindakoa egiteko. Baina orain, ez nuke inorengatik eskua suan emanen, ezta nire buruarengatik ere. Aukera hori onartu beharra dago. Ez dago santurik gure artean.
Nola gertatzen da, nola iristen gara gaizkira?
Biktimen deshumanizazioa faktore erabakigarria da. Prozesu geldoa da, Klemperer-ek bere egunerokoetan erakusten duenez. Hala gertatzen da beti, izan juduekin, izan Bosniako musulmanekin. Gerra, sarraskia, ez da tiroekin hasten, herritarren psikologia prestatze luzea dator lehenik. Jendeak jakin behar du zein den ernamuina, adi egoteko eta korronteak azpian ez harrapatzeko.
Hautaketa eta itzulpena: Garazi Arrula Ruiz
Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko
Slavenka Drakulic Amaia Apalauza Ollo
Editorial Txalaparta
Erlazionatutako edukiak
John Reed en la Primera Guerra Mundial: crónicas desde el frente oriental
28/08/2018
La guerra civil en Euskal Herria a través de las novelas
20/04/2021
Indarkeriari buruzko gogoeta, Jugoslavia zenaren desegiteaz harago
11/10/2021
Comentarios 0 Comentario(s)