Joseba Gabilondo
1963 Urretxu (Gipuzkoa, Euskal Herria)
Idazlea eta Michigan State Universityko irakaslea da. 1992an argitaratu zuen lehen liburua, Kaliforniatik bihotzez gutun-sorta, eta, 2009an, Apokalipsia guztioi erakutsia ipuin-bilduma. Hala ere, bereziki saiakeragile gisa egin da ezagun: 2006an Nazioaren hondarrak: euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak publikatu eta gero, 2014an, Euskadi saria irabazi zuen, New York-Martutene: euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz (edo nola desiratuko dugu orain?) liburuarekin, eta, 2015ean, Unamuno saria, Globalizazioak eta Erdi Aro berria: diferentzien itzuleraz lanarekin. 2016an, ingelesez eman zuen euskal literaturaren edo literaturen historia, Before Babel: A History of Basque Literatures, gurean euskarara ekarri duguna. Txalapartarekin, bestalde, Populismoaz: subiranotasun globala eta euskal independentzia argitaratu zuen, 2017an.