Carlotto auzia
Massimo Carlottok, Agur, maitea, ikusi arte eleberriaren egileak, bere bizitza korapilatsua erregai bihurtu du literatura egiteko. 1970eko hamarkadan hilketa bat egotzi zioten bidegabeki; ondorioz, kartzela zigorra ezarri zioten, eta epaia irmo bihurtu baino lehenago Frantziara ihes egin eta Latinoamerikara erbesteratu behar izan zuen. Bere eskubide zibil eta politiko guztiak ez zituen berreskuratuko 2004. urtera arte. Honela gertatu zen Carlotto auzia.
Esku-eskutik etorri ohi dira Massimo Carlottoren idazketa eta haren bizipenak. Hemeretzi urte baizik ez zituela, 1976an, emakume gazte baten hilketa egotzi zioten, eta Carlottok bere errugabetasunaren alde egiteari ekin zion. Haren esanetan, auzoko heroina trafikoari buruz ikertzen ari zen Lotta Continua antolakundearentzat, Paduako faxistak eta polizia bera trafiko horretan nahastuta zeudelakoan. Bere arrebaren etxe aurretik bizikletan pasatzen ari zela, oihuak entzun zituen eta emakume gazte bat hil hurren aurkitu zuen, labankadaz josia. Emakumeari laguntzeko asmoz haren gorputza ukitu bazuen ere, urduri jarri eta inori ezer esan gabe ihes egin zuen, arropak odolez zikinduta zituela. Gertatuaren berri hurbilekoei eman eta gero, Carlotto bere kabuz aurkeztu zen Carabinieriengana, abokatu batek lagunduta. Poliziek hilketaz akusatu zuten, eta urtebete eman zuen espetxean epaiketaren zain. Lehen prozesuan aske utzi zuten froga faltagatik, baina gero, auzi luze eta korapilatsu baten ostean, 18 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Epaia irmo bihurtu baino lehenago, abokatuak hala aholkatuta, Frantziara ihes egin eta Latinoamerikara erbesteratu behar izan zuen.
Italiako berunezko urteak ziren, eta haren kontrako jazarpen politiko eta judiziala gertatzen ari zela salatzen hasi zen. Mexikon hiru urte zeramatzalarik, 1985ean, poliziak atxilotu eta Italiara kanporatu zuen egoitza-baimenik gabe zegoelako. Sorterrira iristean, bere burua poliziari entregatzea erabaki zuen, eta berriro kartzelaratu zuten. Bitartean, abokatuek dokumentuak biltzeari ekin zioten haren kasua berriz irekitzeko, eta kalean haren aldeko presio soziala handitu zen. 1993an, Oscar Luigi Scalfaro presidenteak indultua eman zion Carlottori, eta 2004an, berriz, errehabilitazioa lortu eta bere eskubide zibil eta politiko guztiak berreskuratu ahal izan zituen. Ordurako, Carlottok sistema judizial ustela salatzeko erabaki irmoa hartua zuen, eta hasia zen horretan.
Kritikaz beteriko obra bizia
Il Manifesto egunkariaren arabera, “Carlotto da eleberri beltzen egungo idazle italiarrik onena”. Bere esperientziatik abiatuta, gizarte italiarraren zaurian aztarrika egiten du, zorne eta zikin guztia agerian utzi asmoz. Bereziki ezaguna da Marco Buratti Kaimana ikertzaile pribatua protagonista duten eleberri beltzen seriea. Baditu beste bilduma batzuk, Le vindicatrici (Mendekatzaileak), esaterako, Giorgio Pellegrini pertsonaiaren eleberriak; haien artean da Arrivederci amore, ciao, 2001ean argitaratua eta orain euskaraz aurkezten duguna Agur, maitea, ikusi arte tituluarekin.
Eleberri bizia da, irakurri ahala iruditan ikusteko modukoa. Ez alferrik, zinemara eraman zuen Michele Soavik 2005ean, eta urte berean komikirako egokitu zuten. Edgar Allan Poe sarietarako hautagai izan zen, eta bigarren postua lortu zuen Frantziako Grand prix de littérature policière (2003) izenekoan. Koldo Biguri itzultzaile, interprete eta irakasle gasteiztarrak ekarri du euskarara, IV. (H)Ilbeltza bekari esker, zeina Baztango Udalak, (H)Ilbeltza jaialdiak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean antolatzen baitugu. Ikuskizun dago bildumako hurrengo aleak, Eneko Barberenaren eskutik, zer parajetara garamatzan.
Koldo Bigurik (Gasteiz, 1962) irabazi zuen 2020ko (H)ilbeltza beka, Massimo Carlotto idazle italiarraren Arrivederci amore, ciao nobela euskarara itzultzeko proiektuarekin. Epaimahaikideen iritziz, «itzultzaileak jatorrizko obraren letrari eta estiloari tentuz eta zentzuz jarraitu die euskaraz baliokide bat sortzeko garaian. Ahalegin horretan bereziki nabarmentzekoa da elkarrizketen bizitasuna, italierazko obran erabiltzen den lagunarteko erregistroa imitatu nahian. Ildo horretan, itzultzaileak egin hautaketa lexikoa lagungarri gertatzen da. Orobat, joskeraren errazari esker, testuak ederki korritzen du, eta irakurleek eroso irakurriko dute».
Hilbeltza: sail honetan argitaratuak
Erlazionatutako edukiak
Hilbeltzak baditu bi
3/02/2020
Sotoan gordeak: ardo gorria ontzi beltzean
29/12/2020
Egungo Italiaren B aldea
21/12/2021
Comentarios 0 Comentario(s)