Caterina Albert i Paradís, 'Víctor Català': modernismoaren ikurra
Antologia honek Víctor Català idazlearen narratiban bidaia bat proposatzen du, mende erdi batean idatzitako hamar ipuinen bitartez. Modu kronologikoan aurkeztuak dira, eta idazleak bere bizian argitaraturiko lehen eta azken ipuinek -biak ala biak hemen jasoak- zirkulua ixten dute: aita ezezagun eta ama kementsu baten kumea dute protagonista, bizi den ingurunean bere lekua egin nahian borrokan dabilena. XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako bizi baldintza gogorrek bustiak, pertsonaiek zein gertaerek basakeria txundigarri batez diz-diz egiten dute idazlearen kontaera sentibera eta ñabarduraz betearen aldean.
Moja bizitzatik ihesi
L’Escalan sortu zen Caterina Albert i Paradís, lur-jabeen familia batean. Pribilegioz beteriko haurtzaroa izan zuen, eskolara urte gutxi joan arren ikasten jarraitu ahal izan baitzuen, eta gazte-gaztetik erakutsi zuen dohain handia zuela arteetarako: pintura, eskultura eta musika landu zituen. Jakin-min handikoa ere bazen, arkeologia, folklorea eta hizkuntzak maite zituen, eta hala, bere kabuz ikasi zuen frantsesez eta italieraz. Aita gazte hil zitzaion, eta Caterinak ama gaixobera zaindu behar izan zuen itxuraz aspergarria eta bakarti samarra zen Gironako eskualde hartan: “Moja bizitzatik eta leiho itxietako egunerokotik aldentzeko idazten nuen, piano irakasle bat ere ez zegoen herri batean; literaturari eskaintzen nizkion tarteak ziren nire entretenimendu bakarra”.
Aldizkari satiriko batean poemak idazten ekin zion bere ibilbide literarioari, eta 1898an Oloteko Lore Jokoetan bi lan aurkeztu zituen: Lo llibre nou poema eta La infanticida monologoa. Biak saritu zituzten, baina epaimahaia asaldatu egin zen monologoaren idazlea emakume gazte bat zela jakitean, gaiaren gogortasuna zela eta. Ordutik, Víctor Català ezizena erabili zuen Caterina Albertek, garai hartan idazten ari zen eleberriko pertsonaia bati hartua. Hasieran antzezlanak eta poemak idatzi arren, gerora gehien jorratuko zuen generoa narratiba izan zen, eta, bereziki, ipuingintza.
Hautaketaz
Gehienbat pieza laburrak idatzi zituen arren, Solitud (1905) eleberriak eman zion behin betiko aitortza, eta modernismo katalanaren ikur bihurtutako lan hori derrigorrezko irakurgai izan da urte luzez Kataluniako ikastetxeetan. Alta, 2018an hasita, haren ipuin guztiak bildu eta lau liburukitan argitaratu ditu Club Editor argitaletxeak, Tots els contes izenburupean. Horren edizioaz arduratu da, besteak beste, Blanca Llum Vidal poeta eta Catalàren obran aditua, eta horregatik eskatu genion hari euskarazkoaren hautaketa egiteko. Autorearen bibliografia osoaren hamar ipuin aukeratu ditu, benetan zeregin zaila, ehun ipuin inguru argitaratu baitzituen.
Hiru aldi bereizten dira hala Víctor Catalàren obran nola euskarazko edizioaren hautaketan: modernismoan, Drames rurals (1902) eta Caires vius (1907) bildumak argitaratu zituen, eta horietako hiru ipuin ekarri ditugu; 1907tik gerra zibilera bitarteko aldian, La mare balena (1920) eta Contrallums (1930) bildumetako ipuin bana; eta gerraondoan, Vida mòlta (1950) eta Jubileu (1951) bildumetako bost ipuin. Datei erreparatuz gero, aise konturatzen da bat etenaldiak gerra aldiei dagozkiela. Kronologiari ez ezik, gaiei ere begiratu die Blanca Llumek ipuinak hautatzerakoan, lagin adierazgarria gerta dadin, eta, autoreak hala egin zuenez, ipuinen luze-laburrak ere askotarikoak dira. Horrela, ipuinotan alderrai dabiltzan pertsonaiak, maitasun istorioak, herri txikietako estigmatizazioa, emakumeen arteko elkartasun sareak, haien kontrako erasoak, belaunaldien arteko transmisioa eta beste hamaika azpitrama ageri dira, betiere formaren sentsibilitate ñabarduraz beteak kontrastea egiten duela mamiaren gogortasunarekin.
Adituek diote
Haren obra osoaren ezaugarri bi dira estilo indartsua eta lexikoaren aberastasun zaindua. Hala bere lehen lanean (La infanticida) nola Solitud eleberri entzutetsuan eta azken ipuineraino (“Aleixeta”, bilduman jaso duguna), emakume protagonista ugari ageri dira, gehienetan beren inguru sozialean nor izan nahian ahaleginean. Indarkeriak blaitzen ditu lan asko, izan emakumeen kontrakoa, izan pobreen kontrakoa, izan ume edo zaharren kontrakoa. Hain zuzen, koherentzia eta kohesio handia dute haren lanek gaiei dagokienez, zoramena, biolentzia, izadia eta patua aldiroaldiro ageri baitira. Norbanakoaren eta gizartearen ikuspegi ezkor mingotsa adierazten duela esan izan dute, idealizazio bukoliko orotatik ihes egiten duela bai emakumeez eta bai landa giroaz mintzo delarik, eta alde horretatik Guy de Maupassant eta Henrik Ibsenekin alderatu izan dute.
Deskripzio psikologikoetan murgiltzen da maiz, eta izadiak nahiz animaliek pisu handia dute bere lanean, pertsonaia bihurtzeraino. Pertsonaiak dira paisaia, eta paisaia, natura basa. Baita pertsonaien arteko harremanak ere, tragikoak sarri eta arau orotatik urrun. Basakeria horren aldarrikapen bat ere badago, aske idaztetik egiten duena, Marina Porras kritikariak dioenez. Víctor Catalàren lanean ez dago konformismorik ez erosotasunik, eta hori ez zen gauza erraza izanen, zer garaitan ari zen kontuan hartzen badugu; autoreak berak esan zuenez, “sormenaren esferaren barruan, dogmak, eskolak, kodeak eta araudiak muga esan nahi du, eta hori moztearen baliokide da: moztea dekadentzia da, eta dekadentzia, aldaketa, heriotza”. Zentzu guztietan emakume askea izateko borondatea erakutsi zuen, eta haren ipuinetan grabatuta geratu da hori.
Erlazionatutako edukiak
Tundra gupidagabeko loreak
3/05/2021
Hautsi da kanpaia
3/03/2022
Landa eremuko ahots askea
2/11/2022
Comentarios 0 Comentario(s)