Itzalei, ahotsa
Itzal bat, silueta beltz bat, denak igualak. Ezizenak han eta hemen, isildutakoak, hitz erdiak eta ezin esanak. Izendatzen hasiz gero, aukera sorta: iheslariak, erbesteratuak, errefuxiatuak, deportatuak, zer hitzek hobeki adierazi hautu, jarrera edo halabehar politikoak dakarren zera hori. Euskal Herriko Iheslari Politikoen kolektiboak 2014an egin zuen jendaurrekoa, Arrangoitzen (Lapurdi). Ez lekuetatik eta ez denboretatik ateratako laurogei iheslarik baino gehiagok eman zuten orduan aurpegia, baina etenda baizik ez zaigu heldu haien ahotsa. Orain arte.
Nor dira silueta beltz betiberdin horien atzeko pertsonak? Zenbat urte dira itzal bihurtu zirela? Beste bat bihurtu behar izan ote dute? Beste nor dira gaur? Lagundu al die gordetzeak berriz hasteko? Hasteko, non? Hasteko, zertan? Nola hasi hutsetik, jakin gabe noiz arte?
1960tik 2010era bitartean, 3.000 euskal herritar inguruk ihes egin zuten beren sorterritik, eta nork bere bideari ekin zion, askotariko baldintza, garai eta geografiatan. 2014an agerraldia egin zuen iheslarien kolektiboak Arrangoitzen, eta ordutik ari dira pixkana haietako asko sorterrira itzultzen. Hargatik, tantaka baino ez dugu jaso haien ibilbidearen eta erbestean igarotako bizialdiaren berri, eta neurri handi batean ezezaguna da oraindik euskal iheslari politikoen errealitatea jendarte zabalaren begi-belarrietara. Liburu honek, zenbait iheslariren lekukotzaren bitartez, hamarkadatan luzatu den eta oraindik amaitu ez den deserriaren bidaian murgiltzeko tresna izan nahi du. Noizbait iheslari guztien egoera konponduko bada, ezinbestekoa baita bizitakoak eta bizitzen ari direnak ezagutzera ematea.
Euskaraz nonbait egongo da edo inon egongo da erran daiteke, eta bada Euskal Herri bat inon horretan bizi dena
Amets Arzallus
EZIZENARI, IZANA
Urtetan gure karriketako eta tabernetako silueta beltz izandako batzuk etxera itzultzen ari dira, 2014an Arrangoitzen egindako jendaurrekoaz geroztik. Zimurrak jantzita heldu dira batzuk, burua soildua edo urdindua bestetzuk, eta ziurgabetasuna berrituta gehientsuak. Aurpegia jarri diegu, entzun ditugu kantuan edo aspaldiko lagunekin kontu kontari, gure begietara hezur-haragizko bihurtu dira. Bistan da batzuk ez direla sekula itzuliko. Izan bidean geratu direlako, heriotzak harrapatuta; izan beldurrak eta zuhurtziak eragozten dielako; izan, kasurik onenetan, deserria etxe bihurtu zaielako. Nolanahi den, kasuak kasu, beharrezkoa da haien bizipenak eta ibilbideak argitara ematea, itzal izateari uzteko eta urtetako errealitate ezkutu bati, hain mingarria eta baldintzatzailea gizartearen parte handi batentzat, aitortza emateko.
EZ LEKUARI, KOORDENADAK
“Euskaraz nonbait egongo da edo inon egongo da erran daiteke, eta bada Euskal Herri bat inon horretan bizi dena”, esan zuen behin Amets Arzallusek. Euskal iheslariak Panaman izan dira, Venezuelan, Malin, Belgikan eta Aljerian. Eta badakigu Hego Euskal Herrikoek Bidasoaren beste aldea ere aterpe izan dutela maiz, muga administratiboaz baliatuta. Burkina Fasoko Thomas Sankararen gobernuarekin ere lortu zuten akordioa, baina ezerezean geratu zen presidentea magnizidioan hil eta gero. Hogeita hamar herrialdetako inon horietara guztietara iristeko, hamaika pasabide eta pasadizo, betiere errepresioaren mehatxua bidaide nekaezin. Zorionez, orobat nekaezin jardun dira bidean ateak zabaldu dizkieten eskuak.
EZ GARAIARI, AMAIA
Euskal Herria iraganean bizitzera kondenatu nahi dutenen aldean, bere ekarpena egiten ari da iheslarien kolektiboa, deserriarekin berarekin eta deserriak ekarritako min ezkutuarekin bukatu nahian. Azken mende erdian, bai iheslariek eta bai beren inguru hurbilak lagun izan dituzte elkartasun sareak, distantziak laburtzeko ahalegin franko eta babes material eta immateriala. Iheslarien ahotsa ekarri digute maiz lekuko horiek, iheslariei arnasa eman dieten berberek. Bada garaia, ordea, euren bizipenak lehen eskutik jasotzeko, zer izan den, nola izan den, kontakizunaren atal honi hitzak eta amaierako puntua jar diezaiogun.
Egileak
Jaione Dorai Oskotz (1985, Berriozar). Kazetaritza ikasketak egin zituen EHUn, Euskal Ikasketen masterra Baionan eta Hizkuntza Plangintza graduondokoa EHUn. Herri mugimenduan aritu izan da, eta horren ondorioz 2009an ihes egin behar izan zuen. 2014an itzuli zen sorterrira. Ipar Euskal Herrian hamabi urtez bizi izan da, non ikastolako langile aritu baita, eta gaur egun euskara teknikari lanetan dabil Nafarroa Garaian.
Ernesto Prat Urzainki (1985, Berriozar). Nekazaritzari eta zurgintzari lotutako ikasketak egin zituen. 2008an ihes egin zuen Guardia Zibilaren atzaparretatik eta idazten hasi zen. 2012an Urruñan atxilotu zuten. Egun Lekarozen bizi da eta ASLANA Nafarroako ardi latxaren elkarteko langilea da. Sariketak tarteko idatzi dituen ipuinez gainera, hiru nobela argitaratu ditu: Hiru ilargi laurden (Metaziri, 2013), Orpoz orpo (Txalaparta, 2014) eta Telleria eta gero, zer? (Elkar, 2017). Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzen duen (H)ilbeltza kolektiboko kidea da.
Gaiari buruzko liburuak
Erlazionatutako edukiak
Iñaki Egaña: "Erakunde politiko bat izan da ETA, borroka armatua burutu izan duena"
27/10/2017
15 libros para comprender la historia (y el final) de ETA
5/09/2018
La última entrevista con la dirección de ETA
25/04/2019
Comentarios 0 Comentario(s)