Landa eremuko ahots askea
Senez aldizkarian 2015ean argitaraturiko azterketa batean, Garazi Ugaldek zioen bazterreko hartu-emana dela euskararen eta beste hizkuntza gutxitu batzuen arteko literatura itzulpena, hizkuntza nagusiekiko itzulpenaren aldean, eta halere galegoa eta katalana eredu izan direla, nolabait, euskararentzat. Txalapartan, lehenago ere egin izan dugu hizkuntza gutxituetan idatzitakoak gurera ekartzeko apustua, elkar ezagutza horrek komunitateen arteko zubiak eraikitzen dituelakoan. Oraingoan, literatura katalanaren autore klasiko batekin gatoz, hizkuntza nagusietara ere urri itzulia, nahiz eta sorterrian hagitz ezaguna den: Caterina Albert i Paradís, luma-izenez Víctor Català.
Antologia honek Víctor Català idazlearen narratiban bidaia bat proposatzen du, mende erdi batean idatzitako hamar ipuinen bitartez. Modu kronologikoan aurkeztuak dira, eta idazleak bere bizian argitaraturiko lehen eta azken ipuinek −biak ala biak hemen jasoak− zirkulua ixten dute: aita ezezagun eta ama kementsu baten kumea dute protagonista, bizi den ingurunean bere lekua egin nahian borrokan dabilena. XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako bizi baldintza gogorrek bustiak, pertsonaiek zein gertaerek basakeria txundigarri batez diz-diz egiten dute idazlearen kontaera sentibera eta ñabarduraz betearen aldean. Caterina Albert i Paradísek gizon izenez sinatzeko hautua egin zuelarik, badirudi horixe zuela helburu: idazketa aske batetik pertsonen eta gizartearen itzalak arakatzea eta gizakien patua, bereziki emakumeena, indarkeriaren hari finez eraikitzea.
Antologia honek Víctor Català idazlearen narratiban bidaia bat proposatzen du, mende erdi batean idatzitako hamar ipuinen bitartez.
Egilea, gizon ezizenez sinatzen zuen Caterina Albert i Paradís, modernismo katalanaren ikurtzat hartzen da.
Blanca Llum Vidal poeta eta Catalàren obran adituak hautatu ditu autoreak argitaratutako ehun ipuinetako hamar, eta lagin adierazgarria eskaintzeko, kronologiari eta gaiei begiratu die.
Hautaketaz
Hiru aldi bereizten dira hala Víctor Catalàren obran nola euskarazko edizioaren hautaketan: modernismoan, Drames rurals (1902) eta Caires vius (1907) bildumak argitaratu zituen, eta horietako hiru ipuin ekarri ditugu; 1907tik gerra zibilera bitarteko aldian, La mare balena (1920) eta Contrallums (1930) bildumetako ipuin bana; eta gerraondoan, Vida mòlta (1950) eta Jubileu (1951) bildumetako bost ipuin. Datei erreparatuz gero, aise konturatzen da bat etenaldiak gerra aldiei dagozkiela. Kronologiari ez ezik, gaiei ere begiratu die Blanca Llumek ipuinak hautatzerakoan, lagin adierazgarria gerta dadin, eta, autoreak hala egin zuenez, ipuinen luze-laburrak ere askotarikoak dira. Horrela, ipuinotan alderrai dabiltzan pertsonaiak, maitasun istorioak, herri txikietako estigmatizazioa, emakumeen arteko elkartasun sareak, haien kontrako erasoak, belaunaldien arteko transmisioa eta beste hamaika azpitrama ageri dira, betiere formaren sentsibilitate ñabarduraz beteak kontrastea egiten duela mamiaren gogortasunarekin.
Egilea
Caterina Albert i Paradís, luma-izenez Víctor Català (1869 - 1966 L'Escala, Països Catalans). Idazlea, margolaria eta eskultorea izan zen. Gazte-gaztetik hasi zen idazten, Solitud (1905) eleberriak eman zion behin betiko aitortza, eta modernismoaren ikurtzat hartzen da egun. Halere, gehiago izan ziren argitaratu zituen pieza laburrak, XX. mendearen lehen urteetatik gerraondorainoko 50 urteetan. Orotara zazpi ipuin-liburu argitaratu zituen, bai eta bi nobela, bi poema liburu, antzezlanak eta kutsu biografikoa zuten testu batzuk ere. Errealismoaren eta sinbolismoaren arteko estiloa zerabilen, idazkera zainduaz betiere, eta oso presente daude haren lanetan genero ikuspegia eta izadia. Bere luma-izen osoa Víctor Català i Montseny izan zen, baina bere bilduma pribaturako gorde zituen olio pintura, eskultura eta akuarelak Caterina Albert izenez sinatu zituen.
Erlazionatutako edukiak
Emakumeen balentriak dosi txikitan | Mikel Vilches
14/11/2019
Tundra gupidagabeko loreak
3/05/2021
Hautsi da kanpaia
3/03/2022
Comentarios 0 Comentario(s)