Altza Porru
Baratze, soro eta alor guztietan bezala, langintza honetan era guztietako jendea bildu gara. BIZI BARATZEA, ALTZA PORRU! Jaia, pesta, erromeria eta eromeria, horixe da baratzea. Izan ere, zer ez du ematen baratzeak? Esaerak, atsotitzak, bertsoak, olerkiak, abestiak, musika, argazkiak, margolanak, eskulturak, dantza, zer jana eta bazka. Oraingoan bazka ederra moldatu dugu kuadrillan: komiki galanta. Luberri honetan baratzea sortzeko lanetan ez nintzateke inola ere sartuko Antton Olariagaren bultzadizoa gabe. Bederatzi irudigile hautatu nituen hasierako laia-lanetarako. Denekin, handik ez bada hemendik, nolabaiteko lotura bat dut, denen baratzeko uzta gustuko dut. Baina garrantzitsuena hizkuntzarekin duten lotura da. Sortzen dituzten istorioak ongarritzeko erabiltzen dituzten hitzek eta pitzek txoratuta naukate. Denenek. Bederatzirekin ekin genion luberri honi, baina bitarteko gorabehera batzuk direla medio Patxi Gallegok ezin izan du baratze honetan berea eman eta hartu. Zale amorratua nau, eta bere aitzurkada hemen ez izatera etsitzea kosta zait, baina ezin izan da. Mila esker, Patxi, ahaleginaren buruhausteengatik! Kuadrilla osatu dugu, bai ordea, gozamenaren baratzerako. Hiru eratako jendea gaude uneoro eta toki guztietan: ailegatzen ez direnak (gure artean “laurden gutxi” deitzen ditugunak), egonean daudenak eta joanak direnak. Niri giroa, sasoia eta lurraren azaroa bezala, batzuetan era batekoa eta besteetan bestekoa izatea gustatzen zait. Ailegatzen ez denarekin, atzerapauso horretan bertan pozten gara tarteka; beti ailegatzen diren horiekin, gutxi fidatu! Egonean dagoena bertarako da, aitaren batean usteldu eta aldamenekoen simaur izango da. Behar, benetan behar joanak direnak ditut nik beharrezko: sabeletik joanak, ahotik joanak, eskutik joanak, iruditik joanak eta, ororen gainetik, burutik joanak. Jende joana dut nik gustuko, eta lanerako, zer esanik ez. Joana badoa. Joanez ikasten du, beharko! Joanak joaten badaki. Joanean ausartzen da. Joatearen eromenak zanbat balio duen! Eta ez ahaztu sekula, txoroa
baino hobea da eroa!
Comentarios 0 Comentario(s)