- Home
- Txalaparta argitaletxea
Txalaparta argitaletxea
Txalaparta, euskaldunen antzinako perkusio-tresna herrikoia da, arbasoek komunikatzeko ere erabili zutena. Gaur egun, halaber, TXALAPARTA euskal argitaletxe aske eta independiente baten izena ere bada.
Nafarroatik, gure herriaren soberania kulturala eta informatiboa lagundu eta bermatu nahi duen egitasmoa da. Halaber, munduko herrien arteko harremana hobetuko duen edozein literatur lanen bozgorailu ere izan nahi dugu, errealitatea eraldatzen, memoria historikoa berreskuratu eta gordetzen, eta aniztasunari eta utopiei bideak zabaltzen lagunduz…
Urtean, batez beste, 30 liburu baino gehiago argitaratuta, TXALAPARTAk ia mila liburu argitaratu ditu guztira, gehienak euskaraz edo gaztelaniaz, eta askotariko katalogoa du hainbat bildumatan banatuta. Euskal gaiei buruzkoak, historikoak eta gaurkotasunekoak, beste internazionalista batzuekin osatzen direnak. Horien artean mundu osoko literatura, saiakera, nazioarteko politika, globalizazioa eta antikapitalismoa, ekologia, feminismoa, herri zapalduak, ezkerreko klasikoak eta abar argitaratzen ditugu. Erotismoari buruzko, haurrentzako, medikuntza alternatiboko bildumak ere argitaratzen ditugu, eta memoria historikoko entziklopediak, aldarrikapen-kartelak, etab.
Orain, gainera, Editores Independientes izenarekin, elkarlanean ari gara beste herrietako argitaletxeekin.. Honela, Mexikoko ERA, Txileko LOM eta Uruguaiko TRILCE argitaletxeekin batera argitalpen aniztasunaren aldeko borrokan ari gara etengabe, pentsamendu bakarrari aurre eginez. Hasieratik Alliance Internationale des Editeurs Indépendants-eko kide ere bagara.
Txalaparta Kluba osatzen duten guztiei esker argitaratu ditugu orain arteko liburuak, mila inguru, eta etorriko direnak ere, halaxe. Gure kluba irakurle kritiko eta konprometituek sortu duten komunitate bat da, proiektu honen zutabea.
Online liburutegi hau Txalapartaren eta hainbat argitaletxe independenteren artean urtetan jositako elkarlanaren emaitza da. Eskura dituzu Txalapartaren liburu guztiak, arretaz hautatutako nobedadeak eta 40tik gora argitaletxe independenteren funtsak.