Haur motxiladunak mintzo
Gurpilek eraman ohi dituzte lagun eta senideak urruneko zein hurbilagoko kartzeletara. Baita haurrak ere, gurpilak zer diren jakin aurretik ere batzuetan. Presoen bakartzea eta senideen kondena ekarri dituen sakabanaketa-politika berriki eten duten arren, urte luzez hamaika bizitza baldintzatu ditu. Hala, Eztizen Artolaren lehen eleberri honetan, izenburuak badu beste zentzu bat ere, metaforikoagoa: espetxearen gurpil hori, bukaezina dirudiena. Gurpilak zulatu ere zula daitezke, ordea, edo trabatu, eta horrekin aldaketa behartu.
ELKARRIZKETA: GARAZI ARRULA RUIZ
Lehen liburua duzu hauxe. Zerk bultzatuta idatzi duzu?
Urteak dira motxiladun haurron bizipenen inguruan hitz egiteko beharra sentitzen hasi nintzela. Batetik, euskal gatazkaren inguruko errelatoak jasotzean ez nuelako neure burua inon topatzen. Eta bestetik, espetxearen inguruan eraiki den errelato apurra preso gizonengan egon delako zentratua, bestelako subjektu edo bizipenentzako lekurik gabe.
Gaia oso intimoa eta delikatua denez, ondo heltzeko erraietara jo behar nuela erabaki nuen, eta oraintxe sentitu naiz gai ariketa hori egiteko. Hortaz, gustura geratu naiz, hein handi batean, egite hutsarekin. Liburuak errelato kolektiboa osatzeko ekarpena egin dezakeelakoan nago, eta hori izan da niretzat helburuetako bat.
Ume bat da protagonista, eta haurtzaroa kontatzen da. Nola izan da haur baten ahotsetik aritzea?
Erronka handia izan da, baina oso ariketa dibertigarria ere bai. Harreman estua daukat haurrekin, eta haurrez inguratuta egoteak, bidea erraztu didala uste dut. Istorioaren atal gordin edo gogorretan adibidez, asko lagundu dit inguruan ditudan haurrengan arreta jarri eta antzeko egoeren aurrean daukaten egoteko moduari edo hitz egiteko erari erreparatzeak.
Dena dela, protagonistarengan bilakaera bat ikusten da liburuan aurrera egin ahala, eta ahotsa adin ezberdin horietara moldatzea hizkuntzarekin jolasteko aukera polita izan da.
"Motxiladun haurren bizitzak kremailera barruan gordeta daude”
Jolasteko aukera ez ezik, haur ikuspegi hori muga izan al da idazterakoan?
Lehenengo zirriborroetan heldu ahotsa konturatu gabe eskapatzen zitzaidan. Editorearen [Garazi Arrula Ruiz] begirada funtsezkoa izan da ahots aldaketez ohartzeko. Irakurketa eta idazketa pausatuagoa eta zorrotzagoa egin behar izan dut tonuaz kontziente izateko, baina egia esan, atal honetan disfrutatu dut gehien idazterakoan. Inozentziaren betaurrekoak berriro janztea bitxia izan da.
Prozesuaren hasieran Garazik haurren ahotsetik aritzen ziren hainbat liburu gomendatu zizkidan, eta hiru hauek oso lagungarriak izan dira niretzat: Lander Garroren Gerra txikia, Lorenza Mazzettiren Zerua gainbehera dator, eta Lidia Txukovskaiaren Haurrek hitza.
Haur motxiladunen ikuspegitik kontatutako lehen eleberria osatu duzu horrela. Presioa izan al da hori? Zer egin nahi zenuen eta zer ez?
Presioa baino, ardura izan da sentitu dudana. Batetik, ez nuen nahi liburua nire pertsonan edo nire bizipen propioetan soilik zentratzea, eta hortaz, kolektiboagoa izango zen zerbait sortzen saiatu naiz.
Bestetik, kartzelaz hitz egin duten gizon helduen begiradatik aldendu nahi nuen, bestelako bizipen batzuei aitortza egiteko. Eta bukatzeko, ez nuen drama absoluturik nahi. Gaia gogorra da oso, eta liburuak baditu pasarte gordin ugari, baina egoera hau bizita ere, haur zoriontsuak izan gara gutako asko, eta hori ere islatu nahi nuen.
Alde horretatik, lekukotzatik ere badu eleberri honek.
Motxiladun haurren bizitzak kremailera barruan gordeta daude, lotsaz, intimitatean. Baina lehen aipatu bezala, ariketa kolektiboa egiteko baliatu dugu liburua. Nire bizipen propioak jasotzen ditu, bai, baina baita bidaietako lagunenak ere, edota nire auzoko motxiladun haurrenak.
Konturatu gara zauri asko konpartitzen ditugula eta memorioa kolektiboa osatzeko lanean ezinbestekoa dela horiek ere aintzat hartzea. Batez ere, gaur egun hiru urte dituzten haurrek ez dezaten guk beste sufritu.
Drama absoluturik ez zenuela nahi diozu; hortik umorearen erabilera?
Haurren inozentzia altxorra da. Motxiladun haurrok txikitatik uste izan dugu horixe zela guri zegokigun bizitza, eta hortaz, bizi genuena guretzat ez zen drama bat, gure bizitza baizik.
Pasarte gordinetan ere saiatu naiz umorea sartzen, edo irudikatzen haur batek nola ulertuko lukeen egoera jakin hori. Kontrasteak bilatu ditut, eta pasarte berekin egin dut negar eta barre.
Zure bizipen pertsonaletatik eta ingurukoenetik jaso baduzu ere, emaitza fikziozko lan bat da, eleberri modura irakurtzen dena. Zergatik jo duzu fikziora?
Batez ere, ni horretatik aldentzeko eta protagonismoa haur motxiladunei emateko, kolektibo gisa. Horrez gain, fikzionatzeak aukera eman dit gogoratzen ez nituen haurtzaroko hainbat pasarte irudikatzeko eta erreakzio ezberdinekin jolasteko. Askatasun gehiago izan dut asmatzeko, datuak aldatzeko… zurrunegia iruditzen zitzaidan biografia edo kronika formatua, erosoago nengoen fikzioan.
Iruzkinak 0 iruzkin