Saskia

{{ item.full_title }} {{ item.description }}
{{ item.quantity }}
Subtotala
Bidalketa azkarra Bidalketa normala Bidalketa gastuak Doako bidalketa
(Bidalketa doakoa izateko falta zaizkizu) falta zaizkizu kostua 2€ izan dadin
Deskontu-kupoia {{ cart.coupon_name }} - x
{{ cart.coupon_message }}
Zure deskontu kupoian {{ (cart.coupon_discount - (cart.total_without_taxes + cart.total_taxes)).toFixed(2) }}€ geratzen zaizu. Kontuan izan kupoia behin bakarrik erabil dezakezula
Ordainketa guztira
Bidalketak 24 ordutan. Bidalketak 72 ordutan. Liburua jasoko duzu: {{ cart.delivery_date_human }}


{{ cart.delivery_message }}
Carro de la compra vacío Une honetan ez duzu ezer saskian. Liburudendara joan.
  • Home
  • Berriak
  • Hitzak palmondo: liburuaren epilogoa | Silvia Federici

Hitzak palmondo: liburuaren epilogoa | Silvia Federici

Silvia Federici gure garaiko pentsalari irakurri eta aipatuenetako bat da. Liburu honetan, solasean aurkituko ditugu Federiciren poesia, haren militantzien ihesbide eta osagarri dena, eta Begonia Santa-Ceciliaren akuarelak. Azpian, liburuaren epilogoa eskaintzen dizuegu.

Liburu hau maitasun-lan bat da. Berenez sortu zen, aurretik deusetarako asmorik ez genuela. Pandemiak biok bereizirik, elkarri eskutitzak idazten hasi ginen. Begoniak berak pintatutako loreak bidaltzen zizkidan, eta nik poemak igortzen nizkion. Lagunekin eta gure taldeko andreekin egiten genituen afariak nola, halaxe zitzaizkidan lagungarriak eskutitz-truke haiek etxealdiaren ondoriozko bakartze-sentipenari eta adiskideak galtzearen minari gaina hartzeko. Begoniaren loreek, Prospect Park-eko eguneroko ibilaldietan ikusten nituen loreek eta katamixarrek bezala, poz handia ematen zidaten, eta sentiarazten zidaten bizitzak aurrera jarraitzen zuela eta bazela beste errealitate bat, bazela beste eguneroko bat ospitaleetako itxarongelen eta gaixoak bizirik mantentzeko borrokatzen ziren emakume erizainen gaueko irudiek iradokitzen zutenaz harago. Laster, hurrengo eskutitza jasotzeko zain egoten hasi nintzen, itxaropenez eta jakin-minez.

Hain ongi pasatzen genuenez, bururatu zitzaigun hori guztia beste batzuekin ere partekatu behar genuela, eta horrela sortu zen liburua. Poema eta testu hauek nire bizitza pertsonal eta politikoaren aldi berezi bati dagozkio. Gehienak 1981 eta 1991 bitartean idatzi nituen, nire bizitzan aldaketa handiak gertatu ziren garai batean, zeren, hamarkada eskas batean, etorkizunari ia etsipenez begiratzetik aktibismoarekiko eta aldaketa politikoarekiko engaiamendu berritu batera pasatu nintzen. Batzuek –«1980etako poemak» izenekoek— Reagan-en agintaldiko lehen urteetan sentitu genuen itolarria islatzen dute: gerrako danbor-hotsak etengabeak ziren, eta berehalako lehen erasoaren zurrumurruek, mundu mailako ekonomiaren berregituratze neoliberalaren hasierarekin batera, zapuztu egin zuten itxaropen oro; izan ere, uste genuen eskubide zibilen aldeko mugimenduarekin eta Vietnam-go gerraren aurkako protestekin atzeraezinezko zerbait lortu genuela, eta Amerikako Estatu Batuetako historiaren eta politikaren egiturazko arrazismoa eta  gerrazalekeria defentsiban jarri zirela azkenean. Orduan, funtsezko erabaki bat hartu nuen: Nigeriara bisitan joatea eta, gero, Port Harcourteko unibertsitatean –Nigerren deltan– klaseak ematea. Erabaki hark bizitza aldatu zidan, eta ordura arte liburuen bidez ia ezagutu ere egin ez nuen mundu bat ireki zidan; izan ere, hirurogeiko hamarkadan Estatu Batuetara aldatzeak eta han feminismoarekin topo egiteak izango zuen eragin eraldatzaile bera izan zuen nigan Nigerian igaro nuen denboralditxo hark.

Lurrari zerion edertasun aratza begiesteak, tradizioa eta komunitate-harremanen bidez eratutako kultura bat zeukan jendea ezagutzeak, ikusteak nola jabetzen ziren deltako petrolio-erauzketaren ondorioz ingurumena eta pertsonen bizitzak hondatzen ari zirela –hori dela eta, askok madarikaziotzat jotzen zuten petrolioa–… horrek guztiak sakon eragin zidan, emozionalki eta politikoki. Halaber, Nigerian bertatik bertara ikusi nuen, lehen aldiz, zer ondorio zuen artifizialki sortutako «zor-krisi»ak –nazioarteko kapitalismoaren baliabide estrategiko bat munduko ekonomia berregituratzeko–, batez ere hezkuntza-sistemari zegokionez. Hori dela eta, hari argi batek lotzen ditu «Amerika, Amerika» poema, reaganismoari erantzunez idatzia, eta «Konspirazio-teoriari gorazarre», zeinak salatzen baitzuen, batetik, berregituratze ekonomikoaren indarkeria, bestetik, nola jarraitzen zien horrek El Salvadorko eta Nikaraguako «kontrainsurgentziazko» operazioei, eta, azkenik, harreman kolonialen mundu mailako berrezarkuntza, orduko hartan finantzen bidez sustatua. Gaur egungo ikuspegiaren arabera, konspirazio-teoriak eskuinaren pribilegioa dira; 1980ko hamarkadan, baina, maiz erradikaloi leporatzen ziguten konspiraziozale izatea; hain zuzen ere, baieztatzen genuen aldiro planeta honetan horrenbeste jendek bizi duen miseria gorria ez dela «ekoizpenaren anarkia»ren emaitza nahi gabekoa, baizik eta metatze kapitalistak hartu duen indarrarena eta aberastasun natural eta sozial oro kontrolatzeko deliberoarena. Idatzi ere, poema hori kide batekin luze eztabaidatu ondoren idatzi nuen; teman aritu zitzaidan, esanez ezin nituela birkolonizazio-politikatzat hartu Nazioarteko Diru Funtsaren «egiturazko doikuntzaprogramak», eta nire hipotesia «konspirazio-teoria»tzat jotzen zuen. Zenbait poemari sakoneko mina eta amorrua darie, loreek islatzen dituzten irudien kontrakarrean nabarmenago. Jostari jariatzen diren ura eta kolorea otoz otoko keinu eta forma ugaritsu bilakatzen dira. Alabaina, ironia eta burla dira, hurrean, poemek iradokitzen duten gogo-aldarte nagusia. «Nagusitasun Maskulinoari gorazarre» eta, horrekin batera, «Urrats bat aurrerago» poemak etsipenetik sortu ziren, hain zuzen, osasun-politikak eragiten duen etsipenetik, ez baitu inolaz ere kontuan hartzen gaixotasuna beti dimentsio anitzeko fenomenoa dela eta ezin dela inoiz tratatu sendabide bakar batekin.

Ez nuen sekula pentsatu poema horiek argitaratuko zirenik, nahiz eta «Konspirazio-teoriari gorazarre» izenekoa Midnights Notes aldizkariko 9. zenbakian (1988ko maiatzean) argitaratu zen. Nerabezarotik idazten ditut poemak, neuretzat baino ez, sendabide gisara, ez diezadan oinazeak, hainbestetan jasan dudanak, gainez egin. Bestalde, inoiz ez nuen uste izan ni ez beste inorentzat interesgarri izateko bezain onak zirenik. Alabaina, elkarren ondoan jarrita istorio bat kontatzen dute, eta pozten naiz Begoniaren pinturen marko gisa balio dutelako.

Silvia Federici, Brooklyn, 2021eko abendua.

Silvia Federiciren lan gehiago

Erlazionatutako edukiak

Txabi Etxebarrietaren betaurrekoak • Andoni Olariaga

2018.05.29

Txabi Etxebarrieta 23 urterekin hil zuten, eta gazte izan arren, gure herriaren historian berebiziko garrantzia duen pertsona da. Idatzizko...

Hautsi da kanpaia

2022.03. 3

Heldu den urrian 90 urte beteko dira Sylvia Plath idazle estatubatuarra sortu zela. Bere obra poetikoagatik da ezagun, The...

Poesia eta akuarelak solasean

2023.11.27

Jatorrian Mendebaldeko Afrikako gizarte tradizionalen zenbait praktika espiritual izendatzeko erabiltzen zen juju terminoa, eskuarki...

Iruzkinak 0 iruzkin

Deskontuak gure irakurle fidelentzat

Edizio independentearekin konpromisoa duten irakurle kritikoen kluba da Txalaparta KLUB. Komunitate hau gure argitaletxearen zutabea da, liburuak kaleratzeko eta ideiak zabaltzeko bide ematen diguna.
KLUBEKO KIDE IZAN eta abantaila guztiez baliatu.

Erlazionatutako artikuluak

De Superstitionibus: una obra clave, desconocida en su tierra

2023.12.18

Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko VIII. (H)ilbeltza beka

2024.01. 8