Hondamendiaren ostean
Uholdeak, suteak, lurrikarak, tenperatura igoera, glaziarren desegitea, espezieen suntsipena... ez da zaila hondamendi naturala buruan irudikatzen. Ez eta gorantz ari den autoritarismoaren aliantza eta leherketa ere. Zer gertatuko litzateke, ordea, hondamendi ekologiko, politiko eta ekonomikoak bata bestearen ondotik emanen balira? Bizirik aterako al litzateke gizabererik? Baiezkotan, nola? Eta zer egitura berri sortuko lukete? Nola antolatuko lirateke? Zertaz biziko? Zer lehentasun lukete? Horiek guztiak eta gehiago pentsatu dituzte Yurre Ugarte gidoilariak eta Julen Ribas ilustratzaileak, istorio zirraragarri baten agertoki bihurtu eta 2160. urtean kokaturiko trama ezin gaurkoago bat komiki bidez irudikatzeko.
Kateaturiko hondamendi multzoen ondotik, XXII. mendean, Numun gizartea sortu dute kokaleku ezezaguneko irlan, landare luminiszenteen argitan. Iraganetik kutsadura, plastikoak eta liburu batzuk besterik ez zaie iritsi. Greta Kik ezkutatu egiten du eguzki haziak dituela malkoetan, suninsider deitzen duten horietako bat dela. Baina Max Serekin eraiki du loetxea, eta ezinezkoa zaio sekretua gordetzen jarraitzea. Max Sek hura bezalako guztiekin esperimentuak egin nahiko ditu, eta Greta beldur da, atzera hondamendira itzuliko ote den beldur. Batzuk arbasoen ondare natural eta kulturala berreskuratzen eta gordetzen saiatzen diren bitartean, beste batzuk bizitza luzatzeko asmakizunean dabiltza, post-hondamendiko salbatzaile asmoz; eta, tartean, Iris umea, haur jolasetan. K.o. XIV. mendean Dante Alighierik idatzitako Jainko antzerkiaren pasarteek protagonista interpelatzen duten bezala, irakurlea ere ez da epel geratuko hondamendiak utzitako arrastoei segika.
Egileak
Yurre Ugarte (1965, Tolosa). EHUn kazetaritzan lizentziatu eta gero, buruz behera egin zuen jauzi fikziora. Ordutik, hamaika telesailen sortzaile, gidoilari edota editore izan da, eta narrazio bildumak, marrazki bizidunetako filmak, antzezlanak eta haur-gazteentzako liburuak idatzi ditu. Joana Maiz nobela grafikoa eta Katu Hegoduna komikia argitaratu zituen, Joseba Larratxeren marrazkiekin. Lilurabera narrazio bilduma da argitaratu duen azken literatur lana.
Julen Ribas (1981, Arrasate). Txikitatik erakutsi zuen marrazketa eta arte ederretarako dohaina. Batxilergo zientifiko-teknikoa egin zuen eta 1999an Bartzelonara joan zen Arte grafikoak ikastera. Garai hartan murgildu zen komikiaren munduan; aurretik Tintin eta Asterix eta Obelix, beste erreferentziarik ez baitzuen. Ikasketak bukatzean, sorterrira itzuli eta freelance jarri zen, eta ordutik ilustratzaile lanetan aritu da, gehienbat Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko argitaratzaileentzat. Bere lan ugarien artean, komiki hauetako ilustrazio lana aipa daiteke: Eider Rodriguezen Santa Familia eta Iban Zalduaren Azken garaipena, biak ala biak Euskadi Sariaren irabazleak Haur eta Gazte Literatura kategorian.
Komiki gehiago Txalapartan
Erlazionatutako edukiak
Gaueko lanak, sistemaren kontra
2021.12. 3
Historia eta fantasia, eskutik
2022.10. 5
Hitz gurutzatuak
2022.11.28
Iruzkinak 0 iruzkin