HTX20ren argazki liburua eta dokumentala, dagoeneko salgai gure liburu-dendan
Hatortxu Rock 20 erraldoia izan zen. Hain handia izan zen emaitza, gauza asko gure bistatik kanpo ere geratu zirela. Hau dela-eta, elkartasun jaialdi erraldoia posible egin zuen auzolana argazki liburu eta dokumental batean bildu dute antolatzaileek. Bi lan hauek salgai daude gure liburu-dendan.
Milaka eskuk atera zuten aurrera Euskal Herriak sekula ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena. HTXRock20 Elkartasuna eskuz esku eraikiz liburuak 152 orrialde eta 200 argazki baino gehiagoren bitartez bildu nahi izan ditu. Bertan, azken asteetako lana, uztailaren 27tik 30era bizitakoa eta behin ateak itxita, desmuntaia, biltzen ditu. Gari Garaialde, Ander Gillenea eta Josu Truebaren Bostok Photo taldeak, Saioa ‘Gauilunak’, Ibai Arrieta, Eider Iturriaga, Amaia Oca, Zuriñe Alava, Fermin Bidaurre eta Dabid Sanchezek osatu dute argazkilari taldea. Liburua Josetxo Perezek egin du. Diseinua, Oiartso Los Arcosen esku. Hitzaurrea, aldiz, antolakuntzako kide den Aitor Agirrezabalek egin du.
Bitartean, Iñaki Alforja zuzendariak dokumental batean bildu du Hatortxu Rock 20 posible egin zuen auzolan erraldoia. 20 pertsonaren istorioen bitartez, zuzendari iruindarrak elkartasun jaialdiaren aurreko zein bertako bizipenak bildu ditu. Eta tituloak ederki laburbiltzen du bertan bizitakoa. “Elkarrekin edozer dugu posible”.
Gure idazleetako bi, HTX21en agertokian
Jaialdiak ohiko itxura hartuko du berriz Atarrabian, abenduaren 16an, luxuzko partaideekin beste behin ere. Oraingo honetan, Txalapartako bi idazle igoko dira taula gainera: Evaristo Páramos, Gatillazo taldeko burua, eta Xavi Sarrià, Obrint Pas taldeko abeslaria eta gitarra-jolea izandakoa, bakarka egindako lana aurkeztera datorrena.
Txalapartak bere hondar-aletxoa jarri nahi du jaialdian eta bi ekitaldi interesgarri antolatu ditugu aurreko egunetarako.
“Festivales en lucha. Rock y solidaridad en Euskal Herria”
Hitzaldia. Hizlaria Jon Andoni del Amo izango da, ‘Party & Borroka’ liburuaren egilea; azken hamarkadetako borroka politiko eta sozialen panoramika bat eskainiko du, musikan, bereziki rock jaialdietan izan duten islaren ikuspuntutik.
Abenduak 13, asteazkena. 19:00, Etxebeltza elkartea (Atarrabia)
“Música y política en los Països Catalans. La BSO de nuestras vidas”
Obrint Pas taldeko abeslaria eta gitarra-jolea izandako Xavi Sarrià izanen da hizlaria. Herrialde Katalanetan musika talde politikoen sorrera azalduko digu, eta mugimendu independentistan izan duten eragina, Kataluniako Errepublikaren aldarrikapen egunera bitarte.
Abenduak 15, ostirala, 19:00, Etxebeltza elkartea (Atarrabia)
Iruzkinak 0 iruzkin