Independentziaren aldeko argudioak |
Norabidea blogean argitaratuta
Egilea: Jule Goikoetxea
Zein dira argudio nagusiak independentziaren alde?
Argudio nagusiak ongizatea eta duintasuna dira. Batetik, katalan askok ikusi dute ezingo dutela ongizatea lortu Espainiar estatuaren barruan. Ongizatea ez da dirua, edo karreterak. Ongizatea askoz gehiago da: azpiegiturak behar dira ongizatea erdiesteko, baliabideak alegia, eta hori da lortu ezin dutena estatuaren barne, ezin baitute beraiek ekoizten duten aberastasuna kontrolatu. Gizarte katalanak ez du berak sortzen duenaren gaineko botererik eta hori demokrazia batean oso larria da. Bestetik, estatuaren aldetik urteetan jasotako irainak eta mespretxua azkenean umiliazio moduan ulertu du jendeak, “agrabio” bihurtu dute, eta bi osagai horiek dira (oro har, jakina) argudio nagusiak.
Euskal Herrian zertan daude argudio horiek?
Euskal Herrian argudioak ez daude garatuak eta gure kontrako irainak eta umiliazioak ez ditugu “agrabio” moduan perzibitzen, horrek esan nahi du ez dugula oso argi nola funtzionatu behar duen demokrazia batek.
Independentziaren alde dauden sektore antolatuak (alderdiak, mugimenduak, sindikatuak, elkarteak) ez dute independentzia erdiesteko inolako plan estrategikorik, ez dago epe bakoitzerako (motzerako, ertainerako eta luzerako) plangintza zehatzik, alegia, norekin hitzegin eta kontaktatu behar den (ze jende, ze erakunde, nazioarteko ze eragile, ze estatu, herrialde, eta lobby); ze eremu ikertu behar diren lehenik eta zeintzuk geroago. Hau da, lehentasunak ez dira ezarri, ez dira pentsatu. Zein izango da gure demografia hemendik 10 urtera? Eta gure erregimen produktiboa? Nondik sortuko dugu aberastasuna? Nola bilakatuko gara herrialde kualifikatu bat, balio erantsi handiko produktuak ekoizten dituena? Hori guztia lortzeko zer behar da? Etab…
Katalunian independentzia prozesu bat dagoela esaten dugunean ez da soilik gizartearen zati oso handi bat kalera atera delako era erregular eta jarraituan azken hamarkadan, baita ere independentziaren alde zeuden elkarte, alderdi, mugimendu eta herritarrak oro har (abokatuak, irakasleak, ikertzaileak, enpresariak, etab.) “independentzia zergatik” erantzun dutelako era serioan (ez hemen bezala). Serio hitzarekin esan nahi dut eremuz eremu joan direla ikertzen zer gertatuko den epe ertainera beren ekonomiarekin, erakundeekin, demografiarekin, osasungintzarekin, hezkuntzarekin, etab. Eta horren arabera proposamen zehatzak egin dituzte epe ertainera.
-Lehenik zer dagoen aztertu dute.
-Bigarrenik, horren arabera, zer nahi duten artikulatzen jakin izan dute.
-Hirugarrenik, nahi dutena nola egingo duten argi adierazi dute.
-Laugarrenik, martxan jarri dira inor itxaron gabe.
Eta hori guztia egiteko finantziazioa lortu dute, institutoak sortu dituzte, lobbyak, asanblada herrikoi iraunkorrak, eta noski, liburu zuri ezberdinak, Eskozian bezalaxe. Hemen ez gaude sikiera lehen urratsean. Arrazoia halere ez da ez dagoela masa kritiko nahikoa prozesu independentista ez abiaratzeko, baizik eta ezkerrean eta eskuinean dauden eragile eta eliteak (bakoitza bere taldean bertan) ez direla ados jartzen, eta ez dute gizarte zibil autonomo baten aldeko aposturik egiten, zeinak prozesua abian jarriko lukeen.
Azkenik, kontzertu ekonomikoak harresi moduan funtzionatu izan du, horregatik ez dugu umiliazio ekonomikoa horren landua eta ostutako dirua gutxiago da, Kataluniarekin alderatuta. Zentzu honetan, finantza sektoreak eta enpresari elkarteak ez daude Katalunian bezain kezkatuak, eta horregatik EAJk, sektore horren ordezkari izanik (ez soilik, baita ere), ez du larritasunik, eta alderdi kontserbadore ororen premisa badakigu zein den (“mejor malo conocido, que nuevo por conocer”), beraz, beren inbertsio eta plangintza ekonomikoa guztiz jota ikusi arte, ez dira mugituko. Kontzertu ekonomikoa kentzen diguten arte.
Iruzkinak 0 iruzkin