Isiltzearen antzea
Eduardo Galeano hil da eta, hitzak bezala, umezurtz xamar gelditu gara munduko ezkerzaleok. Ezker erradikalenetik sozialdemokraziarik epelenera erreferente bat galdu dugula sentitzen dugu. Munduan lagun gehiegi ez dauzkagun euskaldunok, gaur, inportanteenetariko bat galdu dugu.
Txalapartan Hitz ibiltariak (Gerardo Markuleta itzultz.) eta Ispiluak: Mundu ia ororen historia (Xabier Alegria itzultz.) argitaratu dizkiogu eta harenganako esker oneko hitzak besterik ez dauzkagu. Gurekin batera Las palabras andantes-en euskarazko edizioa aurkeztu zuen Iruñean 2001eko ekainean. Euskal preso politiko bat Espejos itzultzen ari zela jakin zuenean eta argitaratzeko baimena eskatu genionean baiezko biribila eman zuen eta gure edizioa eskuartean izan zuenean postal eder bat bidali zigun —marrazkitxo eta guzti—, haren izaera alai eta hurbilaren erakusletzat har daitekeena: «Querido Mikel, recibí los espejos vascos. Gran trabajo. Gracias mil, vuelan abrazos y felicitaciones» (nerabe nintzela El libro de los abrazos irakurri nuenetik diodan miresmenaren erakusletzat har daiteke postaltxo hori izebaren etxean markoztatuta egoteak).
Horren ostean, duela urte erdi inguru idatzi nion. Ez zuen erantzun. Handik gutxira jakin genuen minbizi larria zeukala. Harekin komunikatzeko azken saiakera 'Free Arnaldo! Free them all' kanpainaren harira izan zen. Orduan ere, ez genuen erantzunik jaso. Pena eman zidan ekimenerako haren izena ezin biltzeak eta, triste, pentsatu nuen seguru asko mundu mailako intelektual bat galtzear geundela. Hala izan da.
Euskaldunok lupaz erreparatzen diogu munduan gutaz esaten denari eta, urteetan, Eduardok ETAren kontra hitz egin zezan sekulako presioak izan zituen arren, ez zuen sekulan egin. Horregatik, Editores Independienteseko lagunak Uruguaiko haren etxean bildu zirenean, Jose Mari Esparzak Euskal Herriko kartelak obraren hiru aleak oparitu zizkion honako eskaintzarekin: «Gracias por tus palabras y por tus silencios». Beharbada, Juan Carlos Onettik erakutsi bezala, eskuz idazten zuelako ez zuen errenuntziorik egin behar izan. Haren esanetan «eskuan azkurea» sentitzen zuenean idazten zuen, esateko beharra sentitzen zuenean, «era horretan ikasten da isiltasunaren antzea». Gaur, kopetilun, zera esan behar diogu: eskerrik asko zure isiluneengatik, Eduardo, baina, batez ere, zure hitzengatik.
Mikel Soto, Berrian argitaratuta (2015/05/14).
Erlazionatutako edukiak
Memorias del calabozo: prólogo de Eduardo Galeano
2017.11.22
Barrutik kanporako leihoa: bere alabarentzat 'Espejos' euskaratu nahi zuen preso politikoaren historia
2018.04.13
¡Que viva Eduardo! • Por Gioconda Belli
2019.04.13
Iruzkinak 0 iruzkin