Saskia

{{ item.full_title }} {{ item.description }}
{{ item.quantity }}
Subtotala
Bidalketa azkarra Bidalketa normala Bidalketa gastuak Doako bidalketa
(Bidalketa doakoa izateko falta zaizkizu) falta zaizkizu kostua 2€ izan dadin
Deskontu-kupoia {{ cart.coupon_name }} - x
{{ cart.coupon_message }}
Zure deskontu kupoian {{ (cart.coupon_discount - (cart.total_without_taxes + cart.total_taxes)).toFixed(2) }}€ geratzen zaizu. Kontuan izan kupoia behin bakarrik erabil dezakezula
Ordainketa guztira
Bidalketak 24 ordutan. Bidalketak 72 ordutan. Liburua jasoko duzu: {{ cart.delivery_date_human }}


{{ cart.delivery_message }}
Carro de la compra vacío Une honetan ez duzu ezer saskian. Liburudendara joan.
  • Home
  • Berriak
  • Oier Guillan: «Mr. Señora pertsonaia zen nolabait, Zauri...

Oier Guillan: «Mr. Señora pertsonaia zen nolabait, Zauri Bolodia, berriz, pertsona; nahiz eta batzuetan ez dauden mugak argi»

Eskuartean daukagu jada Oier Guillanen azken lana. Krisian dagoen aktore baten egunkaria da liburu hau. Zauri Bolodia, idealista porrokatua, undergroundean hasi eta apurka-apurka profesionalizatzen joan da; bide horretan nekea, desengainua, prekaritatearen zama eta, azkenik, bere burua berrasmatu beharra etorriko zaizkio. Bidaia literario horretan, egilearen alter egoak gogoeta egiten du kulturaz, amateurismoa vs profesionaltasunaz, hizkuntzaz eta politikaz, gutik nira doan bidaiaz, generoaz eta sorkuntza prozesuaz. Horretaz guztiaz hitz egin du Mikel Soto Txalapartako editorearekin.

Gurean argitaratu zenuen azken liburua, Mr. Señora, Euskadi sarietarako hautatua izan zen eta, Koldo Izagirre eta Josu Landarekin batera –bakoitza bere arrazoiak mahaigaineratuta–, uko egin zenion prozesuan parte hartzeari. Zer balorazio egiten duzu?

Ukoaren esperientzia oso desatsegina da, baina era berean kontzientziari dagokionez lasaigarria niretzat. Badira hamar urte «Utikan» sinatu genuela hainbat jendek, eta manifestuko arrazoiak agian gaurkotu behar liratekeen arren, sakoneko arazoek bizirik jarraitzen dute. Batetik horrelako sariek ez lituzkete politikariek eman behar, ematekotan kultura arloko eragileek eman behar lituzkete; bestetik, sarien izaera bera jarriko nuke ezbaian. Mikel Peruarenak bere ukoan sortzaileak beste kultur eredu eta balioen arabera laguntzea proposatzen zuen, nik bat egiten dut guztiz berarekin. Ukoen harira zoritxarrez gutxi hitz egin da sakoneko arazoez.

Estiloa eta forma alde batera utzita, esango nuke Zauri Bolodiak baduela harremana Mr. Señora lanarekin. Berezkoak dituzun kezkengatik, lengoaia eta estiloagatik edota jorratzen dituzun gatazkengatik, besteak beste, bi liburuak lotzen dituen hariak ikusten ditut, ez duzu uste?

Bai, zalantzarik gabe. Antzerkilariok sarritan gure burua hiru ataletan banatzen dugu, ez zoratzearren: pertsonaia, aktorea eta pertsona. Mr. Señora pertsonaia zen nolabait, Zauri Bolodia, berriz, pertsona; nahiz eta batzuetan ez dauden mugak argi.

Hala ere, bistan dago urteetan idazten joan zaren liburua dela hau eta, aurreko bi galderei lotua, zergatik heldu da orain hari horiek liburu batean josteko unea?

2006an hasi nintzen idazten, modu intuitiboan. Uda iristean egiten nuen lan batez ere, urtean zehar sormen prozesuetan idatzitakoak beti soinean daramadan kaieratik berreskuratuz. Aurtengo udan bat batean liburua ixten ari zela sentitu nuen, eta forma definitiboa eman nion. Zergatik orain? Ez dakit, barrenak eskatzen zidalako.

Kostatzen zait irakurleari laburbiltzea zein den Zauri Bolodiaren ardatza. Aktore baten eguneroko baten gisa irakurri daiteke eta horrek artikulatzen du liburua, baina, horren bidez, kulturaz hausnartzen duzu, amateurismoa vs. profesionaltasunaz, hizkuntzaz eta politikaz ere, sorkuntza prozesuak bustitzen du aurreko guztia, generoarekiko duzun kezka iraunkorra ere badago, eta, hori guztia batzen eta artikulatzen idazlearen proposamen estetikoa. Ufa, zerbait ahaztu dut?

Kar, kar... ba ez dakit. Azkenean gai horiek Zauri Bolodia ahots narratzailearen egunerokotasuna baldintzatu dute. Badago nolabaiteko garapen bat hala ere: Zauri Bolodia oso idealista da hasieran, «utopia» hitza errepikatzen du behin eta berriz, kultur erreferentzia berrien bila dabil... Ondoren etorriko dira nekea, desengainua, prekarietatearen zama eta aurrera jarraitzearren norbere burua berrasmatu beharra.

Generoarekiko kezka konstantea da zure lanetan: Arra. Arraroa, Mr. Señora, Miss Karaoke... Gizartea, artea, irakurlea eta, batez ere, zure burua gupida gabe aztertzen duzu generoaren ikuspegitik eta, nire uste apalean, horrek sakontasun pertsonal bat ematen die zure lanei, pentsamendu bektorial bat artikulatzeko gaitasuna emango balizu bezala...

Gai horiek hor egon dira aspalditik, niregan eta inguruan dudan jendearengan. Gorputzari loturiko politikek mundua begiratzeko modu bat eskaini didate, egunerokotasuna galdekatzeko zorroztasun bat. Begirada horrek ez luke zentzurik lehenik eta behin neure burua –gizon eta postgizon bezala– jomugan jarriko ez banu. Azken urteetan begirada horretan topatu dut, bestetik, historikoki «ezkerrari» lotu izan dizkiogun borroka askoren mamia: intsumisioa, justizia soziala...

Zure lanetan tentsio interesgarri bat dagoela iruditzen zait maiz. Abangoardian eta esperimentazioan murgiltzen zara, baina emaitza ez da elitista, ezta kriptikoa ere, baizik eta, umoretsua, interpelatzailea eta, are, eraldatzailea dela uste dut. Barka loreak, baina ez dut uste demasekoak direnik. Nola maneiatzen duzu tentsio hori idazterakoan?

Eskertzen dira loreak! Baina hitz handiak dira, zaila egiten zait horrelakorik neure egitea. Bai esan nezake gehien erakartzen nauten besteen lanak barruak mugitu eta asaldatzen nautenak direla, eta ez soilik entretenitu (hori ere beharrezkoa den arren!). Pentsatzen dut modu ideal batean inorengan horrelako asaldatzea sortzea dela etengabe bilatzen dudana. Bestela, zertarako sortu? Kultura-elitismoa, bestetik, kontserbadorea iruditzen zait, arriskuak hartzearen kontrakoa.

Idazlearen eta idazketaren ohiko mistifikazioaren kontra, sorkuntza prozesu kolektiboaren praktika eta aldarrikapena egiten duzu. Segur asko antzerkian kolektiboki sortzeak bultzatzen zaitu sormen prozesu kolektiboa era naturalean ikustera eta, hala, bada, gutik nira bidaia ugari dago zure obran –aldrebes ere!–, baita honetan ere, ezta?

Errespetu handia ematen du «gu» hitza erabiltzeak, batez ere handinahia eta faltsua suerta litekeelako. Akaso liburu honetako pasarteren batean erabiliko nuen modu ezegoki batean, baina bertan azaltzen diren “gu” gehienek batez ere teatro taldeari egiten diote erreferentzia. Egin ditudan proiektuetan ez balitz egon gehienetan bulkada kolektibo bat, ez dakit aurrera egiteko indarra eta kemena edukiko nukeen.

 

Iruzkinak 0 iruzkin

Deskontuak gure irakurle fidelentzat

Edizio independentearekin konpromisoa duten irakurle kritikoen kluba da Txalaparta KLUB. Komunitate hau gure argitaletxearen zutabea da, liburuak kaleratzeko eta ideiak zabaltzeko bide ematen diguna.
KLUBEKO KIDE IZAN eta abantaila guztiez baliatu.

Erlazionatutako artikuluak

Raúl Sendic: homenaje a un héroe desconocido y olvidado

2018.03.16

Cita en Zokoa: extracto del libro 'El desarme', de Iñaki Egaña

2018.03.20