Oskar Aranari elkarrizketa Hitzen Uberan |
Hitzen Uberan agerkari digitalean elkarrizketa egin diote Oskara Aranari, 'Neguko Egunerokoa' liburuaren itzulpenaren inguruan.
Memoria ariketa gisa har daitezke Paul Austerren beste beste idatzi batzuk: The Invention of solitude (1982), The red notebook (1993) eta Hand to mouth (1997) liburuak, adibidez. Itzuli berri duzun eleberri hau ere, Paul Austerren autobiografien” apalean sailkatu beharko genuke, ezta?
Bai, autobiografia da, beste lan horiek baino nabarmenago, ziur, zeren asmoa hasiera-hasieratik aitortzen baitigu, neguan sartzera doala diosku, eta beste hau ere bai: “hitz egin orain, berandu izan baino lehen, izan itxaropena hizketan jarraitzeko esatekorik gehiago ez dagoen arte. ...hobe istorioak oraingoz alde batera uztea eta saiatzea aztertzen zer izan den gorputz honen barruan bizirik izatea, bizirik zeundela oroitzen duzun lehenbiziko egunetik gaur arte”. Istoriorik ez, beraz. Fikzio autobiografikoa barik, biografia literaturizatua da hau, edo, ondo esan duzun bezala, memoria ariketa bat. Baina hartzen duen epeagatik eta asmoagatik eta linealtasun bere gisako batengatik (ez baita guztiz lineala kontakizuna), autobiografia peto-petoa dela esango nuke. Eta literaturizatua, jakina, ez asmo historiko edo psikologiko batekin egina, ez egiak eta datuak egiaztatzeko egina, baizik eta irakurle literaturzale batentzat idatzia. Irudi luke esan zuela berekiko: neure bizitza kontatuko diet orain irakurleei, neuk nahi dudan bezalaxe. Badu zer kontatua, denok daukagun bezalaxe, eta denok kontatu ahal izango genuke, nork berea. Austerren bitzitza da beraz hau, Austerrek kontatua. Ez nuke jakingo beste hiru lan horiekiko aldeak azpimarratzen, zeren, lotsa naizen arren, ez baititut denak irakurri, edo ez osorik behintzat. Oso aspaldi irakurri nuen Hand to mouth... Baina haiei buruz esaten dena irakurrita, gai batzuk Austerren betierekoak direla argi dago, baita honetan ere. Orain, ez diot nik horri zer handirik ikusten, bere bizitza kontatzera jartzen delarik, eleberrietara igaro eta iragazi diren gertaera gutxi asko estaliak hor aurkituko baititu, baina “hauxe ere gertatu zait” esateko, edo “hau ere sentitu izan dut esateko”, eta “honekiko kezka (dela kointzidentzia, dela halabeharra, edo bakardadea) ere izan dut, sufritu ditut (bakardadea, aitarekiko harremanik eza edo ezin asmatua...) zuk ondo diozun bezala, eta beren lekua dute kontakizunean, zeinek handiagoa, zeinek txikiagoa, baina asmo espresik gabe, esango nuke, beste lan horietan ez bezala. Hemen ez dago obsesio horiek aztertu nahi bat, jorratu eta landu eta transformatu nahi bat, hemen gertaeren eta sentimenduen eta ezinen eta pozen eta lanen errendatze bat dago, horiek guztiak irakurleari errendatze nahi bat.
Aurreko galderari lotuta dago honako hau. Mikel Soto editorearen iritziz, Neguko egunerokoa da akaso Paul Austerren pertsonalena. Zu ere bat zatoz bere iritziarekin?
Bai, nik haren lana ezagutzen dudan neurrian, bai. Baina haren obra ezagutzen duenak ez du, alde horretatik, harritzekorik aurkituko hemen. Autobiografiko izenondo horri pertsonala gehitzeak erredundantzia eman lezake, baina ez alferrekoa. Ez baita autobiografia bat biografia baten moduan kontatua, beti dago asmo literario nabarmen hori, jakina. Kontaera ere pertsonala duen heinean ere pertsonala da, eta bere bizitza hartzen duelarik kontagai ere bai. Beste lanen artean sailkatzeko zaila izateagatik ere bai. Eta horrelako saio askorik ezagutzen ez dudalako gaur egungo idazleetan, ere bai (beharbada, ez naiz ez hain aditua ez hain literaturzalea hori ziurtatzeko, baina asmoa bera ere oso pertsonala iruditu zait, originala, nahi bada).
Idazlea bere mamuen aurrean. Autobiografia edo inventarium huts bat da hortaz, ala haratago doa Neguko egunerokoa?
Ez, bitxia bada ere, eta kontakizunaren estrukturaren zati batzuei begiratuta hala ematen badu ere, ez da inbentario huts bat. Egingo dizu gertaeren aletze bat, egingo du gorputzeko eta arimako ebatondo eta orbainen zerrenda bat, egingo du bizi izan den etxeen zerrenda bat, sentimenen katalogo bat, baina horiek trazenditzeko asmoa ere hor dago, nik bere buruarekiko adiskidetze ahalegin bat edo guztia, are saminak ere, samurtasunez begiratzeko ahalegin bat antzematen diot, badago psikoanalisiari egindako keinuren bat baino gehiago ere, “hitz egin orain berandu izan baino lehen, izan itxaropena hizketan jarraitzeko esateko gehiagorik ez dagoen arte”, dioenean, esate baterako. Eta kontakizun hori edertasun asmo batez edo sen estetiko batez biltzeko saioa, eta irakurlea hunkiarazi nahia jakina, eta, beharbada, bere burua ere hunkiarazi nahia. Kontatzaile baten antzea erabiliz horretarako...
Hari mutur ezberdinetatik tira eginez osatu du kontakizuna. Gertaerak bezain garrantzitsuak dira tokiak. Bere bizitza (eta unean uneko pasarteak) deskribatzeko, New York-en izan dituen bizitokiak baliatzen ditu. Zein neurritan egin du Hiriak idazlea? Eta idazleak Hiria?
Horren gainean pentsatu dut egunokaz sarri samar, neure buruari galdetuta ea zenbateraino den hiria, New York, kontakizun honetan bezala bere aurreko beste lan batzuetan garrantzitsua. Presente dago, jakina, deskribapenetan, bizi izan den etxeen deskribapen zehatzean... Gertaera guztiek daukate non bat eta noiz bat, eta bere sorlekua du Austerrek New York. Alde horretatik, beraz, ezin itzurizkoa. Baina ez da hori bakarrik, zer besterik da, hortaz? Badira hiriari buruz espres esandakoak, hari egindako aitortzak, beraren eta New Yorken arteko harremanaren zer-nolakoak, zeren, horixe baita berezitasuna, New York gertaleku eta sorleku baino areago, idazlearen harremanetako baten sujeta delako. Eta harreman horrek sentimenduak eragiten ditu, maitasuna aitortzen zaio, harengan zertzuk diren eder eta itsusi, samur eta zail, azaltzen da. Eta, New York, ia- ia pertsonaia bat da bere kontakizunetan. Hemen ere bai.
Bestetik, zer dute Paul Austerrek eta New Yorkek elkarren arteko, edo elkarren antzeko? Dinamismoa, aipatuko nuke, bere prosa dinamikoa da oso, nekez pausatzen da leku batean, abiadan doa. Hiria ere halaxe doa. Eta, gero, halabeharrerako, bakardaderako eta kointzidentziarako habia oso aproposa ematen du hiri horrek. Hori ere presente dago liburu honetan,.... Bere bizitzan, hobeto esanda.
Idazketa bera ere bada beste hari mutur bat. Idazleari/idazketari gorazarre egiten dion nobela dela zioen Mikel Sotok.
Bere bizitzaren kontakizuna den neurrian, bera idazle bihurtzeko bidea ere oso nabarmen agertzen da kontakizunean. Bai, gorazarre edo aitortza, edo ezinbestea, idaztea halabeharra da Austerrentzat. Izaki zauritua eta makala dela dio, eta horregatik idazten duela, aieru gisa aipatzen dut, susmo gisa, gehiegi sakondu gabe. Behabada, zilegi bazait (eta ez zait, zeren ez bainaiz psikoanalista), esango nuke kontatzea dohain bat duela Austerrek, esango nuke bere bizitza mamitsuago bihurtzen dela ariketa horri esker, eta, etsi egiten duela halabehar horren aurrean. Hori nabarmena da idazle izateko deliberoa guztiz irmotzen denean beraren baitan, errebelaziozko une batean gertatzen baita, une gogor eta etsipenezko batean, porrot mordoaren ostean, eta edertasunaren aurrean makurtzen du bere burua. Dantza ikuskizun baten aurrean dagoela bizitzen dituenetatik amiltzen da idazle bokaziora bete-betean, abandonatu egiten du bere burua bokazio horren besoetan, eta une hunkigarria da, bokazio bat zer den, zeharka, literarioki, zehaztasun eta indar harrigarri batez azaltzen digulako.
Durduzagarriak dira Auster familiaren eta Paulen beraren bizitzako pasarte asko. Dena den, liburu hau bere bizitzarekin adiskidetzeko modua izan daitekeela esan zenuen itzulpenaren aurkezpenean. “Penitentzia bekatuen barkagarri” den legez, idazketak (eta adinean aurrera egiteak) lagundu dio bere buruarekin adiskidetzen?
Bai, lehen esan dudan horrekin lotzen da guztiz zure galdera. Tragedia oso gertutik bizi du, oso ondotik darraikio, berari eta bere familiako kideei. Kontakizunaren bidez, gertaera latzak bizitzatik kanporatu ordez bizitzan barneratu egingo balitu bezala. Gertaera horiei samurtasunez begiratzen diela esan nuen: hondo-hondoan, barren-barrenean antzematen dut nik hori, ez da esplizitua, nahi baduzu, baina gertaera horiei guztiei batasun bat eman nahia norbera hautsi gabe, eta, nahiz eta arin, gordintasun guztiarekin kontatzea, hasi maitasun porrotetatik, porrot profesionaletatik, istripu, heriotza, eta norberaren eta senideen eritasun latzetara arte, eta aitarekiko ezin asmatuen eta amarekiko zaputzaldien eta frustrazioen kontakizun zehatza, maitasun gogo batez gauzatzen direla esango nuke. Maitasun gogo horrek batzuetan arribatzen du bere xedea, bestetan ez. Adiskidetu edo integratu, edo bildu, adinaren begiradak ematen duen pausuarekin, soseguarekin,... Bizitzarekiko esker honez, menturaz.
Autobiografikoa izan arren, bigarren pertsonan idatzia dago nobela. Literarioki joko asko ematen du. Ez dakit itzulpen-lana zaildu edo konplexuago egiten duen teknika honek. Narratzailearen boza, kezka iturri izan al da itzulpen prozesuan?
Horren gainean ere gogoeta eginik, ondorioa atera dut objektibotasun nahi batez eta, nahi bada, asmo psikoanalitikoari keinu bat eginez hautatzen duela bigarren pertsona, “zu” bihurtzea bere burua bere bizitzaren kontakizunean. Gertaerak pantaila batean proiektatu nahi balitu bezala, judiziorik gabe, gertatu ziren bezala, oroitzen dituen bezala. Eta, hala, nahi bada, beste norbaiten kontakizuna egiten ari naizela ematen duen arren, neure buruari buruz ari naiz, distantzia bat hartuz, judiziorik egin nahi gaberik. Zutaz ari naiz nitaz ari naizela. Neu naiz, ordea, Paul Auster bera. Segituan ohitzen zara artifizio horrekin. Uste dut bete-betean asmatu zuela hori baliatzean, “igo” edo egiten baita maila bat gorago, bere bizitzako gertaeren mailatik kontakizunaren mailara, eta hori gertaerak trazenditzea da, nolabait, 64 urte ditudalako eta pausu eta sosegu hori ditudalako eta negua delako kanpoan elurra ari duela guztiz neuretua dudan 21 etxe new yorktar honetan, igo naiteke maila horretara eta zeuri/neurei buruari begiratu, eta esan: zein bitxia izan den dena, zein arraroa eta ederra, zirraragarria, durduzagarria, mingarria, eta pozgarria, eta zer ote dator honen ostean. Arinegi igaro da guztia, ebatondo hauei begiratzen diedala ere, atzo gertatu zirela ematen baitu, idaztera jartzen banaiz, horiek guztiak berriro biziko banitu bezala da, eta idazle batek, neuk, Paul Austerrek eman ahal diedan zaporearekin biziko ditut berriz, eta errendatuko dizkiet irakurleei.
Ez du zaildu lana. Ohitu egiten zara berehala. Batzuetan, ingelesez you zu eta you zuek izan litekeenez, ez daki batek emaztearekin batera egin dituen gauzak diren edo ez,... Baina, beti bezala, testuinguruak laguntzen du argitzen.
Ez da Austerren imaginarioan murgiltzen zaren lehen aldia. Hori abantaila izango zen, ezta? Beste aldarte batekin heldu diozu azken honi, konfidantza gehiagorekin edo akaso?
Konfiantza gehiegirekin, akaso. Abantaila da, zeren obra bera baita berezia, fikzioa ez denez gero. Eta autobiografia bat itzultzera zoazelarik, aparte bat egin behar baituzu lan honekin: ez da eleberria erabat, eta zer datorkit bada kontatzera oraingoan? dio batek. A, diozu, gauzak azaltzera zatozkit, beharbada nik eleberrietan ulertu ez nituen gauzak. Koherentzia bat antzematen diozun aldetik, fikzioaren eta biografiaren artean zubi oso agerikoak aurkitzen dituzun aldetik, lehendik ere haren bizitzan oso zeharka nolabait sarturik-edo zeunden aldetik, ba, aurrera, esaten duzu. Hori izan dut aldartea. Baina, ez dakit irakurleari hala gertatuko ote zaion, gero beste batera jo du aldarteak: biluzte ariketa bat da kontakizun hau, dotorezia handiarekin egina, nire gusturako, exhibizionismorik gabe egina, bere zaurgarritasuna eta ahulezia doitasun handiz aitortzea, ...hori hunkigarria iruditu zait. Ni ere makala naiz, dotoreziaz eta autoerrukirik gabe aitortze bat, baina-aitzitik, heldutasun handiz...
Itzulpen prozesuan laguntzaileren bat aipatu zenuen. Nor izan duzu bidelagun? Eta zertan izan da lagungarri?
Neure buruaren deskenkusagarri edo, kontatuko dizut itzulpen honen odisea: aurreko eleberriak itzuli nituen gaztelaniazkoarekin, katalanerazkoarekin eta galegozkoarekin batera-edo argitaratzekoak zirelako, eta hau ere asmo horrekin iritsi zitzaidan. Ohi bezala itzuli nuen, epe niretzat labur samarrean, eta konfiantza gehiegirekin. Zeren gero, argitalpena bertan behera geratu zen, Mikel Sotok interesa erakutsi zuen arte. Txalapartak hartu zuen nire lehenbiziko lana, eta zuzentzaile bati eman. Eta beharrik. Zeren akats asko aurkitu baitzituen zuzentzaile horrek. Beharbada editorearen eskuzabaltasunagatik izan ez balitz, eta itzultzaileak etsi ez zuelako izan ez balitz, ez zatekeen argitaratuko liburua. Damu dut aitortzea, baina hala izan da. Alta, zuzentzaile horrek, Luis Berrizbeitiak, nik baino profesionaltasun handiagoa erakutsi du. Akatsak zuzendu ez ezik, hobetu ere egin du ia-ia pasarte guztietan testua, sen literario eta hizkuntzen ezagutza paregabez. Bai euskarazko baliabideen errepertorioan, bai sen literarioan, fintasun literarioan, bai ingelesezko jatorrizkoaren taxuari antzematean, nik baino ahalmen handiagoa erakutsi du. Halaxe izan da. Baina, hori, neuri dagokidan kontua da, eta nik irakurleei eta literaturzaleei zor diedan aitortza, neureak ez diren dohainez (orain artean behintzat) jabetuko ez banaiz. Garrantzitsuena, axola duena, elkarrizketa hau eta liburua irakurriko dutenentzat, zera da, kalitatezko testu bat argitaratu dela. Testuak, behin zuzendurik, orain boladan diren gogoeta batzuren emaitza ere jasotzen du, Altonagak “Back to Leiçarraga” liburuan eta lehenago Xabier Amurizak “Euskara Batuaren bigarren jaiotza” eta beste batzuek han eta hemen esandakoen eta idatzitakoen arrastoa du, eta, nik entregatutakoaren aldean, izugarri irabazi du. Prosa bera gustagarri egingo zaie irakurleei.
Kontatzaile, kontakatilu
Paul Auster XX. mendeko idazle ospetsuenetakoa da. Bere unibertso literarioaren murgiltzen bagara, XX. mendea ulertzeko gako asko aurkituko ditugu bertan, ezta?
Bai, etiketa bat den aren, posmodernoa dela esaten denean, beharbada arrazoi dute, baldin eta esan nahi badute subjektibitatea dela kontakizunetan eta ikusmoldean nagusitzen den ikuspuntua: urbanoa erabat; niaren iragazkitik iragaziak gertaerak, pentsamenduak, deskribapenak, usteak, aieruak; erreferente sozial, ideologiko, erlijioso edo filosofiko sendorik eza eta gertaeren jario halabeharraren mendekoa; porrota, erortzea, galtzea, aldakortasuna, bururatzen zaizkit, beharbada, Austerrek horretatik zer duen pentsatzeko orduan. Idazlea ez da arrotz inguruan gertatzen diren gertaera sozial eta politikoekiko, eta hautua ere egiten du horiek epaitzean, baina, beharbada, gertaerei begiratzeko euskarriak singleak dira, salbu eta subjektibitatea bera. Ezinbestekoa da hori idazle batengan, areago Austerrengan. XX. mendeko fenomeno erraldoi, masibo eta globalen oihartzuna badago bere lanean, noski. Bere istorioen gertalekuaren mikrokosmosean beste gertaera makrokosmiko horien oihartzuna badago, nola ez, baina Auster, ezer bada, kontatzailea da, kontakatilua ere bai, aldika, eta, jakina, pertsonaien inguruan kanpoan gertatzen direnak ere kontatu behar. Horrek ere eder egiten du, nire usterako, kontakizuna. Giro bat aurkitzen du irakurleak. Giro horretan sartzen da. Giroak, hiriak, beste idazle batzuen lanekin alderatuta, presentzia nabarmenagoa du, nire iritzian.
Zaletu asko ditu Austerrek. Zein neurritan baldintzatzen du horrek itzultzailearen lana? Auster egokitzeko garaian, presio berezia sentitzen al duzu?
Ez, nik ez, orain artean ez, harik eta konturatu naizen arte behar den bezalako testua eta kalitatea ezin errendatzea gertatu ahal zaidala. Gustagarria eta motibagarria da jakitea testu batek irakurle asko izango ditutela. Baina, beldurra, eta zalantza, inoiz sortu bazaizkit, oraintxe sortu zaizkit. Ikusi dudanean zenbat irabazi dezakeen testu batek lanabesa nik baino hobeto darabilen batek zuzendurik, nik baino sen literario finagoa duen batek hobeturik. Arrabita joleak, onena emanda ere, obra bat nahi bezain eder errendatu ezin duenean bezalako sentsazioa. Baina, lehen esan bezala, euskarazko literaturaren onerako izan dut esperientzia hau. Izango ahal da nire onerako ere...
Iruzkinak 0 iruzkin