Poesia eta akuarelak solasean
Jatorrian Mendebaldeko Afrikako gizarte tradizionalen zenbait praktika espiritual izendatzeko erabiltzen zen juju terminoa, eskuarki zerbaiten propietate magikoak adierazteko baliatzen zena. Hedaduraz, erritualetan erabilitako kutun edo objektuekin ere lotua zen. Badirudi frantsesezko joujou hitzaren tokiko asimilaziotik datorrela; hitzak umeen jostailu esan nahi du frantsesez, edo, eratorpenez, lasaitzea xede duen jolas muntarik gabea. Esklabo-trafiko laidogarriak Amerika anglo-saxoira eraman zuen, non XIX. mendearen amaierarako juju formarekin jaso baitzen. Mende bat geroago, terminoa banalizaturik itzuli da gaztelaniaren eremuetara, kultura-produktu masiboen joan-etorrien eskutik, eta beldur txikia esan nahi du. Banalizatzearen ondoren, historiak bizirik dirau, eta orain poemen eta akuarelen forman dator, bi artista handiren eskutik.
«Nork irakurri nahi izango ditu nire poemak», galdetzen dio bere buruari eszeptizismoz Federicik. Eta galdera horrek agerian uzten du ez bakarrik zilegitasun-mekanismoen indarra, baizik eta baita poesiari agidanean esleitu ohi zaion papera ere: gauza-izaera baino ez zaio aitortzen, eta, sarri, bai kontu mundutarretatik bai bizitoki dugun lurretik aldendutako esperientzia artistiko huts gisa aurkezten zaigu.
Bizitzan zehar, Silvia Federicik gizartean piztutako suak eta kezka partekatuak islatu ditu bere poesian, eta hartan oinarritu da beste era batera gogoetatzeko, errealitatea iraultzeko eta inguruan dugun bizi-indarra azaleratzeko. XXI. mendearen hasierako pandemia handia iristean, poesia ber hori ostera azaleratu zen, Federicik, urrutitik bada ere, Begonia Santa-Ceciliaren akuarelekin bekoz beko jarri zuenean, haiekin solasean. Testuinguru hartan, akuarelek bizitzaren zaintza errotzen zuten, eta, beren pigmentuen bidez, materialtasunez hornitzen.
Liburu hau zenbait hizkuntzatan eta hainbat eskuren artean osatua da, eta existentzia koloreztatzen duten ate guztiak zabal-zabal irekitzen saiatzen da.
Silvia Federici gure garaiko pentsalari irakurri eta aipatuenetako bat da. Liburu honetan, solasean aurkituko ditugu Federiciren poesia, haren militantzien ihesbide eta osagarri dena, eta Begonia Santa-Ceciliaren akuarelak.
Hitzak palmondo
Silvia Federici Amaia Astobiza Uriarte Begonia Santa-Cecilia
Argitaletxea Txalaparta
Egileak
Silvia Federici (Parma, 1942). Pentsalaria, idazlea eta unibertsitate-irakaslea da. XX. mendearen amaieraz gero, berebiziko garrantzia izan du pentsamendu feminista eta marxistaren zenbait korronteren bilakaeran. Metatze primitiboaren forma desberdinei buruzko haren azterketak eta lan erreproduktiboa kontzeptualizatzeko haren moldeek ekarpen handia egin dute, eta ekarpen hori zabal aipatu eta eztabaidatu izan da. 1980ko hamarkadan, Nigeriako Port Harcourt-eko Unibertsitatean lan egin zuen, eta Afrikako Askatasun Akademikorako Batzordearen sorreran parte hartu zuen. 1987 eta 2005 bitartean, New Yorkeko Hofstra Unibertsitatean jardun zuen, irakasle eta ikertzaile. Argitaratutako lan ugarien artean, Caliban eta sorgina (Eskafandra, 2017) entzutetsua da irakurriena.
Begonia Santa-Cecilia (Madril, 1964). Artista bisuala da, eta Madril eta New York artean egin zituen ikasketak. New Yorken, Giza Zientzietan eta Arte Ederretan graduatu zen, New School eta City University unibertsitateetan. Jardun artistikoari dagokionez, maiz nahasi ditu material piktorikoak eta beste material arrunt batzuk, baita soberakinak edo alde batera utziak ere, eta zeregin hori eskuarki «arte»tzat jotzen ez diren eguneroko jarduera kolektibo batzuekin uztartzen du: sukaldaritza, meditazioa, dantza, sendakuntza, abegikortasuna, elkarrizketa, hazkuntza eta beste zaintza mota batzuk. Pinturatik, argazkigintzatik eta bideogintzatik abiatuta, espazioa eta bizitza (gizatiarra eta ez-gizatiarra) irudikatzeko moldeak ikertzen ditu. Hizkuntzarekin ere lan egin izan du, oroimen afektiboaren kokagunetzat hartuta, baita helduen normalizazioaren aurkako esperimentaziotzat ere. Pentsamendu eta aktibismo politikoko zenbait taldetan parte hartzen du.
Silvia Federiciren lan gehiago
Erlazionatutako edukiak
Julio Cortazar euskaraz irakurtzearen kapritxoa | Jon Alonso
2019.02.13
Bizitza baten hamasei lekuko
2021.03. 1
Hautsi da kanpaia
2022.03. 3
Iruzkinak 0 iruzkin